Trans-misioak

Trans-misioak

Haurrentzat idazten dugunok kezka berezia izaten ohi dugu transmititzen dugunarekin. Eta ez naiz haur liburuen pedagogikotasunaz ari (luze mintzo da horretaz, eta uste dut adostasuna badagoela literaturari egin diezaiokeen kaltearen inguruan), zerbait zabalagoaz baizik: zer kontatu, zer ez eta nola, buruan izaten ditugun kontuak dira, haurrekin harremantzen den edonork bezala. Batetik, haurrak direlako, euren garapenari zor diogun errespetuagatik, eta, bestetik, etorkizuna direlako, eta hemen kokatzen da, bete-betean, transmisioaren afera.

Ipuin bat hasten dudan bakoitzean, zer transmititzen ari naizen hausnartzen dut. Gai batzuekiko sentiberatasuna badaukat, eta horiek modu natural batean kokatzen dira ipuinean; beste batzuk, aldiz, bigarren edo hirugarren idazketan birkokatzen ditut. Ez nago bakarrik; gertukoek eta, bereziki, editoreak ekarpen garrantzitsuak egiten dituzte. Horrela, ipuinak, gozagarria izateaz gain, hainbat ideia, balio, errepresentazio, eskainiko die haurrei. Ipuin hori gizarteak aurkezten dizkien erreferente guztien artean tanta bat izango da, baina nola dio leloak? Tantaz tanta, itsaso.

Duela urtebete, sanferminak gai izango zuen ipuin bat idazteari ekin nion. Garbi neukan ez zela zezenik aterako. Eskoletara idazle gisa joaten naizenean haurrei zein liburu ari naizen idazten kontatzen diet batzuetan, gaia zein esperientziarekin lotzen duten jakiteko. Sanferminak aipatu eta «zezenak!», hasi ziren berehala. «Ba ez, ez dira zezenak agertuko», esan nien, irribarretsu esan ere, aurpegi zapuztuen aurrean adarjotze jarreraz. Erraldoiak eta kilikiak aipatu nizkien gero, eta berriro alaitu ziren.

Zenbat tanta beharko da sanferminak zezenekin ez lotzeko? Sanferminetako kartelak, horra hor beste tanta batzuk. Eta sanferminak diot, ez San Fermin. Hizkuntzaren erabilera, beste tanta bat. Gauza batzuk berez, indar berezirik egin gabe, transmititzen dira; beste batzuek, aldiz, bidea egiteko, nahitasun eta erantzukizun dosi handiak eskatzen dituzte. Pentsa dezagun euskaran edota feminismoan, besteak beste. 

Gauza batzuk berez, indar berezirik egin gabe, transmititzen dira;, beste batzuek, aldiz, bidea egiteko, nahitasun eta erantzunkizun dosi handiak eskatzen dituzte

Aurten Iruñeko biztanleei bozkatzeko aurkeztu zaizkion hamar karteletatik bostetan ez da zezenik irudikatzen (entzierroa marraztu duena kontatu gabe), eta horietako hiru izan dira gehien bozkatuak. Iazko salbuespena kenduta, azken urteetan izaten ari den joera da. Haurren eta emakumeen presentzia ere gora doa (hamarkadetan guztiz ezabatuta edo aipangarri alegorikoa izan zen emakumeen irudia). Ez dakit zenbateraino den egileen erabaki kontzientea, ezta zenbateraino den iruindarren zezenketekiko nekearen ondorioa ere, baina utzidazue amesten. Beharra dut eta.

Hurrengo ipuina urriaren 31n ospatzen dugun gau berezi bati buruz izango dela esan diet haur batzuei. «Halloween Halloween!», hasi dira. «Baina nola da gurean?», galdetu diet. Asmatu, asmatu dute. Eta nik? Asmatuko dut?