Erribera euskalduna aldarrikatzeko

Erribera euskalduna aldarrikatzeko

Poliki. Mantso. Baina ari direla. Horixe nabarmendu du Agerraldiko kide Libe Jusuek (Tutera, 1995), euskararen alde Erriberan egiten ari diren bideaz. Bide hori anitzetan zaila dela erantsi du, eta udan Tuterako bestetan gertatu zena oroitu du: Cara al sol kantatu zuten herritar batzuek, zezen plazatik ateratzen ari zirenean. «Haize kontra» ari direla sentitzen dutela nabarmendu du Jusuek, anitzetan ez dela giro euskararen aldeko lana egiteko, baina, hala eta guztiz ere, ari direla. Poliki. Mantso. Baina ari direla urratsak egiten, Erribera euskalduna aldarrikatzeko bidean. «Tutera gurea ere bada; eta Tutera euskalduna izan daiteke eta bada». Gaur bertze urrats bat eginen dute Erribera euskaldun horren alde: Agerraldiak bigarrenez antolatu du Santxikorrota lasterketa, Arguedasen.

XV. mendean bizi izan zen bidelapur bat izan zen Santxikorrota, eta Bardeako muino baten izena ere bada. Muino horren ondoan hasiko da gaurko Santxikorrota lasterketa. Ehun korrikalari inguru espero dituzte Bardean. Bi ibilbide prestatu dituzte parte hartzaileontzat: bat motza, 7,2 kilometrokoa, eta bertze bat luzea, 21,8 kilometrokoa. Kirola izanen da gaur euskaltzaleak Erriberara erakartzeko aitzakia nagusia, baina ez bakarra: Alcaravan etxerako bisita bat eta bazkaria ere prestatu dituzte, egitaraua osatzeko.

Bardeako Santxikorrota lasterketako iazko lehen aldia; Agerraldiak antolatu zuen. Bigarrenez eginen dute aurten. AGERRALDIA

Euskara, Erribera eta Bardea lotu nahi ditu Santxikorrota lasterketak, Jusuek azaldu duenez: «Jende askorentzat zaila da Bardea edo Erribera euskararekin lotzea, eta guk hori egin nahi dugu. Bardea da Erriberaren ikur, eta ikur hori euskararekin lotu nahi dugu», erran du. Helburu hori du Agerraldiak, eta helburu hori dute Erriberan azken urteotan euskararen alde sortu diren bertze proiektu batzuek ere. «Komunitate bat sortzen ari gara; komunitate txiki bat da, baina lan inportante bat egiten ari da».

Komunitate horren zeregin nagusietako bat da euskararen esparrua zabalduz joatea; hau da, euskara lantzea eta sustatzea Hezkuntzan, edo gelatik kanpo ere bai. Hizkuntza kirolaren arlora eraman nahi dute Santxikorrota lasterketaren bidez, hain zuzen.

Aldaketa batzuk

Agerraldiko kideek 2022. urtean antolatu zuten Santxikorrota lasterketa lehendabiziko aldiz, baina egin baino egun batzuk lehenago bertan behera utzi behar izan zuten, eguraldiagatik. Iaz berriz antolatzea erabaki zuten, eta lehendabizikoz egin ahal izan zuten. Antolatzaileak «kontent» gelditu ziren herritarrek lasterketari egindako harrerarekin, eta aurreko urteko arantza ateratzea lortu zuten.

Parte hartzaileen iritziak kontuan hartu dituzte, eta aurtengo bigarren aldirako egin dituzte aldaketa batzuk. Batetik, igande batez egin ordez, larunbatarekin antolatu dute. Bertzetik, lasterketarekin batera, antolatu dute bertzerik, korrika egin nahi ez dutenei zer eskaini izateko. «Iaz laurogei pertsona inguruk parte hartu zuten lasterketan; aurten, ehunera iritsi nahi dugu», erran du Jusuek. Gaur ere izanen da izena emateko aukera, eta, ondorioz, kopuru hori lortuko dutela uste dute antolatzaileek.

Santxikorrotaren aurtengo aldiak piztu du jakin-mina, eta Iruñetik eta Hendaiatik (Lapurdi), bertzeak bertze, autobusak antolatu dituzte Arguedasera joateko. Jusuek garbi du azken urteotan Erriberan euskararen alde egindako bideak eskualde horretara begira jarri dituela bertze toki batzuetako euskaltzaleak, eta eskertu du bertze eskualde anitzetatik jaso duten babesa.

«Komunitate bat sortzen ari gara; komunitate txiki bat da, baina lan inportante bat egiten ari da»
LIBE JUSUE Agerraldiko kidea

Babes horri esker, hain justu, «hazten jarraitu» nahi dute, eta Santxikorrota lasterketa egun osoko besta bilakatu. «Iaz lasterketa baino ez genuen antolatu; aurten, Errigoran parte hartzen duen Alcaravan ekoizleak bisita bat antolatu du, herritarrek etxe hori ezagutzeko aukera izan dezaten, eta bazkaria ere eginen dugu. Hurrengo urtean beste urratsen bat egitea da asmoa, egun osoko egitarau bat prestatu ahal izateko».

Aurrera egin nahi dute; poliki bada ere, ari direla erakutsi. Santxikorrota lasterketaren gisako ekinaldiak «oso garrantzitsuak» direla nabarmendu du Jusuek, euskarari toki bat ematen diotelako Erriberako egunerokoan. «Gauza handia da Arguedasen euskarazko kartelak ikustea, adibidez», berretsi du. «Errigoran, Union Tutera taldean, gazte mugimenduan edo euskaltegian lan egiten dutenekin ari gara proiektuak sortzen eta mugitzen», erantsi du Jusuek. Gaurko lasterketan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Erribera euskaldunaren alde egiteko, bidean urratsak egiten segitzeko.