Iruñeko Planetarioa ireki zutenetik 31 urte igaro dira, eta horiek guztiak eman ditu Javier Armentiak zentroaren zuzendari gisa (Gasteiz, 1962). Orain, erretiratzeko ordua heldu zaio. Garai oparoak eta gogorrak bizi izan ditu, baina haren balorazioa argiki ona da.
Zein da Iruñeko Planetarioaren etapari amaiera emateko arrazoia?
Etapa baten amaiera dela, hain zuzen ere. Planetarioa oso proiektu pertsonala izan da, 1993an sortu zenetik talde bera egon gara. Orain, estrategia aldatu egin da. NICDO enpresak Nafarroako Gobernuaren kultura, kirola eta aisialdi gaiak lantzen ditu, eta Planetarioaren kudeaketa hartu du. Niri erretiratzeko unea iritsi zait, eta geratzen den jendeak bere erara kudeatuko du; beti izan dugun konpromiso berarekin, jakina. Ez da etenaldi bat, Planetarioak jarraitzen duelako.
Zer balorazio egiten duzu hainbeste urtez zuzendari izan ostean?
Planetarioa esperimentazio kulturaleko laborategi bat izan da. Hasieratik, gai zientifikoak herritarrengana hurbiltzea izan dugu helburu, begirada kritiko batekin. Gazteen artean zientzia sustatzeko moduaz hitz egin dugu; batez ere, nesken artean. Asko kezkatzen gaitu zientziaren alor askotan emakumearen presentzia oso urria izateak; matematiketan eta ingeniaritzetan, kasu baterako. Urte hauen guztien laburpen bat eginez, esan dezaket pertsona guztientzako Planetarioa sortu dugula. Saiatu gara herritarrak konbentzitzen zientzia ez dela zientzialariena bakarrik, guztiona dela.
Asko aldatu dira gauzak Planetarioan hasi zinenetik?
Bai, zorionez asko aldatu dira. Zientziaren sektoreak gizartearekin hitz egiteko beharra eta betebeharra ikusi du. 1990eko hamarkadan, Planetarioa sortu zenean, [Espainiako] estatuan beste zientzia museo batzuk sortu ziren. Oro har, zientzia zentroen berpizkundea egon zen; Europan ere bai. Gaur egun, komunikabideetan nabaritzen da hori: zientziak badu espazio bat prentsan eta irratian, eta batzuetan lehen planoan dago.
Jakin-min handiko pertsonatzat duzu zeure burua. Zure ofizioan hori gakoa dela esango zenuke?
Niri behintzat, funtzionatu dit. Zientziaren dibulgazioan aritzen naiz egoismoagatik, inguratzen nauena ulertzeko. Iruñeko Planetarioan lan egitera etorri nintzenean, dagoeneko hainbat aldizkarirekin eta irratirekin kolaboratzen nuen. Uste dut, hein handi batean, horregatik hartu nindutela, ibilbidea hasia neukalako. Eta hori guztia jakin-minagatik zen.
«Egun, informazio asko jasotzen dugu. Agian, hobe da gutxiago jasotzea eta iristen zaiguna fidagarria izatea»
Uste duzu zientziaren dibulgazioa garrantzitsua dela?
Bai, jendea espiritu kritikoan trebatzeko, eta konturatzeko zenbaitetan, gauzak errepikatu arren, ez direla garrantzitsuak edo interesgarriak, agian. Sare sozialetan ikusten den informazio asko faltsua edo tontakeria hutsa da. Hori agerian geratu da orain Milton urakanarekin: jendeak beste urakanen irudiak bidali ditu, eta biralak egin dira. Zorionez, komunikabideek analisi ahalmena dute oraindik ere, eta horra jo behar da. Gaur egun, informazio asko jasotzen dugu. Agian, hobe da gutxiago jasotzea eta iristen zaiguna fidagarria izatea.
Urte hauetan bizi izan duzun une bereziren bat?
2015. urtean oso esperientzia polita bizi genuen. Izar batzuei planetak aurkitu zizkieten, eta Astronomiaren Nazioarteko Batasunak erabaki zuen, nazioarteko lehiaketa baten bitartez, izarrei izenak ematea. Herritarrek eman behar zuten botoa, sare sozialetan. Espainiako Astronomia Gizartearekin eta Cervantes Institutuarekin hitz egin genuen, eta izar bati Cervantes deitzea erabaki genuen. Bozkatuenen artean izan ginen, ia 300.000 botorekin. Jende asko inplikatu zen, eta orain zeruan Cervantes izeneko izar bat dago. Hori, neurri batean, guregatik dela pentsatzeak oso zoriontsu egiten nau.
Eta hain berezia izan ez den une bat?
2008-2012ko krisia; batez ere, 2012an. Planetarioak aurrekontuaren murrizketa bortitza izan zuen; aurrekontua %97 murriztu ziguten. Ez genuen dirurik soldatak ordaintzeko ere, eta oso une latza izan zen. Zorionez, dagoeneko [Iruñeko] Baluarterekin eta beste entitate batzuekin lan egiten genuen, eta Planetarioaren aldeko apustua egitea erabaki zuten. Baina oso une gogorra izan zen, Planetarioa ixteko zorian egon baitzen. Gero berriz ere ekin genion jarduerari, baina beste erritmo batean eta talde txikiagoarekin.
Zer asmo dituzu orain?
Hedabideekin ditudan kolaborazioak egiten jarraituko dut, prentsan eta irratian. Bestalde, Prisma elkarteko kide naiz, eta proiektu horri denbora gehiago eskaintzea gustatuko litzaidake. Zientzia eta teknologia arloan aniztasun afektibo-sexuala eta genero aniztasuna sustatzeko elkartea da. Aste batzuk barru Una mirada LGTBI+ al Planetario de Pamplona (LGTBI+ begirada Iruñeko Planetariora) erakusketa estreinatuko dugu Iruñean, Harrotu zentroan. Horrez gain, kurtsoak eta ikastaroak emateko deitzen didate; beraz, oraindik gauza asko geratzen zaizkit egiteko.