Marisa Maestrek collage tailer bat eginen du Lizarran, eta Marisa Mantxolak Iruñean

Marisa Maestrek collage tailer bat eginen du Lizarran, eta Marisa Mantxolak Iruñean

Iruñeko Tacto Sutil collage taldeak udazkenarekin batera hasi du ikasturtea, eta azaroaren 23rako tailer bat antolatu du, Nafarroako Argazkigintza eta Zinemagintza Elkarteak hiriburuko Arrosadia auzoan duen egoitzan. Marisa Mantxolak zuzenduko du, eta fanzineen inguruan eginen dute. Tacto Sutil elkarteko kideek antolatutakoa ez da azaroan collagearen esparruan sakontzeko aukera eskainiko duen bakarra: Marisa Maestre Lizarran izanen da bihar, hiri horretako Aftelae Lizarrerriko Argazkigintza Elkartearen eskutik; Maestrek konposizio artistikoari eta estanpazio botanikoari buruzko collage tailer bat prestatu du; Lizarrako Gazteriaren Etxean eginen dute.

Lizarran izanen da Tacto Sutil elkarteko kide Raul Oloriz bihar, Maestreren tailerrean. Iruñeko kolektibo horretan ongi ezagutzen dute artista hori, Maestre hiriburuan izan baitzen duela urtebete, Tacto Sutilek antolatutako bertze tailer batean. Urtean bi egiten ohi dituzte. Marisa Mantxolarena izanen da oraingo ikasturteko lehendabizikoa, eta hurrengoa maiatz aldera eginen dute, ikasturte amaieran. Datorren maiatzekoan, hain zuzen, Niñapajaro goitizena erabiltzen duen Maria Salan artista ariko da.

Lan kolektiboa

Tacto Sutil kolektiboak duela hiru urte inguru hasi zuen bere bidea; ordutik, diziplina horrek herritarren artean piztutako interesak gora baino ez du egin Nafarroan. «Talde anitz sortu dira; collagea biziberritu egin da, nolabait erranda, ez baitu mugarik ezartzen. Denak balio du», erran du Raul Olorizek. Aurtengo Durangoko Azoka (Bizkaia) iragartzeko kartela aipatu du Tacto Sutil taldeko kideak, Udane Juaristi eta Balu artistek ondutako collage bat baita.

Tacto Sutil collage taldeko Carmen Zorokiainek egindako lanetako bat. CARMEN ZOROKIAIN

Egun, hamar pertsona inguru aritzen dira Tacto Sutil kolektiboan, baina bertze anitzek izan dute harremana elkartearekin, proiektu jakinen bidez. Kolektiboko kideek hamabostean behin egiten dute bat, eta elkarrekin aritzen dira gai jakin baten inguruan lanean. Nork bere proiektuak garatzen ditu, gainera, eta, hiriko bertzelako elkarteren edo eragileren batek deituta, gai jakinen inguruko collage kolektiboak egiten ohi dituzte. Irailean, Nafarroako Komiki Azokan parte hartu zuten, eta collage kolektibo bat egin zuten komikien inguruan, azoka amaitzeko saioan.

Tacto Sutil kolektiboko eta Lizarrako Aftelae argazkigintza elkarteko kideek antolatutako bi tailerron bidez, collagearen esparruan lan egiten duten esperientzia handiko bi artistaren eskutik ikasteko aukera izanen dute parte hartzaileek. Marisa Maestre espainiarra da (Madril, 1977); artista bisuala, ilustratzailea eta diseinatzaile grafikoa da, eta, collagearen, diseinuaren eta ilustrazioen bidez, «esperientzia eta emozio bisualak» sortzen ditu. 50 erakusketa baino gehiago egin ditu hamaika herritan, eta PK Artista Bisualen Kolektiboaren sortzailea da, bertze hainbat artistarekin batera.

Marisa Mantxola Iruñean bizi da, baina donostiarra da jaiotzez (1967), eta Arte Ederretan lizentziaduna, Euskal Herriko Unibertsitatean. Artista bisuala eta diseinatzaile grafikoa da; hamaika erakusketatan parte hartu du, eta lanak egin ditu hamaika erakunderentzat. Azaroaren 23an Iruñean eginen duen tailerrean, fanzineak izanen ditu oinarri. «Fanzineak eskuz esku pasatzeko egindako argitalpen xumeak dira. Eskuz egin daitezke, eta, egungo aro digitalean, eskuz egindako lan horri so egin nahi izan diogu tailerrean», azaldu du Olorizek.

Iruñeko Tacto Sutil taldeko Blas Campos, Raul Oloriz, Ana Araujo, Lola Azparren, Iñaki Cabodevilla, Carmen Zorakiain eta Aitzol de Carlos, artxiboko irudi batean, Iruñean. BEATRIZ MOLINA

Tailerrean, hain zuzen, fanzineen historia jorratuko du Mentxolak, eta parte hartzaileek nork bere fanzinea osatuko dute, collagearen teknika baliatuz.

Mentxolaren tailerra Nafarroako Argazkigintza eta Zinemagintza Elkartearen egoitzan eginen dute, Iruñeko Arrosadia auzoan. Hamabost pertsonarentzako tokia dago, eta tailerra zortzi ordukoa izanen da: lau goizez eta bertze lau arratsaldez. Collagearen munduan interesa dutenak parte hartzera deitu ditu Olorizek. Tacto Sutil kolektiboarekin bat egin dezaketela erantsi du. Taldearen asmoa tarteka bat egitea, elkarri laguntzea eta gai jakinen inguruan elkarrekin hausnarketa egitea dela erran du Olorizek, collagea baliatuz gogoeta horren berri emateko.