«Prezio bat badu, ez da eskubide bat». Horixe nabarmendu du Iruñeko Haritu etxebizitza sindikatuko kide Oihana Idoatek etxebizitzari buruz. Etxebizitza duin, egoki eta eskuragarri batean bizitzeko eskubidea aitortua dute herritarrek legez, baina, paperetik harago, etxebizitzaren inguruko espekulazioak eta merkatuak pribilegio bilakatu dute eskubidea. Dirua duenak eros dezake etxe bat; dirua duenak ordain dezake alokairua. Krisiek eta prekaritateak jotako herritar anitzek, ordea, nekez egin diezaiokete aurre alokairuari edo hipotekari. Nafarroako Gobernuko agintariek ere onartu dute soldata bat izateak ez duela bermatzen etxebizitzak eragindako gastuak ordaindu ahal izatea. Gainera, badira kontuan hartu beharreko bertze auzi batzuk: arraza eta sexua, bertzeak bertze. «Gero eta zabalagoa da etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituztenen soslaia. Halere, umeak dituzten emakume arrazializatuak dira etxe bat lortzeko arazo gehien dutenak, oraindik ere; emakumeok dira, hain zuzen, gure sindikatuan sareak ehuntzeko bidean gehien inplikatzen direnak», zehaztu du Idoatek.
«Etxebizitzak prezio bat badu, ez da eskubide bat», berretsi du Harituko kideak. Eta badu: etxebizitzak badu prezio bat, eta ez da merkea. Azken urtean, etxebizitzen salmenta txikitu egin den arren, prezioak %10 egin du gora herrialdean, Espainiako Estatistika Institutuak irailaren hasieran zabaldutako datuen arabera. Etxebizitza berrien prezioa handitu da, batez ere: %14,6; bigarren eskukoenak %8,1 egin du gora. Alokairuaren esparruan gauza bera gertatu da: prezioek gora egin dute. ELA sindikatuak zabaldutako datuen arabera, alokairuak hilean 848 euro balio du Iruñean, batez bertze. Zenbait auzotan, mila euro baino gehiagokoa da prezioa. «Herritar anitzek soldataren %40 erabili behar dute alokairua ordaintzeko», nabarmendu du Oihana Idoatek.
Prezioak mugatu
Nafarroako Gobernuak erabateko eskumena du etxebizitzaren esparruan. Nafarroako Parlamentuak 2010ean onartu zuen etxebizitza eskubideari buruzko herrialdeko legea, hain zuzen; 2022an, lege horren erreforma bozkatu eta onartu zuen parlamentuak, PSNren, Geroa Bairen, Podemosen eta Ezkerraren aldeko botoei eta EH Bilduren abstentzioari esker; Navarra Sumak aurka bozkatu zuen. Erreforma horren helburua zen tresna berriak ezartzea herritarrentzat «eskuragarria» izango den etxebizitza babestuen parke bat sustatzeko, bertzeak bertze.
1.067
Zenbat etxebizitza ari diren eraikitzen. Nastaten arabera, iaz 2.358 etxebizitza eraikitzeko lanak hasi zituzten Nafarroan; aurten, lehen seihilekoan, 1.067 etxe eraikitzen hasi dira, iazko epe berean baino %30 gutxiago.
Urte hasieran, etxebizitza legea berriz aldatzeko asmoa agertu zuen Nafarroako Gobernuak, Espainiako Etxebizitza Legera egokitzeko. Orduan, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza kontseilari Begoña Alfarok nabarmendu zuen herrialdean tentsio handiko eremuak izendatzeko eta alokairuen prezioa mugatzeko eginen dutela etxebizitza legearen oraingo erreforma. Etxebizitzen zaharberritzea sustatuko dutela erran zuen, gainera, «etxebizitza duin bat lortzeko aukera bermatzeko».
Iruñeko Udalak ere muga batzuk ezarri nahi ditu etxebizitzaren esparruan, eta udal gobernuak hasi du hiriburuko Alde Zaharrean etxebizitza turistiko gehiago ez baimentzeko bidea. Zehazki, EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin taldeak akordio bat egin dute, auzo horretan etxebizitza turistikoentzat lizentzia gehiago ez emateko. 2025etik aurrera ezarri nahi dute araudi berria. Iruñeko Udaleko Etxebiziza zinegotzi Joxe Abaurreak agerraldi bat egin zuen, irail hasieran, etxe turistikoei muga bat jartzeko udalaren asmoak azaltzeko, eta erran zuen araudi berriaren bidez Alde Zaharrak duen «auzo izaerari eutsi» nahi diotela, eta, aldi berean, etxebizitzen prezioan «eragin».
Hainbat gizarte eragilek etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko egindako protesta, joan den maiatzean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Gaur egun, 186 etxebizitza turistiko daude Iruñeko Alde Zaharrean: auzoko etxebizitzen %2,8, alegia. Alde Zaharreko etxe turistiko horiek dira hiri osoko etxebizitza turistikoen %55. Denera, 337 dira. Bost urtean 90 ireki dituzte.
«Adabakiak»
Datu hotzek diote Nafarroan herritarren %14,5ek —96.000 pertsonak— pobrezia edota gizarte bazterketa pairatzeko arriskua dutela; %6,8 pobrezia larrian direla, eta %60,6k soldataren %40 baino gehiago baliatzen dutela etxebizitzari lotutako gastuak ordaintzeko. Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketaren Aurkako Sareak eman zituen datu horiek, urte hasieran; Nafarroako SOS Arrazakeria sare horretako kide da, eta martxoan egindako agerraldi batean, etxerik gabeko familien egoeran jarri zuen arreta: «Iaz artatutako herritarren artean badira nabarmentzen diren bi soslai: batetik, karrikan bizi den jendea, eta, bertzetik, nazioarteko babesa eskatu duten familiak. Guregana jo duten familia horietako hainbat kalean gelditu dira: gurasoak karrikan gelditu dira beren haur txikiekin, erakunde publikoek babes sozialerako eskubidea urratu dietelako».
Iruñeko Udalak onartu du karrikan gelditu diren familien errealitate horren berri baduela, eta aurre egin diola zehaztu du. Gizarte Ekintza arloko zinegotzi Txema Mauleon hedabideen aurrean agertu zen joan den astean, eta nabarmendu zuen hiriburuan karrikan ziren familia horientzat etxebizitzak lortu zituztela. Zazpik pentsiotan segitzen dutela azaldu zuen, etxebizitza baten zain. Zinegotziak iragarri zuen Iruñeko Udalak 3,2 milioi euro inbertituko dituela aurten, denera, etxerik ez dutenak artatzeko.
134
Zenbat etxegabetze egin dituzten iaz. Nafarroan 134 etxegabetze izan ziren joan den urtean, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak emandako datuen arabera. Aurten, urtarriletik martxora, 49 egin dituzte.
Udalak martxan jarritako neurri horiek guztiek egoera zaurgarrian diren pertsona batzuen egunerokoa hobetuko dutela garbi du Harituko Oihana Idoatek, eta horrek poztu du. Berri ontzat jo du etxebizitza turistikoei muga jarri nahi izatea, eta karrikan direnentzat heldulekuak eskaintzea. Nabarmendu du, halere, neurri horiek ez direla «behin betiko konponbide bat»: «Adabakiak dira, arnasguneak pertsona jakin batzuentzat, baina ez diote arazoaren muinari eragiten, etxebizitzarena egiturazko arazo bat baita». Erantsi du administrazioak herritarrek egindako presioak bultzatuta egin dituela egin dituen urratsak.
Errolda erraztu
Karrikan direnen artean, anitz gazte migratzaileak dira, eta hori kontuan hartzeko eskatu dio Idoatek administrazioari, hain zuzen. Atzerritarren Legeak gazte horiei eta pertsona migratzaileei ezartzen dizkien mugak salatu ditu Harituko kideak.
Langile bat etxebizitza bat eraikitzeko obran, iaz, iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Erroldaren auzia da kontuan hartu beharreko bat, erroldarik gabe gizarte zerbitzu anitz jasotzeko aukerarik gabe gelditzen baitira herritarrak; «eskubiderik gabe», hainbat gizarte eragilek salatu izan dutenez. Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioak urrats bat egin du esparru horretan, eta egoera zaurgarrian diren pertsonen errolda egiteko irizpideak bateratzeko protokolo bat aurkeztu dio Nafarroako Gobernuari, errolda egiteko prozesu hori errazteko asmoz.
«Neurri sakonak behar ditugu, egiturari eraginen diotenak. Etxebizitzaren auzia konponduko da prezio bat izateari uzten dioenean. Prezio bat badu, ez da eskubide bat», erran du Harituko Oihana Idoatek, hirugarrenez. Bidean, «elkartasunez jokatzera eta kontzientzia hartzera» deitu ditu herritarrak: «Presioa egiten jarraitu behar dugu; informazioa jasotzen eta ematen, eta behar diren aldaketak exijitzen. Administrazioak etxebizitzaren negozioaren logikari segitzen dio; ez du benetako aldaketarik proposatzen».