Herritar guztiek jakin dezatela Elizak milaka ondasun jarri dituela bere izenean azken hamarkadetan. Horixe da Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformaren helburua, egin duen azken urratsaren bidez: erakusketa bat eta antzezlan bat prestatu ditu, Elizak immatrikulatutako ondasunen berri zabaltzeko. Zehazki, Javier Etaio Tasio marrazkilaria arduratu da plataformaren ibilbidea laburtu duen erakusketa prestatzeaz; antzezlana, berriz, Iruñeko Amico konpainiak egin du, Inmatriculaciones, oh my God izenburupean. Asteazkenean egin zuten antzezlanaren estreinaldia. Erakusketa, berriz, astelehenera bitarte egonen da Iruñeko Iturramako Civivox aretoan. Irailetik aurrera, plataformako kideen asmoa da erakusketa eta antzezlana herriz herri mugitzea.
«Herritar anitzek ez dute Elizak egin duenaren berri; herrietara joaten gara hitzaldiak egitera, eta anitz harritu egiten dira Elizak hango ondasunak bere izenean jarri dituela erraten diegunean. Tamalez, oraindik lan handia dugu egiteko». Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako presidente Cristina Contrerasenak dira hitzak. «Kontzientziak astintzen» jarraitzeko prestatu nahi izan dituzte erakusketa eta antzezlana, hain zuzen: «Tasiok egindako marrazkien eta Amico konpainiak sortutako antzezlanaren bidez, akaso, errazago eginen dugu bat jendearekin». Erakusketarekin batera, Eliza irudikatzen duen apezpiku bat marraztu du Tasiok, eta Ruben Platerok panpina bilakatu du.
«Lege bateko artikulu bat aldatuz ireki zitzaion Elizari immatrikulatzeko atea; bertze artikulu batekin itxi dezatela».
CRISTINA CONTRERAS Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako presidentea
Indarrak batu nahi dituzte plataformako kideek, Elizak bere izenean jarritako ondasunak itzul ditzala lortzeko asmoz. Contrerasek garbi erran du «ondasun guztientzako konponbide bat» behar dutela: «Lege bateko artikulu bat aldatuz ireki zitzaion Elizari ondasunak immatrikulatzeko atea; beraz, bertze artikulu baten bidez itxi dezatela orain ate hori», erran du.
Lur komunalak
1996an Alderdi Popularra Espainiako Gobernura iritsita, frankismo garaiko lege bat moldatu zuen Jose Maria Aznar presidenteak, immatrikulazioak errazteko. Hala, 1998ko legea indarrean sartu zenetik, gotzainek aukera izan zuten ia edozein ondasun beren izenean erregistratzeko, aurretik inoren izenean ez bazegoen. Funtsean, Aznarren erreformak notario baten eskuduntzak aitortu zizkion Elizari.
Nafarroako Gobernuak 2021ean egindako txosten baten arabera, Eliza katolikoak ia 3.000 ondasun immatrikulatu zituen herrialdean 1900 eta 2015 bitartean. Horietako asko lur komunalak ziren. Gobernuak, hain zuzen, zehaztu nahi du Elizak bere izenean jarritako ondasunen artean zeintzuk diren herrietako lur komunalak eta, hortaz, zenbatetan abia daitekeen horiek berreskuratzeko prozedura juridikoa. Izan ere, ondasun publikoen izaera bera dute komunalek 6/1986 legearen arabera, eta horrek erran nahi du ondasun horien estatus juridikoa blindatuta dagoela. Urtarrilean, gobernuak jakinarazi zuen ikerketa bat abiatuko zuela Elizak immatrikulatutako ondasun komunalak identifikatzeko. «Gobernua lan serio bat egiten ari da», nabarmendu du Contrerasek.
Halere, immatrikulazioen auzian ondasun guztientzat konponbide bat eta bakarra behar dela berretsi dute Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako kideek, eta udalak ezin direla nor bere kabuz borrokatu Elizak han eta hemen bereganatutako ondasunak berreskuratzeko. «Udalek ez dute Elizaren aurka egiteko baliabiderik. Elizak bere izenean jarri duen guztia itzuliko duela bermatuko duen konponbide bat behar dugu», azpimarratu du Contrerasek.
Otsagabiko Muskildako baseliza, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Otsagabiko herritarrek, adibidez, ongi dakite Eliza auzitara eramateko bidea zaila dela. 2017an, Agoizko epaitegiak bat egin zuen herritarrekin, eta ebatzi zuen herriko Muskildako baseliza haiena zela; herriarena, alegia. 2021ean, baina, Nafarroako Probintzia Auzitegiko Hirugarren Ataleko sententzia batek kontrakoa erran zuen, eta Eliza jo zuen eraikinaren jabetzat. 2022an, Otsagabiko Udalak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean; erantzunaren zain da, oraindik ere.
Otsagabiko Udalak 2012an hasi zuen epaitegietako bidea. Elizak 1999ko azaroan erregistratu zituen bere izenean Muskildako baseliza, ondoko etxea eta inguruko lurrak; herritarrek, baina, 2007ra arte ez zuten horren berri izan. Muskilda XII. mendekoa da, baina XVII. mendekoak dira baselizan egindako moldaketa nagusiak. Orduan ere, Elizak baseliza bereganatu nahi izan zuen, baina ez zuen lortu: herritarrek erretaulan, ateetan eta abarretan zehaztu zuten lanak Otsagabiak egin zituela: herriak, alegia. Basezila, ondoko etxea eta inguruko lurrak berreskuratzeko lanean segitzen dute. Elizak hartutako milaka ondasunen artean bakar bat bertzerik ez da.