Ingurumen kontzientzia zabaltzen

Ingurumen kontzientzia zabaltzen

Lamis Farghalik, Manuela Henaok, Leire Camposek eta Sofia Montorik sari bat jaso berri dute Madrilen: Redeiak antolaturiko RedeSTEAM lehiaketa irabazi dute. Neskak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika ikastera bultzatzea da lehiaketa horren helburua, eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako eta LH Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta dago. Iruñeko Gurutzeko Plaza institutuko DBHko laugarren mailako ikasleak dira Farghali, Henao, Campos eta Montori, eta Ingurumen kontzientzia izenburuko proiektuarekin irabazi dute lehiaketa.

Han eta hemen ibili dira euren proiektua aurkezten, azken asteotan; hala nola Iruñeko Baluarte auditoriumean eta Madrilen. Aurkezpen horiei esker, proiektu «interesgarri» ugari ezagutu, eta formakuntza ikastaroak egin ahal izan dituzte. Horrez gain, 3.000 euro jaso ditu Gurutzeko Plaza institutuak, robotikako materiala erosteko. «Ahaztezina izango da, asko ikasi dudalako eta asko disfrutatu dudalako ikaskideekin. Oso ongi moldatzen gara», nabarmendu du Farghalik.

Proiektuaren bidez, ingurumen kontzientzia lantzea eta handitzea da ikasleen asmoa. Iazko uztailean, Iruñeko Udalak hiriko Zangoza karrikan lur azpiko aparkaleku bat egiteko obrak abiatu zituen. Bizilagunen protestei esker, behin betiko eten zituzten obrak urte honen hasieran. Obra egiteko 33 zuhaitz moztu eta hamahiru birlandatu behar zituzten. Horrez gain, Gurutzeko Plaza institutuan dauden ikasleen ia erdiak Arrosadia auzoko beste eraikin batera mugitzea zen udalaren asmoa. Montorik azaldu du horrek kezka sortu zuela bizilagunen eta ikasleengan: «Ezingo genuen kalitatezko eskolak hartu, airea oso kutsatua egongo zelako, eta zaratarengatik».

Ondorioez jabetu gabe

Ikasle batzuentzat kutsaduraren inguruan hausnartzeko pizgarria izan bazen ere, proiektuan parte hartu duten lau gazteek ikusi zuten beste asko ez zirela ondorioez jabetzen. «Ez zuten erreakzionatzen; ematen zuen ez zitzaiela inporta», esan du Montorik. Horregatik, erabaki zuten ingurumen kontzientzia aztertzeko inkesta estandarizatu bat egitea ikasleentzat zein bizilagunentzat. «Emaitzak ikusita, kontzientzia lantzeko ariketak prestatu genituen, eta inkesta berriz egin genuen gero: ikusi genuen kontzientziak gora egin zuela», azaldu du Camposek.

«Modu dibertigarri batean hobeto uler eta barnera daitezke kontzeptuak; errazagoa izaten da»
LEIRE CAMPOS Iruñeko Gurutzeko Plaza institutuko ikaslea

Horrez gain, CO2 kopurua neurtzen duen meteorologia estazio bat sortu dute. Sentsoreen bidez jasotzen duen informazioa ordenagailura pasatu, eta grafiko baten bidez ikus daiteke nola aldatzen den leku batetik bestera mugituz gero. Adibidez, gelan ikasleak egon arren, leihoak irekitzen dituztenean CO2 kopurua baxuagoa da. Aldiz, ikaslez lepo dagoenean eta ez dituztenean leihoak irekitzen, CO2 kopurua hiru aldiz handiagoa da.

Adimen artifizialean oinarrituriko aplikazio bat sortzea eta trebatzea izan da proiektuko beste urratsetako bat. «Aplikazioak esaten dizu ea autoa isuri handiko edo txikiko eremuetan sar daitekeen», esan du Henaok. Horretarako, autoen ingurumen bereizgarrian agertzen den kodea irakurtzen du aplikazioak. Iruñean, oraingoz, ez dago autoen isurien araberako mugak ezartzen dituen araudirik, baina ikasleek pentsatu zuten ikasteko lagungarria izan zitekeela.

Egindako lanarekin «kontent»

Jolasaz ere baliatu dira ikasteko eta hausnartzeko; horregatik, Virus! (birus) izeneko mahai jokoa moldatu dute. Farghalik jakinarazi du «modu dibertigarri batean» azaldu nahi izan dituztela substantzia kaltegarriek eragin ditzaketen «ondorio konponezinak»: «Egunero kontsumitzen ditugun substantzia txikiak dira. Kantitate txikian kontsumitu arren, luzera ondorioak eragin ditzakete».

Hortik tiraka, ihes gela bat sortu dute. Proba guztiak fisikako eskoletan lantzen ari ziren gauzei lotuta daude, hala nola formulazioa, kimika eta estrukturak ikasteko lagungarria dela diote. Betiere, kutsadura ardatz izanik. Camposen arabera, jolasaren bidez «errazagoa» da jende gehiagorengana iristea: «Horrelako gauzak asko entzuten dira, baina ez gara kalteen larritasunaz jabetzen. Modu dibertigarrian hobeto uler eta barnera daitezke kontzeptuak».

Farghali, Henao, Campos eta Montori «kontent» dira egindako lanarekin, eta uste dute kontzientzia zabaltzen jarraitzeko beste urrats bat dela. Camposen arabera, kutsadurari aurre egiteko neurriak mahai gainean jartzen direnean, gauza berriak sortzeko aukeran jartzen da arreta. Halere, uste du lehenengo urratsa kontzientzia sustatzea dela: «Ez badakizu nola eragiten dizun, ez dituzu konponbideak bilatzen». Horregatik, egunero egin daitezkeen «ekintza txikiak» indartu behar direla iritzi diote. Bidea argia bada ere, Camposek dio ez dela «batere erraza» ikasitako guztia praktikan jartzea: «Gure bizitza eredua oraindik ez dago horretara bideratuta». Horregatik, kontzientzia zabaltzen jarraitu nahi dute.