Udan Adi mendira joan ginen, eta bueltan, Sorogaingo aterpean bazkaldu genuen lagunekin. Batek, Ahinoak, esan zidan Erroibarren antzerkia egiten hasiko zela, hango Muxarra antzerki taldean, eta begirada distiratsu batek ihes egin zion. «Zoragarri!», erantzun nion, pozik; baina, aldi berean, gogora etorri zitzaizkidan antzezle profesionalon pobrezia eta prekaritatea. Pentsamendu horrek elkarrizketatik atera egin ninduen, momentu batez, eta nire baitara bildu ninduen isiltasunean segundo batzuk. «Urriaren 26an izango da aurkezpena», entzun nuen bat-batean; «bai, urriaren 26an Bizkarretan». Nola ez joan, jakina.
Eta han agertu ginen, udazken giroko egun gris eta umel batean. Frontoiaren bila ibili ginen herrian antzezlana han emango zutelakoan, eta aurkitu genuenean, hutsik zegoen. Emakume batek azaldu zigun kalean eginen zutela, eta eguraldi txarra izanez gero, frontoian izanen zela. Antzerkiaren aurretik elizan kontzertua zegoela esan zigun, eta ziztuan joan ginen. Eliza bete-betea zegoen; umeak, gazteak, helduak, denak nahasita. Ni lehenengo lerro-zalea naizenez eta normalean jendeari ez zaionez batere gustatzen aurrean esertzea, nahiko azkar aurkitu genuen lekua. Gure aurrean musika tresnak zeuden, tente-tente, dotoreak, zeruari begira, zain. Jendearengan magia eta misterioa sortzen duen herriko kulturak piztu egin ninduen eta antzinako memoriak oroitarazi zidan zertarako egiten dudan antzerkia; elkartasuna garatzeko, gure artean konplizitatzea sortzeko, parte hartzeko, ekarpena egiteko. Eta han geunden, denok batera, itxurakeriarik gabe, pretentsiorik gabe, presentziaz beteta. Kantu lirikoan murgildu ginen.
Kontzertua bukatu ondoren, kalea jendez gainezka zegoen. Zorionez ez zuen euririk ari. Kale antzerkiak sortzen dituen zirrarek inbaditu gintuzten, eta modu naturalean, ezer esan gabe, entzumen handiz, borobil bat sortu genuen, antzerkia ikusteko antzinako forma, denon artean erritual bat ospatzeko, sormenaren energia sentitzeko. Hauek dira entzun genituen bertso batzuk antzerkiaren lehenengo partean: Antonieta Erroren bertsoak, mezkiriztarra, AEBetara emigratu zuen emakumea: «Iduzki denean, zoin den eder itzala! Maitia, mintzo zira, plazer duzun bezala: egiten duzula mila disimula, erioa naizela; erraiten duzula. Bertzetarik naizela, gaizki mintzo zira. Zazpi urtez beti jarraiki zait ondotik, erraiten zaudalarik, ez dut zutaz bertze maiterik; hitz hortan fidaturik nago tronpaturik, gaixoa trixterik; ez dut eiten lorik, ez jan-edan onik, maitea zuregatik».
Gutxi hitz egiten da Nafarroan migratu eta hutsetik hasita aurrera egiten zuten emakumeez. Neure burua islatuta ikusten dut haiengan
Nik ez nuen Bizkarreta ezagutzen; izan ere, ez nekien non zegoen zehazki. Orain herri horrek aztarna ezabaezina utzi dit. Antonieta Erroren istorioak hunkitu egin ninduen. Nola erabaki zuen herri txiki bateko emakume batek, agian beldurrez eta zalantzaz beteta, bere habia, bere sustraiak, atzean uztea garai hartan. Bihotz-ukituta gelditu nintzen. Ez nuen horrelakorik espero. Gutxi hitz egiten da Nafarroan migratu eta hutsetik hasita aurrera egiten zuten emakumeez. Neure burua islatuta ikusten dut haiengan.
Antzerkiak sortzen duen elkarguneak hunkitu egiten gaitu, eragin egiten digu eta elkarrengana hurbiltzen gaitu. Gogoan hartzekoa da hori, herri-kulturaren memoria eta kontzientzia bizirik mantentzeko.