Biologiak eta etnografiak bat egin dute Erronkaribarko fauna izenburuko liburuan (Lamiñarra, 2024). Gotzon Perezek eta Pablo Ordunak idatzi dute, Enrique Bakero biologoaren eta Concha Pasamar, Lorea Larraia, Javier Muñoz eta Javier Alvarez ilustratzaileen laguntzarekin. 160 animaliak baino gehiagok osatutako zerrenda bat jaso dute liburuan, animalion marrazkiekin; basurdeek, orkatzek, hontzek edo hartzek zer jaten duten eta zer-nolako habitatak gustuko dituzten azaldu dute egileek, baina gisa horretako informazioaz harago, Erronkaribarren bizi diren animaliok herritarren egunerokoan utzi duten arrastoa jorratu dute: faunaren eta kulturaren arteko harremana landu dute, animaliok erronkariarren toponimian, esamoldeetan, ipuinetan edo abestietan izan duten isla nabarmentzeko.
Gotzon Perez eta Pablo Orduna erronkariarrak dira; Bidankozekoa da Perez, eta Orduna, berriz, Uztarrozekoa. Ez da oraingoa elkarrekin ondu duten lehendabiziko lana; Erronkaribarko etnobotanika eta ibarreko etxeetako harzolak ikertu dituzte aurretik, bertzeak bertze. Perezek Vidangoz.com/bidankozarte bloga idazten du, gainera, eta hor jasotako hamaika lekukotasun baliatu ditu Erronkaribarko fauna libururako. Ia hogei herritarri egindako elkarrizketen bidez jasotako informazioa erabili du liburuak.
Concha Pasamarrek ‘Erronkaribarko fauna’ liburuaren azalerako egindako ilustrazioa. CONCHA PASAMAR
Perezek azaldu du erronkariarrek inguruan izan dituzten animaliekin garatu duten harremanari egin nahi izan diotela so. Horretarako, atzera bota dute begirada. «Segur aski, ibarreko lehendabiziko biztanleak beste nonbaitetik etorritako artzainak izan ziren; ardiekin etorri ziren, eta ardiak zaintzeko txakurrak zituzten. Erronkaribarren, hain zuzen, euskaraz bi hitz daude artzain txakurrentzat: xumix eta artzanor. Xumix gaztelaniazko sumiso hitzetik omen dator; artzanor hitzak, berriz, artzain hor esan nahi du». Xumix erabiltzen dute euskal artzain txakurra identifikatzeko, eta artzanor, mastinentzat.
Toponimoak
Erronkariarrek hartzei eta otsoei aurre egiteko baliatzen zituzten mastinak. Animaliok eta bertze anitzek toponimian utzitako arrastoa nabarmendu du Perezek: «Bitxia da: askok pentsatuko dute hartzak gailurretan bizi direla, baina hartzarekin lotuta ailegatu zaizkigun toponimoak ez dira gailurretakoak; Burgin edo Bidankozen dauzkagu», kontatu du. Arzazale toponimoa dute Burgin, bertzeak bertze; eta Artzanagerre, Urzainkin. Otsoak toki izenetan utzitako arrastoa ere nabarmena da: Otxogorri Uztarrozen eta Otsobieta Bidankozen, bertzeak bertze.
Egunerokoari erreparatzen dioten esamoldeetan ere sumatzen da faunaren eta herritarren arteko harremanak izan duen eragina. Kurrilloekin lotutako atsotitz bat jaso du Erronkaribarko fauna liburuak, bertze anitzen artean: Kurri bera, gari-azi, kurri gora, olo-azi. Emaztekia: erin zan baratzean azazi.
«Bitxia da: askok pentsatuko dute hartzak gailurretan bizi direla, baina hartzarekin lotuta ailegatu zaizkigun toponimoak ez dira gailurretakoak; Burgin edo Bidankozen dauzkagu»
GOTZON PEREZ ARTUTX ‘Erronkaribarko fauna’ liburuaren egileetako bat
Perezek nabarmendu du herritarren inguruko faunari «balioa» eman nahi izan diotela, eta, batez ere, fauna horrek herritarren hitzetan, kantetan eta toki izenetan utzitako arrastoari. Ibarreko gazte jendea erakarri nahi dutela erantsi du, ondarea ezagutzeko aukera izan dezaten. Asmo horrekin jaso dituzte Concha Pasamar, Lorea Larraia, Javier Alvarez eta Javier Muñoz ilustratzaileek egindako marrazkiak.
Pasamarrek egin du liburuaren azala; barruan, berriz, ehundik gora ilustrazio jaso dituzte egileek. Haietako hamabost dira Larraiak eginak. «Esperientzia ederra izan da, oso polita. Pablo Ordunak proposatu zidan parte hartzea, eta txoriak egin nahi nituela esan nion», erran du Larraiak. Eskatu eta lortu, hegaztienak baitira haren hamabost irudiak; ugatza, martin arrantzalea eta argi oilarra egin ditu, adibidez.