«Ez dago sarrerarik!». Ihitz Iriartenak dira hitzak, duela astebete erranak. Jakin-min handia piztu du Iruñeko Zaldiko Maldiko elkarteko kantu tailerrak prestatu duen Julia Fernandez Zabaleta. Emakume aitzindariak pastoralak, eta aurkeztu bezain laster amaitu ziren antolatu dituzten bi emanaldietarako sarrerak. Bihar eginen dute estreinaldia: 17:00etan, Iruñeko San Frantzisko eskolako jolastokian. Bigarren saioa, berriz, maiatzaren 12an, 11:00etan, toki berean. Julia Fernandez Zabaleta maistraren omenezko lan bat da Zaldiko Maldikokoen pastorala, eta aitortza egin nahi dio, bertzeak bertze, Fernandez Zabaletak hezkuntzaren eta euskararen alorretan egin zuen bideari.
«Ezezaguna da jende gehienarentzat». Horixe nabarmendu zuen Zaldiko Maldikoko Kike Diez de Ulzurrunek, apirilaren 15ean, pastorala aurkezteko elkartean egindako agerraldian. «Nik ez nuen batere ezagutzen», aitortu du Ihitz Iriartek. Zaldiko Maldikoko kidea da Iriart ere, eta Julia Fernandez Zabaletari buruzko pastoraleko errejenta. Diez de Ulzurrunek maistrari buruz bildutako informazioa hartu dute elkarteko kideek lana osatzeko oinarri; Mikel Taberna idazlea arduratu da, nagusiki, ikerketa egiteaz. Hark idatzi du pastorala, hain zuzen, artxiboak arakatuz eta ikertuz deskubritu duten emakumearen berri zabaltzeko. Fernandez Zabaleta maistra izan zutenekin mintzatu da Taberna, eta ikasleok nabarmendutakoa kontatu du idazleak: «Emakume alaia, indartsua eta kementsua» izan zela.
Iruñeko Zaldiko Maldikoko kideak, apirilaren 15ean, egoitzaren kanpoko aldean, Julia Fernandez Zabaletari buruzko pastorala aurkezteko agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Julia Fernandez Zabaleta (Iruñea, 1898-1961) hiriburuko Dormitaleria karrikan sortu zen; Ziraukikoa zuen ama, Concepcion Zabaleta Apestegia, eta aita, Valentin Fernandez Garcia, Mendigorrikoa; Valentin izeneko anaia zuen. Fernandez Zabaletak irakasle ikasketak egin zituen Iruñean, eta hiriko San Frantzisko eskolan aritu zen lanean, 36ko gerra aurrean. Kike Diez de Ulzurrunek nabarmendu du gazte-gaztetik agertu zuela irakasbidea berritzeko nahia, eta Iruñeko Udalak emandako beka bati esker, Maria Montessori pedagogo italiar eta sona handikoaren ikastaro batera joan zela, Bartzelonara, 1916an. «18 urterekin, Montessorirengana joateko ausardia izan zuen. Harekin ikasitakoari, gainera, ekarpen propio bat egin zion, eta lan egin zuen iraskabide berriak Iruñean ezartzeko», erantsi du Tabernak.
Euskararen alde
Fernandez Zabaletak gaztetan ikasin zuen euskara, ez baitzuen etxean jaso. 1922an hasi zen ikasten, Nafarroako Diputazioak Iruñeko maisu-maistren ikastetxean jarritako eskoletan. Ikasten hasi eta lehen urtean berean, hitzaldi bat eman zuen Donezteben, Euskaltzaindiak antolatutako ekitaldi batean. «Beste nafar asko bezala, doneztebarrak ere nahigabez dira, Nafarroako eskubideak egunero suntsitzen ari direlako, eta gure eskubideekin batera, herriaren mamia ere bai, gure ondasuna eta aberastasuna. […] Gure arimako eta gorputzeko ondasunak, gure eskubideak, nahi baditugu, izan gaitezen euskaldun zintzoak», erran zuen.
Julia Fernandez Zabaletari buruzko Zaldiko Maldikoren pastorala; irudian, apirilaren 28ko entsegua, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Doneztebekoa ez zen izan Fernandez Zabaletaren hitzaldi bakarra. Donostian, Euskal Esnalea elkarteak antolaturik, Emakumeen etorkizuna izenburuko solasaldia egin zuen; ekitaldi hartan, diskurtso feministaren alde egin zuen Iruñeko maistrak. Euskararen eta euskal kulturaren alde abiarazitako hamaika ekimenetan inplikatu zen; bertzeak bertze, Eusko Ikaskuntzak eta Euskararen Adiskideak elkarteak antolatutakoetan. 1925ean sortu zuten Euskararen Adiskideak elkartea eta helburuetako bat zuen euskal eskola sortzea. Xede horrekin bat egin zuen Fernandez Zabaletak, eta harekin batera aritu ziren ere Catalina Alastuey eta Maria Biskarret maistra iruindarrak.
Politikan ere bide bat egin zuen Fernandez Zabaletak, Kike Diez de Ulzurrunek jaso duenez: Nafarroako Emakume Abertzale Batza erakundearen sorrera sustatu zuen, eta EAJko mitinlari «gartsuenetariko bat» izan zen, Espainiako Bigarren Errepublika garaian.
«Jendea prest ikusi dugu, galdetu dugu, eta nahi zuten kanpoan eman, eta orduan hasi gara kanpoan emateko prestatzen».
IHITZ IRIART Zaldiko Maldikoko kidea, Julia Fernandez Zabaletari buruzko pastoraleko errejenta
1936ko kolpe militarrak hankaz gora jarri zituen Fernandez Zabaletaren asmoak. Bilbora joan zen, lehendabizi, eta handik, gero, Lapurdira. Gerra bukatuta Iruñera itzuli zen. Lanposturik ez zuen, frankistek kaleratu baitzuten. Ondorioz, ikastetxetik kanpoko eskolak ematen hasi zen. Iruñeko Udalak 1958an eman zion lanera itzultzeko baimena maistrari, eta zeregin horretan aritu zen hiriburuko Vazquez de Mella eta Alcazar ikastetxe publikoetan, 1961ean hil zen arte. Txerto batek eragindako erreakzio alergikoaren ondorioz zendu zen.
Julia Fernandez Zabaleta maistra. IRUÑEKO UDAL ARTXIBOA-NAFARROAKO MUSEOA
Kike Diez de Ulzurrunek hasitako bidetik, Fernandez Zabaletari buruz idatzitakoak bilatzen eta biltzen aritu da Mikel Taberna, pastorala idazteko. Aurkitu dituzten argazkiak eta agiriak pastoralaren liburuxkan jaso dituzte. Tabernarentzat lehen esperientzia izan da oraingoa pastoral baten idazketan, eta eskertu du Ihitz Iriart errejentaren laguntza. Iriartek zuzendu zuen Zaldiko Maldikok eta bertze zenbait eragilek 2015ean Joxemiel Bidadorren inguruan egindako pastorala ere.
Errejentak ongi zehaztu ditu lan prozesuaren baldintzak hasieratik, eta oinarri nagusi bat jarri du mahai gainean: talde lana. «Nehork ez sufritzeko, ardurak denen artean banatzea», dio. Hasieran, kantu tailerraren barruko ariketa gisa proposatu zuten pastorala egitea: «Jendea prest ikusi dugu, galdetu dugu, eta nahi zuten kanpoan eman, eta orduan hasi gara kanpoan emateko prestatzen», azaldu du Iriartek.
Julia Fernandez Zabaletari buruzko Zaldiko Maldikoren pastorala iragartzeko afixa. OIER ZUÑIGA
2022. uztailean hasi zuten pastorala osatzeko bidea. «Poliki egin dugu aurrera, ez genuelako nahi nehork ardura handiegirik hartzea, bideaz gozatzeko». Pastorala aurkeztu eta gero, baina, pixka bat estutu dute entseguen erritmoa, eta urduritasunak ere gora egin du Zaldiko Maldikoko kideen artean. Bi emanaldi baino ez dituzte lotu, Iriartek berretsi duenez, ez dutelako bidean sufritu nahi: «Bi emanaldi antolatu ditugu, eta ez dugu beste deus aipatu». Zaldiko Maldikoko kideek ez dute saio gehiago egiteko aukera erabat baztertu, baina nabarmendu dute «zaila» dela pastoral bat antolatzea eta ematea. «Gu ez gara profesionalak, eta ez dugu amateur kutsu hori galdu nahi», erran du Iriartek.
«18 urterekin, Montessorirengana joateko ausardia izan zuen; harekin ikasitakoari, gainera, ekarpen propio bat egin zion, eta lan egin zuen iraskabide berriak Iruñean ezartzeko».
MIKEL TABERNA Idazlea
Sorkuntzaz egin du gogoeta Iriartek, eta garbi erran du pastoral bat egiteko behar diren lanordu boluntarioak ezin direla ordaindu. «Ez dago biderik ere gauzak errazteko; apustu polita litzateke, baina egun errazagoa da industria bultzatzea, eta ez herrikoia. Bada gogoa, bada sormena, baina beti dira beraiek ari direnak, eta oztopo berdinak izaten dituzte. Bada gogoa, eta hori da interesgarriena; herritarrek sor dezatela beren kultura, eta izan daitezela eragile eta ez bakarrik kontsumitzaile».
Zaldiko Maldikoko kideak bilakatu dira eragile, eta pest dira azken bi urteotan egindako lana jendaurrean aurkezteko. Auzolanean aritu dira Julia Fernandez Zabaleta maistrari buruzko pastoraleko elementu guztiak ehuntzen, eta bihar arratsaldean erakutsiko dute, Iruñeko San Frantzisko eskolan.
fitxa
Idazlea. Mikel Taberna Irazoki.
Errejenta. Ihitz Iriart Casenave.
Kantu eramaileak. Ihitz Iriarte Casenave eta Iñigo Maians Irigarai.
Arizaleak. Zaldiko Maldikoko kantu tailerra.
Musika zuzendaritza. Julen Leuza Izkue.
Musikariak. Pello Belaskoain, Amaia Espinosa, Elena Fraile, Mintxo Garaikoetxea, Amaiur Guindeo, Julen Leuza, Itziar Lizarraga, Igor Martinez eta Julen Simon.
Bertsolariak. Saioa Alkaiza, Irati Majuelo, Sarai Robles eta Ainara Ieregi.
Kanten hitzen egileak. Amets Aranguren, Itziar Diez de Ulzurrun, Kike Diez de Ulzurrun, Joana Etxart, Irati Majuelo eta Mikel Taberna.
Ahaire berrien egileak.
Amets Aranguren, Julen Leuza eta Iñigo Maians.
Irudigilea.
Oier Zuñiga.