Auritz du orain bizitoki, baina handik Atarrabiara mugitu da Xanti Begiristain Madotz (Etxarri, Larraun, 1958), herriko irakurketa taldeak kultur etxean egindako saioan parte hartzera. Euskararen inguruan mugitzen da Begiristain; 20 urte zituenetik, aulki gurpildun batean. Muskulu distrofia progresiboa du. Irakasle eta zinegotzi ohia, idazlea eta euskaltzalea. Hamaika hedabidetan izan da kolaboratzaile. Jakin-min handiko gizona, eta konprometitua. Hori eta gehiago da Begiristain. Atarrabian, kultur etxeko pareten babespean, atzera bota du begirada.
Taxi batean jaio zinen?
Bai, Etxarritik Iruñera bidean, Añezkarko aldapan. Kontua da etxean inoiz ez zidatela hori kontatu!
Eta nola jakin zenuen?
Lizarratik Allora bidean, behin, lehengusu batek esan zidan bide hartako benta batean jaio zela, ni bezala. Handik zenbait egunera, ama bakarrik harrapatu nuen etxean, eta galdetu nion; orduan kontatu zidan dena. Ordurako 35 urte edo gehiago nituen! Jaio nintzen arratsalde hartan, antza, ama eta aita belarretan aritu ziren. Aita gurdi gainean, eta ama sardearekin belarra botatzen. Batere arazorik gabe jaio omen nintzen; Iruñera eraman ninduten zilbor hestea moztera.
Behiko Borda baserriko semea zara. Zer oroitzapen duzu?
14 urte bete arte han bizi izan nintzen. Gero, Iruñera etortzen hasi nintzen, ikastera. 12 urte bete arte Etxarriko eskolan aritu nintzen, eta gero Lekunberrira joan nintzen, hurbilago zegoelako. Baserriko oroitzapenak politak dira. Gogoratzen dut 4 urte eta erdirekin-edo hasi nintzela okerrago ibiltzen. Muskulu distrofia progresiboa dut.
Jaiotzetik duzu gaitza?
Segur aski, bai. Ni orduan hasi nintzen sumatzen, 4 urte bete eta gero. Gaitzak eragiten zidan indarra galtzea; tendoiak, gainera, motzak nituen. Horregatik, txikitan oinen puntekin ibiltzen nintzen. Halere, aritzen nintzen han udan belarretan. Sei anai-arreben artean txikiena naiz. Ni saiatzen nintzen gauzak egiten.
Etxean nola hartu zuten?
Poliki-poliki egin nuen okerrera. Gogoratzen dut aita eta ama, batez ere, kezkatzen hasi zirela, ikusten zutelako zerbait gaizki zegoela. 12 urte nituenean, hanketako tendoiak luzatzeko ebakuntza bat egin zidaten, eta 14 urterekin, berriz. Indarra galtzen segitzen nuen, halere.
Aulkia noiztik erabiltzen duzu?
20-21 urterekin-edo hasi nintzen. Gogoan dut behin, aulkia erabiltzen hasi baino lehen, Iruñeko mediku batek gurasoei esan ziela, nire aurrean, aulkia erabili beharko nuela noizbait eta komeni zela eserita lan egiteko aukera emanen zidaten ikasketak egitea. Nik orduan 12-13 urte izanen nituen. Niretzat ez da prozesu traumatiko bat izan. Dramatismorik gabe bizi izan dut egoera hau guztia beti. 50 urtera arte egin dut lan.
Irakasletza ikasi zenuen, eta irakasle aritu zara, hain zuzen.
Ikasketak amaitu eta gero, zenbait urtez egon nintzen oposizioetara aurkeztu gabe. Halako batean, ezagun batek esan zidan oposizioak aterako zirela. Toki bat eskuratu nuen. Hori 1991. urte inguruan izan zen. Hezkuntzakoek galdetu zidaten ea zer egin nahi nuen, eta nik helduekin aritu nahi nuela esan nien. Iruñeko Sanduzelai auzoan zegoen Miluze euskaltegia. Kontua zen eskailerak zeudela, eta bi ikasturte behar izan zituzten nik eskailera horiek igo ahal izateko plataforma jartzeko. Bitartean, Zizur Nagusiko eskola publikoan aritu nintzen. Hura ere ez zen oso ongi egokitua. Garraio publikoa ere ez. Neure kabuz joan behar izaten nuen. Gero hasi nintzen Gurutze Gorrikoekin. Irakasle, gero, euskaltegietan aritu naiz, batez ere. Hasieran, gau eskolan, AEKn; gero, hizkuntza eskolan aritu naiz, batez ere, Nafarroako Gobernuaren ikastaro trinkoetan irakasle.
Elbarrien eskubideak aldarrikatu dituzu beti, eta herrietako eta hirietako oztopo arkitektonikoak salatu dituzu. Urrats gutxi egin dira?
Kalean, leku ofizial gehienetan gauzak aldatu dira; egoera bestelakoa da denda edo taberna pribatuetan. Beharrezkoa da salatzea. Nik ez dut egin bokazioz; behar zelako egin dut. Orandik ere, ikusten dudan zerbaitek asko amorratzen banau, horri buruz idazten dut, salatzeko.
Zerk amorratzen zaitu, adibidez?
Auritzen bizi gara orain. Handik hurbil dugu Orreaga, eta hango kolegiata oraindik ere ez da irisgarria. Ez dute deus egin irisgarri bilakatzeko. Iruñeko zinegotzi izan nintzenean, saiatu nintzen zerbait egiten, baina batzuek eta besteek elkarri egozten zioten ardura. Kontua da Orreagan ere badirela kontzertuak eta gisako ekinaldiak, eta denok ezin dugu gozatu. Berdin gertatzen da toki askotan. Behin, Nagorera joan nintzen dokumental bat ikustera. Udalaren etxe batean ematen zuten, ganbaran. Igogailurik ez zen, ordea, eta aulkia utzi eta besoetan eraman behar izan ninduten. Igo nintzen, baina halakoak deserosoak dira. Askotan nahiago dut ez joan.
«Mediku batek gurasoei esan zien komeni zela eserita lan egiteko aukera emanen zidaten ikasketak egitea»
Azaroaren 30ean greba feminista orokorra izan zen Hego Euskal Herrian, zaintza lanak erdigunean jartzeko. Zaintza lanak egiten dituztenak ez ezik, zaintza hori behar eta jasotzen dutenak ere nabarmendu beharko lirateke?
Uste dut egia dela gehiago nabarmendu dugula zaintza lanak egiten dituztenen egoera. Nik aspalditik behar dut zaintza. 2010era arte, nahiko ongi moldatzen nintzen. Baina erori, eta femurra hautsi nuen, eta okerrera egin nuen. Duela bi urte berriz erori, eta hiru hezur hautsi nituen. Osatu naiz, baina, bai, laguntza behar dut ohera sartzeko, altxatzeko, komunera joateko… Ez dut asko pentsatu horretan, baina gai serioa da. Zuek ere, luze bizitzeko zortea baduzue, beharko duzue norbaitek zaintzea. Gauza bat bai ikusten dudala oso gaizki egina…
Zer?
Nafarroako zahar etxe gehienak pribatuak direla. Nik argi dut publikoak behar dutela izan; langileek baldintza onak behar dituzte, eta izan daitezela txikiagoak, ez erraldoiak, egun egiten dituztenak bezala, egoitzetan daudenek zaintza on bat jaso dezaten. Pertsonak jarri behar dira erdigunean, eta horretan inbertitu. Gauzak askoz hobe egin daitezke, baina…
Etxean daudenentzako laguntzak ere urriak direla salatu izan duzu.
Niri 249 euro ematen dizkidate. Kopuru bera duela hamar bat urtetik. Diru hori da, ustez, behar dudan laguntza emanen didanari ordaintzeko. Noski, diru horrekin ezin da soldatarik ordaindu. Badakit lor daitezkeela bestelako laguntzak, baina orduan askatasuna galduko nuke. Auritzen bizi gara emaztea eta biok, eta harat eta honat mugitzen gara biok. 72 urte ditu…
LARREKO SARIA. Xanti Begiristainek Euskalerria Irratiaren Larreko saria jaso zuen 2008. urteko ekainean —irudian, saria emateko ekitaldia, Iruñean—, euskararen alde egindako lanagatik. Lan horren lagin bat da Begiristainek 1999. urtean argitaratutako Barreak eta haserreak (Txalaparta) liburua ere. IÑIGO URIZ / FOKU
Kezkatzen zaitu etorkizunak?
Badakit zein den errealitatea. Kezkatzen nau pixka bat, baina ez gehiegi.
Elbarrien eskubideen alde egin duzu; bai eta hizkuntza eskubideen alde ere. Euskalgintzako militante sutsua izan zara beti.
Eta ez dakit askok ote dakiten, baina ni euskaldun berria naiz, baserri batekoa izan arren. Amak ez zekien euskaraz. Aita goiz hil zitzaion, eta familia Iruñera mugitu zen. Aitak bai, bazekien euskaraz. Uitzikoa zen. Baina etxean ez zigun euskaraz egiten.
Non ikasi zenuen zuk, orduan?
12 urterekin hasi nintzen, ebakuntza egin zidatenean bi hanketan. Lekunberriko apezak, Jesus Jaimerenak, meza emateaz gain, pilotan aritzen irakasten zigun, txistua jotzen… Behin, liburuxka bat ikusi nuen, euskaraz, eta eskatu nion. Horrela hasi nintzen.
Eta nola bilakatu zinen euskararen militante?
Orain Euskaraldia egiten da. Bada, ni urteotan konturatu naiz nik hasieratik jokatu dudala Euskaraldian bezala. Beti izan naiz ahobizi. Ikasten hasi nintzenean, zerbait esateko gai izan bezain pronto saiatzen nintzen batzuekin eta besteekin euskaraz egiten. Hasieran zaila zen, erdaldun ezagutu nindutelako. Eskolan, lehen maistra Zaragozakoa izan nuen, baina bigarrena euskalduna izan genuen, Errazkingo Oreja pilotarien arreba, eta hark, gutxienez, kantak erakusten zizkigun euskaraz.
Bertzeen irakasle izan zara gero. Garrantzitsua izan da zuretzat?
Bai, oso garrantzitsua. Hau izan da nire bizimodua. Udaletxean egon nintzen denbora kenduta…
Xanti Begiristain, abendu bukaeran, Atarrabiako kultur etxean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Politikari euskaldun anitzek ez dute euskara erabiltzen erakundeetan. Zer deritzozu?
Ni udaletxean egon nintzenean, gogoan dut harrituta gelditu nintzela, behin nonbaiten argitaratu zutelako Iruñeko udaletxea zela euskara gehien entzuten zen erakundea; eta hiru besterik ez ginen euskaldunak: Javier Eskubi, Ainhoa Aznarez eta hirurok. Nik aukera zegoen guztietan egiten nuen euskaraz.
Batzuek, aukera izanda, ez dute egiten.
Hala da, eta ni oso kritikoa naiz jarrera horrekin. Noizbait idatziko dut horri buruz. Madrilen, orain aukera badutela, dakitenek beti egin beharko lukete euskaraz. Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean ere bada aukera. Nik beti egin nuen. Prestigio kontua da, eta guk eman behar diogu.
PSN kontrakoa egiten ari da?
PSN ikusten dut bi uren artean, itxurak egiten. Uste dut UPN izatea baino hobe dela PSN, baina egiten dutena beste erremediorik ez dutelako egiten dute, eta askoz gehiago egin ahalko lukete.
Azkenaldian, Erriberan sortu dira euskararen aldeko ekinaldi nagusiak; zer iruditzen zaizu?
Oso berri ona dela. Pozgarria da. Zaila da, baina erakusten ari dira hor daudela hango euskaldunak, badutela kezka hizkuntzarekin.
Zonifikazioaren aurka ari dira, bertzeak bertze. Noiz lortuko da urrats hori egitea?
Nik esperantza badut. Bestela, aspaldi eman izanen nukeen amore. Txarrena ez da ez digutela laguntzen, txarrena da oztopoak jartzen dizkigutela. Utziko bagintuzte egiten… Baina aurrera egiten dugula sumatzen dutenean, trabak jartzen dizkigute, eta hori egiten dute, gainera, euren legeak betetzeari utzita.
PSNk eta EH Bilduk akordioa lortu dute, eta Cristina Ibarrola kendu dute Iruñeko alkatetzan. Behar zen gisa horretako akordio bat?
Oso ongi iruditzen zait akordioa egin izana, eta uste dut arrazoiak bazituztela lehenago ere egin izateko. Ez dakit zein neurritan izanen den ona akordioa, baina niretzat aurrerapauso bat da.
«Madrilen, orain aukera badutela, dakitenek beti egin beharko lukete euskaraz; Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean ere bai»
Bada garaia EH Bildurekin akordioak lortzeko aukera joko politikoaren ohiko urrats gisa hartzeko?
Aralar eta Irati irratietan aritzen naiz kolaboratzaile, eta askotan aritzen gara kontu horietaz. Nik askotan esaten dut PPk, Voxek eta horiek ETAren gaia ateratzen dutela ez dutelako beste argudio hoberik. Beti jo behar dute iraganera.
Nolatan erabaki zenuen zuk politikan sartzea?
Ni ez naiz sentitzen politikari; zaletasunik ere ez dut. Baina HBk 1995ean Iruñeko Udaleko zerrendan sartzeko proposamena egin zidanean, baietz esan nuen. Gero Euskal Herritarrok-en zerrendetan sartzeko ere deitu ninduten, eta baietz esan nuen berriz.
Gero Aralarren sartu zinen.
Bai. 2003tik 2007ra Aralarrekin izan nintzen zinegotzi Iruñean. Erosoago sentitzen nintzen. [ETAren] Atentatuak gertatzen zirenean, nik ezin nituen justifikatu. Kontraesanak sortzen zitzaizkidan. Aralar sortu zenean, bileretara joaten hasi nintzen, eta zerrendan sartu nintzen azkenean. Gogorra izan zen. Baina gustura amaitu nuen egindako lana, lau urteak eman nituelako. Gero Nafarroa Bai sortu zen, eta prozesu hura ere positiboa izan zen.
Orain Auritzen bizi zara. Herriak husten ari diren garaian, kontrako bidea egin duzu. Lasaiago bizitzeko?
Egia esan, deus eskatu gabe, ateratzen zaizkit lanak! Mailope aldizkariko zuzentzaile taldean ari naiz, duela hamar urtetik. Atarrabiako eta Aurizperriko irakurketa taldeetan ere banago. Auritzen, gainera, Garaitzeko Asi elkartea dago, eta gauza pila antolatzen dituzte. Aspertzeko denborarik ez dugu. Halako ekinaldiak ere badira herrien husteari aurre egiteko bide bat. Auritzen ni gustura bizi naiz.
Auritzen segitzen duzu txistua jotzen?
12 urterekin-edo Lekunberriko eskolara joaten nintzen. Hango apaiza etxera etorri zitzaidan behin bisitan, eta poxpolin bat eta berak idatzitako musika koadernotxo bat ekarri zizkidan. Neure kabuz hasi nintzen ikasten, eta, gero, Iruñean, kontserbatorioan hasi nintzen. Orain kostatzen zait jotzea. Aritzen naiz, baina nire arnasa hartzeko ahalmenak behera egin du. Bi txistu ditut: batekin bigarren ahotsak jotzen ditut, aire gutxiago behar delako; eta bestearekin, berriz, lehen ahotsak, baina tonalitate baxuagoan. Egokitzea da kontua, gozatzen segitzeko.
MOTZEAN
Liburu bat? Ibrahaima Balde eta Amets Arzallusen Miñan.
Toki bat? Aurizko Pagazi gure etxea: eguzkia dagoenean, baratze ondoan; bestela, barruan.
Gustuko duzun plater bat? Entsaladak. Badira tokiko eta garaiko osagaiekin eginak, hobeki. Entsalada niretzat ia ezinbestekoa da.
Kantu bat? Beste askoren artean, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean. Musika eta hitzak, biak dira oso egokiak.
Zer eskatzen diozu hasi berri den urteari? Badakit utopia dela, baina, eskatzen hasita, munduko gerra guztiak gelditzeko eskatuko nuke.
Zer ez zenuke nahi gertatzea?
Ez dut nahi armen industriak aurrera egitea, ezta klima aldaketak aurrera egitea ere.