Igandean dute azken saioa: Irunberriko Arangoiti ikastolako gurasoak, irakasleak eta ikasleak auzolanean ari dira ikastetxeko jolastokia atontzen, eta duela zenbait aste hasitako lanak burutzeko eginen dute bat bihar. 09:00etan hasi, eta 14:00ak arte ariko dira.
Ikastolako jolastokia moldatzeko asmoa duela hiruzpalau urte sortu zen Arangoitiko kideen artean. Pandemia pasatuta, eta ikastetxeak jada berrogei urteko bidea egina duela kontuan hartuta, zentroa berrantolatzeko eta egokitzeko bide bat hasi dute ikastolan. «Iaz, gela guztiak isolatu genituen», kontatu du Iraide Ongai lehendakariordeak. Auzolanean aritu ziren gurasoak, orain bezala.
Irunberriko ikastolako kideen auzolana, jolastokia moldatzeko. NAFARROAKO HITZA
Ikastolako batzorde pedagogikoaren barruan sortu zen jolastokiari buruzko kezka. Irakasleekin bat egin zuten batzordeko kideek, eta, ikasleen artean gaia landu eta gero, lanean hasi ziren. «Asmoa da inor baztertuko ez duen jolastoki bat lortzea. Gaur egun, ikasleen %10ek jolastokiaren %90 erabiltzen dute», nabarmendu du Ongaik. «Gure jolastokiak baztertzaileak direla ohartu gara, eta egoera horri aurre egiteko beharra ikusi dugu», erantsi du.
Zehazki, futbolean aritzen direnek erabiltzen dute jolastokia batez ere. «Jolastokia beste modu batera erabili nahi dutenak hori egiteko aukerarik gabe gelditzen dira. Espazioa egokitzea da kontua, denek toki bat izan dezaten», berretsi du Iraide Ongaik.
Elkartasunaren balioa
Hasierako saioetan, materiala erosteko eta jolastokiko eremua lanerako prestatzeko aritu ziren auzolanean. «Azken saioan margotzen aritu ginen, besteak beste». Margotzen segitu beharko dute igandean ere; izanen dute bertze lanik: «Eszenatoki txiki bat prestatu dugu, eta hura jarri behar dugu; gainera, arbela handi bat jarri nahi dugu, umeek marrazteko erabil dezaten», zehaztu du Irunberriko ikastolako lehendakariordeak.
Gurasoen inplikazioa nabarmendu eta eskertu du Ongaik. Irunberriko ikastolan ederki dakite auzolanak eta elkarlanak garrantzi handia dutela; lezio hori irakatsi zien 2003ko Nafarroa Oinez bestan gertatu zenak: bertan behera utzi behar izan zuten, euriak aparkatzeko tokiak hondatu zituelako. Ikastolak, baina, milaka herritarren elkartasunari esker, aurrera egin zuen. «Gazteek ez dute gertatu zenaren berri, eta inportantea da orduko elkartasun horrek izan zuen balioa transmititzea».
«Jolastokia beste modu batera erabili nahi dutenak hori egiteko aukerarik gabe gelditzen dira. Espazioa egokitzea da kontua, denek toki bat izan dezaten».
IRAIDE ONGAI Irunberriko Arangoiti ikastolako lehendakariordea
Aurten Zangozan ospatuko dute Nafarroa Oinez besta. Irunberritik, hain zuzen, nerabe anitzek egiten dute Zangozarako bidea, egunero, Derrigorrezko Biharren Hezkuntzan aritzeko. «Arangoiti ikastolan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ditugu», azaldu du Ongaik. Ondorioz, euskaraz ikasten segitzeko, Zangozara joaten dira ikasle anitz; bertzela, sare publikoan euskaraz ikasteko —gaztelaniazko DBHko institutua Zangozan dago—, Iruñera joan behar dute. Garraiorik ez dute, ordea. «Batxilergorik ere ez dugu; onartua dago Zangozan institutu bat eraikitzea Pirinioetako herriontzat, baina oraindik ez dute egin».
Ongai irakasle aritzen da Burlatako Askatasuna institutuan; lanerako bidaiak aprobetxatu ditu alaba zentro horretara eramateko, hain zuzen. Bertzela, aukeretako bat zen Zangozatik Iruñera bidea egiten duen autobusak hartzea Irunberriko ikasleak: «Autobusa, baina, ez da herrian sartzen; ikasleek herrigunetik bi kilometrora dagoen errepideko biribilgunera mugitu beharko lukete; Burlatara eraman ordez, gainera, autobusak Iruñean utziko lituzke. Ez da aukera batere egokia», erran du Ongaik. Garraioak kezkatzen du; orain, baina, igandeko auzolana du buruan. Ziur da herritarrek hutsik ez dutela eginen.
Artea Oinez, Kondestablearen jauregian
Nafarroa Oinez bestaren itzalpean egiten diren ekitaldien artean klasiko bilakatu da Artea Oinez erakusketa. Aurten ere osatu dute, eta Iruñeko Kondestablearen jauregian paratu dute, datorren maiatzaren 19ra bitarte.
Diziplina anitzeko lanak jaso dituzte erakusketan. Denera, 81 artistak hartu dute parte aurtengo aldian. Nafarroako Ikastolen Elkarteak artista horietako bat omendu nahi izan du, hain zuzen, eta eskertu eta nabarmendu ikastolen alde egin duen lana: Miren Doiz nafarrak jaso du herrialdeko ikastolen aitortza. Artea Oinez erakusketan hainbat aldiz parte hartu du Doizek. Omenaldia eskertu zuen inaugurazioan.