Nork bere heriotzari buruz erabakitzeko

Nork bere heriotzari buruz erabakitzeko

«Zaila egin zitzaidan; informazio anitz zegoen, eta ulertzen ez nituen hitz asko. Anfasera joan behar izan nuen, laguntza eske». Maria Jesus Goñirenak dira hitzak. Nafarroako Heriotza Duinaren Behatokiak antolatutako jardunaldi batean parte hartu du, Iruñean, urriaren 2an. Behatokiak desgaitasunen bat duten pertsonentzat egokitu du Aurretiazko Borondateen Agiria, eta lan hori aurkezteko baliatu du jardunaldia. Goñik desgaitasun intelektuala du, eta duela hainbat urte erregistratu zuen bizitzaren bukaerarako bere erabakiak jasotzen dituen agiria. Ez zuen eskura izan Nafarroako Gobernuko Heriotza Duinaren Behatokiak orain prestatu duen materialaren gisakorik, eta bere kabuz bilatu behar izan nuen nork lagundu. Eskertu du agiria egokitu izana: «Garrantzitsua da nork bere bizitzaren bukaerari buruz erabaki ahal izatea. Agiria egokitzea urrats inportante bat da ulermena errazteko eta nork bere kabuz osatu ahal izateko».

Hori da Nafarroako Heriotza Duinaren Behatokiaren helburua: herritar ororen autonomia sustatzea, bai eta heriotzari buruzko erabakiak hartzeko momentuan ere. Horretarako, ikusmen, entzumen eta ulermen arazoak dituztenentzat egokitu eta sortu dute material berria; Anfas —desgaitasun intelektuala dutenen eta euren familien aldeko Nafarroako elkartea— eta Iddeas fundazioa aritu dira material hori lantzen: batetik, euskaraz eta gaztelaniaz zegoen Aurretiazko Borondateen Agiria ingelesera, frantsesera, errumanierara, bulgarierara eta arabierara itzuli dute; letra handiz idatzitako agiri bat prestatu dute, gainera, bai eta irakurketa errazerako gida bat ere, agiriari buruzko xehetasunak azaltzeko. Gidarekin batera, keinu hizkuntzan egindako hainbat bideo jaso dituzte. «Bideo guztiek azpidatziak dituzte; halere, keinu hizkuntzakoak jaso nahi izan ditugu, hori delako pertsona gor anitzen ama hizkuntza», azaldu du Iddeas fundazioko kide Cristina Garciak.

Nafarroako Heriotza Duinaren Behotokiak urriaren 2an Iruñean egindako jardunaldiko mahai inguru bat; ezkerretik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko kide Ana Fernandez, Marcos Lama familia medikua eta Conchi Moreno, Osasun Departamentuko Humanizazio Zerbitzuko burua. AITOR KARASATORRE / FOKU

Sonia Ganuza Anfas elkarteko psikologoa da; 2007tik ezagutzen du Maria Jesus Goñi, eta hura Aurretiazko Borondateen Agiria osatzen lagundu eta gero erabaki zuen berea egitea. Txalotu du Nafarroako Gobernuak herritarren esku jarri berri duen material hori guztia osatu izana; izan ere, aitortu du «deseroso» sentitu zela Goñiren agiria osatzeko prozesuan: «Maria Jesusek laguntza behar zuelako jo zuen niregana, eta, agian, erran nahi ez zizkidan gauzak erran behar izan zizkidan. Eskuzabala izan zen nirekin, eta prozesua polita izan zen, baina uste dut inportantea dela tresnak sortzea behar den informazioa modu autonomo batean eskuratu ahal izateko».

Hitz egiteko beharra

«Heriotzaz hitz egin behar dugu. Inportantea da heriotzari buruzko gogoeta egitea, hartu beharreko erabakiak hartu ahal izateko». Horixe nabarmendu du Maria Jesus Goñik. Oroitu du Anfasen egindako saio batean hasi zela bera bizitzaren bukaerari buruzko kontuetan pentsatzen, eta gizarte langilearengana jo zuela, aurretiazko borondateak jasotzeko agirien bila. «Zaila egin zitzaidan», berretsi du. Anfasen, Ganuzaren laguntza bilatu zuen, eta bien artean landu zuten gaia, azkenean. «Hutsetik hasi ginen, lehen aldia baitzen bientzat. Hainbat bilera egin genituen, eta urratsez urrats aztertu genituen agirian jasotako elementu guztiak, Maria Jesusek jaso nahi zuen guztia jaso zezan», kontatu du Ganuzak.

«Uste dut inportantea dela tresnak sortzea behar den informazioa modu autonomo batean eskuratu ahal izateko»
SONIA GANUZA Iruñeko Anfas elkarteko psikologoa

Goñi lagundu eta gero, Ganuzak bere agiria osatu eta erregistratu zuen. Erabakitzeko eskubideaz hitz egiteko «behar handia» badela nabarmendu du: «Desgaitasunen bat dutenen artean ere bai. Bizitzaren bukaerarekin lotutako auziez erabakitzeko eskubidea dute haiek ere. Kontua da duela gutxi hasi garela nola bizi nahi duten galdetzen, eta nola hil nahi duten galdetzen hasi behar dugu orain».

Galderak egin eta erantzun dituzte Meryk eta Jesusek ere —nahiago dute abizena ez eman—. Afan elkarteko psikologo Idoia Lorearekin batera parte hartu dute Nafarroako Heriotza Duinaren Behatokiak antolatutako jardunaldian. Alzheimerra dutenen familiek sortutako elkarte bat da Afan. Jesusi diagnosi hori eman zioten, duela bi urte. Eritasunaren fase arinean dago, eta, ondorioz, etorkizunari buruz erabakitzeko gai da, oraindik ere. Anitz hausnartu du balizko etorkizun horri buruz, eta Aurretiazko Borondateen Agirian jasota utzi du zer nahi duen: «Eutanasia nahi dut, bizitza duin bat izateko aukerarik ez dudanerako».

Nafarroako Heriotza Duinaren Behatokiak Iruñean antolatutako jardunaldiko mahai inguru bat; ezkerretik, Sonia Ganuza , Maria Jesus Goñi, Idoia Lorea, Jesus eta Mery parte hartzaileak. AITOR KARASATORRE / FOKU

Bizitza duin bat zer den azaltzeko hamaika modu daude, nork bere irizpideak baititu. Jesusek garbi erran du hori Iruñeko jardunaldian: «Ez dut bizi nahi familia eta lagunak ezagutzeko gai ez banaiz, eta bertzeen laguntza behar badut edozer gauza egiteko».

Errespetua

Jesus hunkitu egin da hartutako erabakiaren berri eman duenean. Nabarmendu du «lasaitua» hartu duela aukera izan duelako zer nahi duen azaltzeko, agiri batean jasotzeko eta agiri hori erregistratzeko. «Hasieran pentsatu nuen ez zidatela utziko, agian». Familiaren eta lagunen laguntza eta babesa jaso du, eta «biziki» eskertu du; osasun langileena ere bai. «Nire hitza errespetatu dutela sentitu dut une oro».

Mery Jesusen emaztea da, eta garbi erran du hasieran «hagitz gaizki» hartu zuela Jesusen erabakia. «Sekulako kolpea izan zen niretzat Jesusek eutanasia eskatu nahi zuela jakitea. Ez nuen inoiz horri buruz pentsatu. Nik kontra egin nion; zainduko nuela erran nion, nirekin egotea nahi nuela. Bereari eutsi zion senarrak, eta berretsi zidan beretzat bizitzak ez zuela zentzurik gu ezagutzeko gai ez bazen, eta edozertarako gure laguntza behar bazuen», kontatu du Meryk.

«Ez dut bizi nahi familia eta lagunak ezagutzeko gai ez banaiz, eta bertzeen laguntza behar badut edozer gauza egiteko»
JESUS Alzheimerra duen herritarra

Senar-emazteek Afan elkarteko psikologo Idoia Lorearekin egin zuten bat, eta, haren bitartekaritzaren bidez, elkar ulertzea lortu zuten: «Ohartu nintzen gauza bat dela nik nahi dudana, eta bertze bat senarrak nahi duena. Bere bizitzaz eta heriotzaz erabakitzeko eskubidea du, eta hori defendatu eta errespetatu behar dut», berretsi du Meryk.

Legez jasotako eskubide bat da Aurretiazko Borondateen Agiria, eta legeak ezartzen ditu, aldi berean, agiri horren mugak. Hego Euskal Herrian 2021etik da legezkoa eutanasia, baina egoera jakin batzuetan bakarrik. Horietatik kanpo, beraz, Aurretiazko Borondateen Agirian jaso arren, eskaerak ez lituzke medikuak lotuko. Halere, agiri hori egitea «hagitz garrantzitsua» dela erran du Conchi Morenok. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Humanizazio Ataleko burua da, eta nabarmendu du agiria dela gaixo baten «ahotsa» bere kabuz erabakitzeko ahala galtzen duenean.

Finean, agiriaren helburua da gogoeta piztea, osatzen duenak hausnar dezan egoera batean edo bertzean zer nahiko lukeen: «Erabaki daiteke tratamendu bat onartu edo ez, organo emaile izan edo ez, arnasa hartzeko makina batera lotzea nahi duzun edo ez…», azaldu du Morenok. Garrantzitsua da ingurukoekin hartutako erabakiez hitz egitea: «Agiria osatzen duenak ordezkari bat edo bi izenda ditzake, eta garrantzitsua da pertsona horiek zure erabakien berri izatea», erantsi du Morenok.

20.680

Zenbatek egin duten Auretiazko Borondateen Agiria. Nafarroan 20.680 pertsonak egin dute Aurretiazko Borondateen Agiria, Nafarroako Heriotza Duinaren Behatokiaren arabera.

Herritarrek medikuarekin eta gainerako osasun langileekin ere planifikatzen ahal dute jaso nahi duten arreta. «Bizitzaren bukaerarako plangintza bat da, gaixotasun kroniko aurreratu bat dutenentzat; minbizia, bihotz gutxiegitasuna edo eritasun neurodegeneratibo bat dutenen kasua izan daiteke, gaixotasun hori fase aurreratu batean dagoenean. Helburua da profesionalek eta gaixo dagoen pertsonak elkarrekin hitzartzea azken txanpa horretako arreta nolakoa izanen den», azaldu du Marcos Lama familia medikuak.

Pertsona erdigunean jartzeko beharra azpimarratu du Lamak, eta bat egin dute Nafarroako Heriotza Duinaren Behatokiak antolatutako jardunaldian parte hartu duten guztiek. Aurretiazko Borondateen Agiria egokitu izana urrats bat da, baina behar dira gehiago, Sonia Ganuza psikologoak ohartarazi duenez: «Laguntza gehien behar duten pertsonek beren kabuz erabakitzeko duten eskubidea nola bermatu, hori da oraingo erronka».