Urtebete darama Joxe Elgorriagak (Lesaka, 1981) Iruñeko txikizkako dendak kudeatzen dituen Comiruña enpresa publikoa gidatzen, eta harro mintzatu da Bigarren Zabalguneko Udal Merkatuak 75 urte bete izanaz. Izan ere, konkurrentziak eta eskaintza gehiegizkoak zaildu egin du halakoen iraupena. Datozen erronkak, ordea, ez dira makalak, eta enpresa kudeatzaileak plan estrategiko bat ondu du, Iruñeko Udalarekin batera; besteak beste, San Domingoko, Ermitagañako eta Bigarren Zabalguneko saltokiak birsortu eta garai berrietara moldatzeko. Halaber, merkatua osasunaren berme izan dadin nahi dute.
Merkatuak 75 urte bete ditu. Zer-nolako balantzea egin duzue?
Sekulako mugarria da halako azpiegitura bat osasuntsu mantentzea; batez ere, gaur egun saltoki handiek eragiten duten konpetentzia handiaren karira. Polita da udal merkatuek duten idiosinkrasiak irautea: bertako produktuen salerosketa, bezeroekin sortzen den harremana…
Zer antolatu duzue urteurrena ospatzeko?
Egitarau zabala prestatu dugu urte guztirako. Osotara, 27 kontzertu eskainiko ditugu aurten Iruñeko hiru udal merkatuetan; hau da, Ermitagañako, San Domingoko eta Bigarren Zabalguneko merkatuetan. Hainbat sariketa eta ekitaldi ere prestatu ditugu, baina garrantzitsuena iragan ekainaren 6an egin genuen, urteurrena ofizialki ospatu genuen astean. Bizilagunak gonbidatu genituen, eta giro ederra izan zen merkatuan: musika, jatekoa…; azken urteetan erretiroa hartu duten merkatariei omenaldia ere egin genien, eta oso hunkigarria izan zen.
«Beharrarengatik baino gehiago, bereizitasunagatik bizi da merkatua»
Zer testuingurutan eraiki zen merkatua?
Jendearen beharrak asetzeko sortu ziren merkatuak. Eskaintza eta eskaria handiak ziren iraganean, baina, egun, produktuen eskaintza askoz handiagoa da merkatuetatik at, eta ia inork ez du saltoki horietara joateko beharrik. Merkatura joatea aukera bat da, beste askoren artean. Horregatik, prozedurak berritu behar ditugu, eta gure identitatea eguneratu, jendearentzat aukera onena izan dadin merkatuan erostea. Finean, lanketa pedagogiko bat egin nahi dugu merkatuko ekosistema manten dadin. Beharrarengatik baino gehiago, berezitasunagatik bizi da merkatua.
Nola aldatu dira kontsumitzaileen beharrak?
Comiruñak berriki ikerketa bat egin du, ontzen ari garen plan estrategikoaren barruan, eta ikusi dugu goitik behera aldatu direla kontsumo ohiturak. Ez da gauza bera duela berrogei urteko menua edo gaur egungoa. Ekoizpen eredua ere aldatu da, baita produktuen banaketarena ere, saltoki handiek sustatzen duten kontsumo azkarraren karira.
«Helburua da enpresa publikoak zuzenean kudeatzea hiru udal merkatuak, gestioa errazte aldera»
Zer kontsumo eredu proposatzen duzue?
Denbora behar duena. Garrantzitsua da kontsumo arduratsu bat egitea, eta ez bakarrik bertako ekoizleak babestearren; finean, osasun kontua da ongi erostea, eta ez du zertan garestia izan. Plan estrategikoaren ardatz nagusia osasuna da; merkatua bizimodu osasuntsuaren eredu izan dadin nahi dugu.
Zer gehiago landuko du plan estrategikoak?
Batetik, udal merkatu bakoitzaren hausnarketa estrategikoa egin nahi dugu, bakoitzari funtzio bat egokituz. Bigarren Zabalguneko merkatuari dagokionez, pentsatu dugu izatea sukaldaritzarako merkatu bat, eta helburua da bezeroak heztea alor horretan. San Domingokoan, gastro-merkatu formatua garatu nahi dugu, bertako produktua sustatzeko, eta Ermitagañan, saltokirik txikienean, osasunaren eta kirolaren inguruko merkatu bat garatu nahi dugu. Horretarako, parte-hartze prozesu bat eginen dugu irailean, saltoki bakoitzak erabaki dezan zer izan nahi duen. Bestetik, merkatua berriz ere ekoizleen erdigunean jarri nahi dugu, nekazaritza sektoreko azken katebegia baita. Horretarako, sektore horren eta alor gastronomikoaren arteko topaleku bilakatu nahi ditugu gure merkatuak.
Hiru udal saltokien kudeaketa bateratu nahi dugu, gainera. Comiruñak Bigarren Zabalguneko Merkatua kudeatzen du, zuzenean, eta bertze biak bertako dendariek kudeatzen dituzte, hitzarmen bidez. Helburua da azken hitzarmen horiek ez berritzea, eta hiru udal merkatuak zuzenean enpresa publikoak kudeatzea, gestioa errazte aldera.
«Postuak, saltzen den produktuaren araberako sekzioetan banaturik daude»
Zaharberritze lanak amaitu berri dituzue.
Bai. Bi milioi euroko proiektu bat izan da, eta bi zatitan egin ditugu. Hasierakoan, merkatua estaltzen duen kupula isolatu dugu, tenperatura hobeki erregulatzeko. Bigarrenean, aireztatze eta klima sistema bat jarri ditugu. Eraberritzearekin lortu nahi izan duguna da eraikuntza jasangarriagoa izatea eta aiseago kudeatzea. Wifi sarea ere ezarri dugu, aldagelak eta komunak txukundu, zorua ere moldatu dugu…
Espazioa nola dago antolaturik?
Eraikina oktogonala da, eta postuak, saltzen den produktuaren araberako sekzioetan banaturik daude. Kanpoko eraztuna osatzen dutenetan haragia eta arraina saltzen dute; erdialdekoetan, fruta, barazkiak, ardoa eta ozpinetakoak, eta, zentroan dagoen plazako postuetan, esnekiak, arrautzak eta aurrez kozinaturikoak. Postu ezohikoak ere badaude, hala nola belar denda eta kafetegi bat. 55 postu dira osotara, baina sei hutsik daude; merkatuak hasieran ehundik gora postu zituen.
«Jendea zahartzen ari da, eta gazteendako eskaintza bat landu behar dugu; bestela, merkatuak ez du iraungo»
Zer produktu saltzen da gehien?
Haragia eta barazkiak. Postu horietako saltzaile batzuk ekoizleak ere badira; ez dira gehiengoa, baina oraindik mantentzen da eredu hori. Arraina ere asko saltzen da.
Zein da merkatuko bezeroen profila?
Adineko jendea da, nagusiki; diruduna, oro har. Jendea zahartzen ari da, eta gazteendako eskaintza bat landu behar dugu; bestela, merkatuak ez du iraungo. Saltokiaren ordutegi zurruna da arrazoietako bat, astegunetan goizez soilik baitago zabalik; horregatik, Europako funtsak erabiliz, leihatila inteligenteak jarri ditugu, telefonoz erosketa egin eta bertan jasotzeko, bezeroak nahi duenean.