«Kalean jotzen dugunean sortzen den giroak bilakatu nau txistulari»

«Kalean jotzen dugunean sortzen den giroak bilakatu nau txistulari»

Musika ikasketek Donostiara eraman dute Leire Retegi (Leitza, 2002): pianoko gradu profesionala egiten ari da, Francisco Escudero kontserbatorioan. Txikitan, halere, txistuaren alde egin zuen, eta ez du bazter uzteko inolako asmorik. Karrikako giroa maite du, eta akademian ere ari da urrats sendoak egiten: Donostiako Orfeoiak eta Musikenek saritu berri dute, goi mailako ikasketen amaierako lanarengatik. Leitzako txistularien errepertorioa aztertu du.

Noiz hasi zinen txistuarekin?

Gogoan dut txikitan igandero entzuten nituela Leitzako plazan jotzen aritzen ziren txistulariak; besta egunetan ere dianak jotzen zituzten, eta gure etxeko balkoiaren azpitik pasatzen ziren. Maite nuen txistulariak jotzen entzutea.

Noiz hasi zinen zu jotzen?

Herriko Aralar musika eskolan hasi nintzen, eta, 7 urterekin, musika tresna bat aukeratu behar izan genuen. Oroitzen naiz hiru aukeratu behar genituela; hau da, lehen aukera, bigarrena eta hirugarrena zehaztu behar genituela, eta nik hiruretan jarri nuen txistua nahi nuela.

Garbi zenuen hasieratik, beraz?

Ez dakit 7 urterekin zer bide egitea espero nuen, baina garbi nuen txistua maite nuela. Irakasleen eta gurasoen babesa izan nuen, eta, batez ere, kalean jotzen hasi nintzenean konturatu nintzen giro hori maite nuela. Kalean jotzen dugunean sortzen den giro horrek bilakatu nau txistulari.

«Leitzako udal kontuen liburuetan, 1568. urtean agertzen da txistulari bati egindako ordainketaren berri lehen aldiz»

Pablo Sarasate kontserbatorioan eta Donostiako Musikenen egin dituzu ikasketak. Hagitz desberdina da giro hori?

Ikasketa ofizialek erakutsi didate beste giro hori, askoz ere serioagoa; akademiako esparru horrek kontzertuen giroa eman dit, eta txistua pianoarekin edo akordeoiarekin batera jotzeko aukera ere bai. Halere, nik uste dut txistuak kalea duela berezko lekua, bat izatekotan. Giro horrek aukera eman dit alde batera eta bestera ibiltzeko, beste txistulari batzuekin aritzeko.

Leitzan lan handia egindako bi txistulariri buruz aritu zara ikasketa amaierako lanean: Angel Alduntzin eta Miguel Angel Sagaseta. Aitortza egin nahi izan diezu?

Aitortza xume bat da lana. Leitzako txistulari zaharragoen ahotik jakin nuen herrian izan zirela lan handia egin zuten bi txistulari, Alduntzin eta Sagaseta. Sagaseta apaiz egon zen Leitzan, eta musika eskola bat jarri zuen martxan. Eskolarako materiala lortzeko, Alduntzinek jotzen zituen piezak grabatu zituen, eta gero paperean jaso, ikasleei emateko. Sagaseta Etxarri Aranatzera joan zen 1981ean, eta haren eskuizkribuak sakabanatuta gelditu ziren.

Aurkitu dituzu?

Bai; herriko beste txistulari batzuen laguntzarekin, han-hemen ziren eskuizkribuak jaso ditut. Lanean, gainera, testuinguru bat eman nahi izan diot Sagasetak eta Alduntzinek egindako lanari, eta txistua herrian noiz agertu zen, zer funtzio sozial izan duen eta beste landu ditut. Eskuizkribuak sailkatu ditut azken atalean.

Errepertorio hori gorde nahi izan duzu, nolabait?

Bai. Gaur egun jotzen ditugun piezak besteei entzunez ikasitakoak dira, eta errepertorio hori paperean edukitzeak transmisiorako beste bide bat ematen du. Sagasetak esan zuen ez zuela asmorik ikerketa lan sakon bat egiteko, baina nik garbi dut hark utzi dizkigun eskuizkribu horiek egile bat badutela, lan horrek behar zuela gordetzeko berme bat eta lan hori bilduma bat dela.

Txistuak Leitzan izan duen historia jaso duzu, neurri batean. Aspaldi hasi zen historia hori?

Ez dakigu lehen txistulariak noiz agertu ziren, baina, Patziku Perurenak lan batean jasotako Leitzako udal kontuen liburuetan, 1568. urtean agertzen da txistulari bati egindako ordainketaren berri lehen aldiz.

Funtzio sozialaz ere aritu zara. Anitz aldatu da?

Euskal Herrian udal txistularien bandak agertuz eta egonkortuz joan ziren. Leitzan ez dugu udal bandarik izan, baina 2019ra arte egon dira udalak ordainduta funtzio hori egin duten txistulariak. Urtez urte aritu dira herriko besta nagusietan, eta igandero, bi orduz, herriko plazan. Alduntzin bera, Leitzan ez ezik, beste hainbat herritan ere aritzen zen jotzen. Gaur egun, udalak ordaindutako talderik ez da jada, baina txistularirik ez da falta herriak behar eta eskatzen dituenean.

«Udalak ordaindutako talderik ez da jada, baina txistularirik ez da falta herriak behar eta eskatzen dituenean»

Kalean, kontserbatorioan, bai eta txapelketetan ere. Euskal Herriko txistulari gazteen lehiaketa irabazi zenuen maiatzean, Bilbon. Esparru hori ere gustukoa duzu?

Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan hasi nintzenean sartu nintzen txapelketen mundu horretan. Hernaniko txistulari gazteen txapelketa egiten zuten orduan, 16 urte artekoentzat. 2019an parte hartu nuen azkenekoz. Kontua da iaz Euskal Herriko txapelketa sortu zutela 18 eta 25 urte bitartekoentzat, eta horretan aritu naiz aurten, lehen aldiz. Polita izan da, eta pozgarria da irabaztea.

Txistuak badu arrakastarik gazteen artean?

Baietz esan nahiko nuke, baina musika eskoletan joera bestelakoa da, behera egin baitu gazte kopuruak. Ez dakit zein den joera hori aldatzeko konponbidea, baina uste dut sare sozialetan badela lana egiteko. Inportantea da txistua kalera ateratzea ere, eta gazteei harremanak sortzeko aukera ematea.

Pianoa ikasten ari zara orain. Zer du txistuak ez duena?

Tresna bakoitzak badu berea: txistuak kaleko giroa ematen dit, eta pianoak, berriz, arlo akademikoa, kontzertuen arloa. Intimoagoa da.