Euriak harrapatu ditu itzuli direnean. «Baztango euria!», erran du Liesbeth Baelusek (Anberes, Belgika, 1987), hunkituta, eta aitortu du bazuela etxera itzultzeko gogoa. Etxea Berroetan du. Han bizi da, Yorrick Troman bikotekidearekin (Paris, 1978) eta 5 urteko Solveig alabarekin. Hirurek herritik kanpo eman dute azken urtea, ordea: urtebeteko mundu bira egin dute, furgonetaz. 30 herri bisitatu, eta 104 kontzertu eman dituzte.
Baelus eta Troman musikariak dira, eta musika baliatu dute ezagutu duten jendearekin bat egiteko. Helburu horrekin abiatu ziren Berroetatik, iazko uztailaren 13an, eta helburu hori beteta itzuli dira, aurtengo irailaren 12an: «Musikari baten funtzioa da transmititzea, komunikatzea; zer erran izan behar duzu, eta, aldi berean, lortu behar duzu bertzeak prest egotea errateko duzun hori jasotzeko. Komunikaziorako bideak zabaltzea da gure lana, eta horretan aritu gara azken urtean», erran dute biek, pozik.
Baelusek eta Tromanek Berroetako elizan jo zuten iazko uztailaren 13an. «Asmoa zen kontzertua amaitu bezain pronto alde egitea, baina ezin izan genuen hori egin», oroitu du Baelusek, barrez. «Furgoneta betetzen hasi, eta laster ohartu ginen ez ginela gai izanen nahi genuen guztia sartzeko! Azkenean, goizaldean abiatu ginen!». Buelta ere, gauez egin dute. «Gauerdia pasatuta ailegatu gara, denak lo zirenean», kontatu du Baelusek, biharamunean, esnatu berritan. Aitortu du kostatu egiten zaiola sinestea urtebete joan dela herritik atera zirenetik. «Hagitz azkar pasatu da denbora!».
Liesbeth Baelus eta Yorrick Troman musikariak, 5 urteko Solveig alabarekin, euren mundu bira iragartzeko irudi batean. LISBETH BAELUS ETA YORRICK TROMAN
Troman eta Baelus 2016. urtean ailegatu ziren Berroetara. Biolin jotzaileak dira biak: Troman Nafarroako Orkestra Sinfonikoan aritzen da, eta Baelus, berriz, Bruselako Taurus laukotean. Herri batera mugitzeko nahiak eraman zituen Iruñetik Baztanera, eta gustura daude Berroetan. Solveig alaba ere bai. Granadatik (Espainia) Berroetara egin dute bidaiako azken etapa, eta, gauerdian ailegatu arren, goiz altxatu da neskatoa. Herrian barna paseatzeko irrikan da. Eskolara itzultzeko ere bai. Elizondoko ikastetxean aritzen da, euskaraz.
Solveig Belgikako nederlanderaz aritzen da amarekin, eta frantsesez aitarekin. Euskara eskolan ikasi du, eta gaztelaniaz ere badaki. «Ingelesez ere bai; bidaian anitz ikasi du», aipatu du Tromanek. Hizkuntza ez da muga izan neskatoarentzat. Biolina jotzen du, gurasoek bezala, eta kontzertuetan «erraz» lortu du ikus-entzuleen arreta bereganatzea. Musika tresna bazter utzi duenean ere, «erraz» bat egin du ezagutu duen jendearekin.
69.000
Zenbat kilometro egin dituzten. Urtebeteko mundu bira egin dute Liesbeth Baelus eta Yorrick Troman musikariek, Solveig alabarekin. 69.000 kilometro baino gehiago egin dituzte —haietako 37.000, itsasoz—, eta 30 herri bisitatu.
«Haurrek ez dute aurreiritzirik; Solveig, gainera, hagitz naturala da, eta lagunak egin bertzerik ez zuen nahi bidaian», azaldu dute haurraren gurasoek. Garbi erran dute alabaren begiradak ezaugarri berezi bat eman diola egin duten mundu birari: jakin-mina. «Gauza anitz galdetu dizkigu. Dena jakin nahi zuen. Jakin-min handia du». Bidaian haurraren jakin-minak gora baino ez du egin. Haren aitak erantsi du «zuhurrago» ere bilakatu dela: «Ez, ordea, txarrerako. Ez dio gauzak egiteari utzi, baina ikasi du zer zaindu behar duen bertzeekin bat egiteko. Ez dugu inolako arazorik izan alabarekin». Umeak, hain zuzen, zalantzarik ez du: «Bidaian gehien gustatu zaidana? Dena!». Garbi du, halaber, ezagutu dituen herrien artean zein duen kutuna: Japonia. «Jostailu anitz dituzte». Han bete zituen 5 urte, urte hasieran.
Musika ardatz
Tromanek eta Baelusek alabaren jakin-mina aipatu dute; haiek ere badute, eta horrek eraman zituen mundu bira egitera. «Ezagutzen dugun hori maite dugula erran ohi da, eta ezezagun dugunaren beldur izaten garela. Ahalik eta toki eta jende gehien ezagutu nahi dugu guk, ezagutzen dugun hori guztia maitatzeko, beldurra bazter uzteko», erran du Baelusek.
Liesbeth Baelus eta Yorrick Troman musikarien alaba Solveig, biolina jotzen, Vientiango ospitale batean (Laos). DAVID VIRAN-LIESBETH BAELUS ETA YORRICK TROMAN
Hasieratik izan dute garbi musika izanen zela bidaiaren ardatza. «Musikariak gara, eta musikari gisa egin nahi genuen bidaia. Helbururik gabe bidaiatzen duena turista hutsa da, eta guk ez genuen hori egin nahi. Herriak eta herrixkak ezagutu nahi genituen, eta jendearekin bat egin, musikaren bidez», kontatu du Tromanek. «Horregatik erabaki genuen furgonetaz joatea», erantsi du Baelusek: «Furgonetan egin dugu lo, furgonetan bazkaldu eta afaldu dugu, eta furgonetaz mugitu gara toki batetik bertzera. Entseatzeko tokirik ez genuen, ordea!». Berroetatik furgonetaz abiatu zen familia, baina bidaiaren azken txanpan, Granadan, tailerrean utzi behar izan zuten ibilgailua: «Ia bidaia osoa egin du!».
Furgonetaz bidaiatzea «abantailatzat» jo du Tromanek: «Hegazkinez, toki batetik bertzera joan bai, baina bidean dagoen guztia galtzen duzu. Guk erdian dagoen hori guztia ezagutu nahi genuen. Furgonetaz eta mantso mugitzeak aukera eman digu ikusteko herriak nola aldatzen diren. Herriak eta kulturak aldatzen dira, baina beti bada herri eta kultura horiek lotzen dituen zerbait, kulturak gainjarri egiten baitira».
Liesbeth Baelus, neskato bati biolin eskolak ematen, Indiako Goa hirian. LIESBETH BAELUS ETA YORRICK TROMAN
Herriz herri, toki bateko eta bertzeko bizilagunekin bat egitea «erraza» izan da, Baelusek eta Tromanek nabarmendu dutenez. «Bidaia hasi aurretik, harremanetan jarri ginen bisitatu nahi genituen herri batzuetako enbaxadekin, gure proiektuaren berri emateko. Toki anitzetan, baina, ailegatu garenean eman diegu gure asmoen berri, eta berehala erran digute baietz», kontatu dute. Hamaika tokitan jo dute, eta, kontzertu gehienetan, haurrak izan dituzte ikus-entzuleen artean. 9.000 haur ingururen aurrean jo dutela azpimarratu dute musikariek. «Ez da aldez aurretik pentsatutako zerbait izan. Horrela gertatu da. Bidaia amaituta, halere, ohartu gara haurrekin aritzea hagitz garrantzitsua izan dela», erran du Baelusek. Musika ikasteko eta jotzeko interes handia duten ume anitzekin topo egin dute. «Irakaslerik ez zegoen, ordea, toki askotan».
Etxera bueltan, Tromanek eta Baelusek zalantzarik ez dute urtebeteko bidaiak «aldatu» dituela. Musikari gisa, esperientzia «balio handikoa» izan dela diote, eta egin dituzten 104 kontzertuetan ikasitakoaren arrastoa nabarituko zaiela hemendik aurrerako ibilbidean. Bidaian izandako ezustekoei aurre egiten ikasi dutela erantsi dute, eta unean uneko egoerara egokitu eta planak aldatu behar izan dituztela hainbat aldiz. Halere, nabarmendu dute arazo handirik ez dutela izan. «Dena atera da ongi».
Talde bat sortu
Proiektuari segida emateko gogoz dira, gainera. «Bidaia lehendabiziko atala izan da», Tromanen erranetan. Bigarrena prestatzen hasiak dira jada: «Musika talde bat osatu nahi dugu, bidaian egin ditugun kontzertuen gisakoak emateko. Komunikaziorako bideak zabaltzeko lan egin nahi dugu, kontzertura etorriko diren guztiak gustura egoteko, inor bazter ez uzteko», kontatu du. Baelusek eta Tromanek Jackie Wackie eta Luis Mariano artistak izanen dituzte lagun prestatzen ari diren taldean.
Liesbeth Baelus eta Yorrick Troman musikariak, 5 urteko Solveig alabarekin, Japonian. LIESBETH BAELUS ETA YORRICK TROMAN
Liesbeth Baelusek, hain zuzen, nabarmendu du musika klasikoa auditoriumetatik ateratzeko beharra dagoela: «Ezin dugu musika klasikoa aretoetan ezkutatu; haurrek ez dute zertan musika ikasi emanaldi batez gozatzeko. Mozart eta Bach konpositoreen musika jotzen aritu gara Mumbai hirian, Indian, karrikan bizi ziren haurren aurrean».
Proiektu berriaren bitartez, musika herritarrengana hurbildu nahi dute, eta egun dauden mugak bazter utzi. «Dirua edo lekua ez daitezela oztopo bilakatu. Kontzertu txiki eta irekiak egin nahi ditugu, eta ahalik eta jende gehien erakarri, inor bazter ez uzteko», azpimarratu dute musikariek. Mundu biran egin dituzten kontzertu guztiak doan eman dituzte.
Berroetako elizan egin zuten azken kontzertua, irailaren 12an, bidaia bukatzeko. Oholtzan ez ziren bakarrik izan: Baelusekin eta Tromanekin batera aritu ziren Jackie Wackie, Gandeia eta Gartxito anaiak. Etxera itzuli dira Troman eta Baelus, 5 urteko alabarekin. Urtebeteko mundu bira amaitu dute, baina bidaiarekin martxan jarri duten proiektua ez: bertzeak ezagutzen eta bertzeekin lotzen segitu nahi dute, musikaren bidez.