«Urte oso ona» izan zen iazkoa, Iruñeko Orfeoiaren zuzendari Igor Ijurraren hitzetan (Etxarri Aranatz, 1973). Halere, aurten «lasaiago» hasiko direla azaldu du etxarriarrak, 2024-2025 denboraldiari indarberriturik ekiteko. Eskaintza oparoa aurkeztu dute: a capella musika, proiektu sinfonikoak eta beste. Iruñean ez ezik, Nafarroako herrietan ere eginen dituzte emanaldiak, Musika Nafarroan zikloaren barruan. Nobedade gisa, Haydnen Die Jahreszeiten (Urtaroak) obra ekarriko dute Nafarroara. Halaber, koruen inguruko kultura zabaltzeko ekintzak antolatu dituzte: Nafarroako Heziketa Zentroen Koru Sareak laugarren aldia izanen du aurtengoa, eta Enpresa Koruen Txapelketak, berriz, bigarrena.
Emankorra izan zen 2023a?
Pandemia batetik gatoz, eta eragin handia izan du gure sektorean, okerrerako. 2023an itzuli ginen normaltasunera. Egitarau ona izatea lortu genuen: Masaaki Suzuki organistarekin aritu ginen, Bilbon, eta, besteak beste, Madrilgo Auditorium Nazionalean izan ginen Donostiako Orfeoiarekin, XVIII. Mendeko Orkestra talde espezialistarekin ere abestu genuen… Oso pozik gaude.
Merkatu zail batean zabiltzatela esan izan duzu.
Bai. Alde batetik, hainbat ikusle ez dira itzuli pandemiaz geroztik; batez ere, hirugarren adinekoak direnak. Bestetik, gazteak erakartzeko zailtasuna ere hortxe dago. Publikoa erakartzeko krisian gaude. Gazteek musika konkretu bat entzuten dute, eta ez dira hortik ateratzen. Arrotza egiten zaie abesbatzen musika, eta ez naiz ari Bachez, kuadrilla batean abesteaz baizik. Ahozko tradizioa eteten ari da; kalean, etxean… jada ez da abesten.
Zer egin gazteak erakartzeko?
Abestu. Txikitatik abestu. Zergatik maite dute haurrek hainbeste kirola? Txikitatik aritzen direlako. Gauza bera dantzan edo gainerako diziplina artistikoetan.
Hezkuntzak ere badu ardurarik?
Nahitaezkoa da abestearen kultura hezkuntzan sustatzea. Musika eta arteak eskolaratu behar ditugu, eta abesbatzen musikari ere garrantzi handiagoa eman; kontserbatorioetan, bereziki. Abesbatza batek duen balioa ezagutarazi behar dugu; auzolana da, talde lana.
«Nahitaezkoa da abestearen kultura hezkuntzan sustatzea. Musika eta arteak eskolaratu behar ditugu»
Horregatik sortu zenuten Nafarroako Heziketa Zentroen Koru Sarea?
Nahiago genuke hori ez egin, sistemari baitagokio hori sustatzea. Lau eskolatako 475 haur ariko dira, baina zentro guztiek eman beharko lukete izena.
Nola funtzionatzen du?
Laugarren aldia da aurtengoa. Eskoletako haurrak joaten dira gure koruak entzutera, eta, ondoren, abesti bat prestatzen dute, denen artean eginen dutena. Azkenik, kontzertu bat egiten dute. Hor badago harreman bat, eskolekin egiten dugun prozesu bat.
Orfeoiak ere badu Koru Eskola.
Bai. Zerbait polita ari dira egiten, eta sumatzen da gogotsu dabiltzala. Hiru taldek osatzen dute, adinaren arabera sailkaturikoak: haurrak, nerabeak eta gazteak. Hirurogei pertsona dira orotara, eta saiatzen gara ahal den heinean obraren bat haiekin egiten.
Enpresa Koruen Txapelketa ere egiten duzue.
Zaletasuna sortzeko beste modu bat da. Iragan irailean hasi zen bigarren aldia, eta maiatzaren 25ean izanen da finala. Nafarroako Merkataritza Ganberarekin batera egiten dugu. Aurten, zazpi enpresa ariko dira; tartean, NUP eta Cinfa. Parte hartzaileek derrigorrezko obra bat eta hautazko beste bat abestu beharko dituzte finalean.
«Gizartea aldatuz doa; hausnarketa bat egin beharra dugu, gure bidea zein izanen den erabakitze aldera»
Egitarau oparoa prestatu duzue urte honetarako. Zer azpimarratuko zenuke?
Ekainaren 14an eta 15ean Valentziako Palau jauregian izanen gara, Carl Orffen Carmina Burana obrarekin. Irailaren 5ean Soriara [Espainia] joanen gara, NOS Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin Mozarten Requiem ontzera. Madrilen izanen gara abenduaren 18an, Auditorium Nazionalean: Beethovenen IX. sinfoniarekin ariko gara, NOS eta Juanjo Menarekin. Nobedade gisa, Haydnen Die Jahreszeiten [Urtaroak] ekarriko dugu Baluartera, NOSekin batera, maiatzaren 30ean.
Estreinakoz eginen duzue Haydnen Die Jahreszeiten?
Bai, eta lehen aldiz egingo dugu Nafarroan, guk dakigula. Orkestra Sinfonikoarekin eginen dugu. Urtaroak deskribatzen ditu; era oso deskriptiboan, gainera.
Nafarroako herrietara ere joanen zarete?
Erriberrin egon gara, eta Atarrabian ariko gara martxoaren 22an, Musika Nafarroan zikloan. Leitzan ere abestuko dugu, maiatzaren 4an, Jeiki Koralaren urteurrenaren karira. Saiatzen gara orkestrekin egiten ditugunak herrietara eramaten, pianoarekin bada ere. Nahasten ditugu euskal melodiak, liturgikoak…Kontrastea eramaten saiatzen gara. Izan ere, hori da gure helburuetako bat: musika herrietara eramatea.
Koru amateurra zarete, baina profesionalen ligan zabiltzate…
Bai, eta geroz eta zailagoa da, gizartea aldatuz baitoa. Duela bizpahiru hamarkadako eskema batzuen pean jarduten dugu, eta hausnarketa bat egin beharra dugu, gure bidea zein izanen den erabakitze aldera.
Pentsatu duzue profesional izatea?
Diru asko behar da. Badira pare bat orkestra pribatu estatuan, baina koru pribatu profesionalik ez dut ezagutzen. Etorkizunean hausnartu beharko genuke erdi profesionalizatzea, agian, hau da, talde finko bat izatea, abeslari profesional zein amateurrez osaturikoa, malgutasun handiagoa izateko. Baina, oraingoz, ezinezkoa da, egitura txikia baikara, diru sarrera mugatuekin.