«Noiz konturatu nintzen zuria nintzela?». Bilgune feministako kide Amaia Zufiak bota du galdera, eta aurrean dituenak zer esan jakin gabe utzi ditu. Isiltasuna nagusitu da Iruñeko Labako pareten artean. «Deserosoa da hitzaldia horrela hastea, baina deserosotasuna da gure iparrorratza», jarraitu du. Nafarroako EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduko kide Kepa Yecorak apurtu du isilunea: «Saharatik irteterakoan, Europako pasaportea genuenok bide batetik eraman gintuzten, eta ez zutenak, beste batetik; orduan konturatu nintzen pasaporte hori izatearen pribilegioaz». Mugarri horiei klak deitu die Zufiak.
«Euskaldunok hizkuntzarekin eta kolonizazioarekin ditugun loturak aztertzea du helburu ‘Dekolonizazioa. Araka ditzagun gure bazterrak’ saioak» KEPA YECORA Nafarroako EHGAMeko kidea
Preseski, klak horiek izan dituzte abiapuntu Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek Araka ditzagun gure bazterrak saiakera osatzerakoan (Lisipe, 2022). Bilgune Feministako kide Zufiak eta Ekhi Petriatik azaroaren 5ean azaldu zituzten liburuaren nondik norakoak, Nafarroako EHGAMek bigarrenez antolaturiko Xoka. Jite disidenteak jardunaldiaren lehenbiziko saioan. «Euskaldunok hizkuntzarekin eta kolonizazioarekin ditugun loturak aztertzea du helburu Dekolonizazioa. Araka ditzagun gure bazterrak saioak», esan du Yecorak. Asteazkenean egin zuten bigarren saioa, Kuirliterarioak, eta Itxaro Borda eta Juanjo Olasagarre aritu ziren queer literaturaren ingurukoak azaltzen. Asteartean amaituko dute zikloa, Bollobertsoak saioarekin,19:00etan, Laban.
Interpelazioa ardatz
«Feminismoak Euskal Herrian jasotzen duen interpelazio antirrazista eta deskolonialaren aurrean euskal feminista moduan egindako prozesua biltzen du liburuak», esan du Zufiak. Alta, amaitu ez den prozesu bat dela azpimarratu du. «Euskal Herriko agenda feministan dauden hainbat auzi jorratzen ditu liburuak, baina, bereziki, feminista, euskaldun eta zuri gisa dugun kokalekua arakatzea du helburu». Izan ere, Zufiaren irudiko, erraza da norbera subjektu zapaldu moduan identifikatzea, baina zaila nor bere pribilegioez jabetzea.
«Antikolonialismotik deskolonizaziorako bidea egin nahi izan dugu»
AMAIA ZUFIA Bilgune Feministako kidea
Hain zuzen ere, interpelazioari tiraka, mugimendu feministako ahots anitzetan jarri du azpimarra Zufiak: «Liburua idatzi genuenean, ikusi genuen mugimendu feminista oso heterogeneoa zela; hau da, posizio arrazializatu batetik hitz egiten zutenek ez zutela ahots bat eta bakarra, eta feminista euskaldun zuriek ere ez». Zufiaren irudiko, garrantzitsuak dira ñabardurak, baita orotariko ahotsei erreparatzea ere: «Bilgune Feministaren lana izan da pentsatzea zein den emakume zurion posizioa kolonizazioaz hitz egiterakoan». Lanketa horrek, orobat, erantzunak baino gehiago galderak plazaratu ditu liburuan, «askatzen ez diren korapiloak», Zufiaren hitzetan: «Gauza bera al da Afrikako herrialde batean bizi duten kolonizazioa Euskal Herrian bizi izan dugunarekin? Zer pribilegio ditugu? Zein da gure ekarpena aliantza espazioetan?».
Deskolonizazioa ipar
Zufiak azaldu duenez, antikolonialismoak eta internazionalismoak ardaztu dute feminismoaren egitekoa, baina harago joatea helburu du saiakeran eginiko hausnarketak: «Herri zapalduekiko elkartasuna jorratu dugu orain arte, baina hori egiteak ez gaitu eramaten gure herrian bertan dauden zapalkuntza arrazistak identifikatzera; antikolonialismotik deskolonizaziorako bidea egin nahi izan dugu». Horretarako, militantzia kide arrazializatuak entzutea ezinbestekotzat jo du Zufiak, trukeak eta pedagogia landuz. Norberaren genealogia berrikustea ere ezinbestekoa dela adierazi du: «Euskaldunok subjektu zapaldu gisa identifikatzen dugu geure burua, baina hitz egin behar da euskaldun askok enpresa kolonialetan izan zuten egitekoaz ere». Deskolonizazioa gauzatzeko, preseski, ezinbestekoa da mugimendu feminista, antirrazista eta euskalduna artikulatzea, eta, Ekhi Petriatiren aburuz, eguneroko harremanak ehunduz sortzen da hori; zubiak eraikiz, alegia. «Jatorria, arraza, etnia… bereizketa termino gisa erabili ditugu; aldiz, klasea bezalako faktoreak gutxiago jorratu ditugu, eta horrek sortzen du egiaz bestetasuna», esan du Petriatik.
Pribilegioak eta eskubideak
Baina prozesu partekatu hori ahalbidetzeko, pribilegioak identifikatzea ezinbestekoa da Petriatirendako, eta, maiz, pribilegioen eta eskubideen arteko marra oso fina dela esan du: «Kolektibo batzuek pairatzen dituzten eskubide urraketek beste batzuen eskubideak pribilegio egiten dituzte ezinbestean?». Haren iritziz, arretaz jorratu beharreko auzia da hori, eta kapitalismoa jo du erantzuletzat: «Kapitalismoak ez ditu bermatzen guztiondako eskubideak, eta baliabideak lortzeko lehia sortzen du horrek; batzuoi bermatu zaizkigun eskubideak abantaila bihurtzen dira lehia horretan». Adibide gisa, esan du euskaldunak «askotan pribilegiodun gisa» interpelatu dituztela «euskaraz hitz egiteagatik», baina, haren irudiko, irtenbidea ez da eskubideak errefusatzea, horiek demokratizatzea baizik.
«Zapaldu eta zapaltzaile eta kolonizatu eta kolonizatzaile garela onartzeko zintzotasuna da abiapuntua»
EKHI PETRIATI Bilgune Feministako kidea
Beraz, pribilegioen ardura nola hartu, hori litzateke gakoa, Petriatiren arabera: «Pribilegio handiagoko posizioetan dagoenak erraztu beharko lituzke elkarrizketak». Halaber, jabetze eta desjabetze prozesuak beharrezkoak direla azaldu du, mugimendu feministan eta baita herri mugimenduko gainontzeko eragileetan ere: «Zapaldu eta zapaltzaile eta kolonizatu eta kolonizatzaile garela onartzeko zintzotasuna da abiapuntua». Mugimendu feminista euskalduntzeko eta bertatik gizartea euskalduntzeko akordio zabal baten beharra ere azpimarratu du Petriatik, eta hizkuntza eta generoa nortasuna eraikitzeko tresna direla aldarrikatu. Hortaz, saiakerak eginiko proposamenak erdiesteko subjektu transfeminista eta antirrazistak ugaritzea beharrezkoa dela esan du Petriatik, aliantzak josiz eta elkarlana ardatz izanik, korapiloak aska daitezen.