Olio usainak hartu du errota

Olio usainak hartu du errota

Makinen soinuaren gainetik, olioaren usaina. Arroizko Mendia kooperatibako kideak azaroaren 4an hasi ziren aurtengo oliben uzta biltzen, eta abenduaren 15era arte segituko dute lanean: olibak jasotzen eta olioa egiten. 1992. urtean sortu zuten Mendia, Nafarroa erdialdeko 27 errota txikik bat egin eta gero. Egun, 5.000 bazkide baino gehiago ditu, eta, denera, 3.000 hektarea olibondo inguru. Bazkide horietako bat da Pedro Gonzalez, Mendia kooperatibako presidentea, eta, jakinarazi duenez, hamar milioi kilo oliba inguru jasoko dituzte aurtengo kanpainan.

Gonzalezek goiz hasten du lanaldia, oliben uzta biltzeko sasoiak iraun bitartean. Egunotan, hamasei bat langile ari dira Arroizko errotan lanean, olibak jasotzen hasten direnetik egunean 24 orduz aritzen baitira oliba horiek olio bilakatzen. Lehendabizi, garbitu egiten dute kamioiek ekarritako uzta; gero, olibak txikitzen dituzte, eta sortzen den pasta moduko horretatik ateratzen dute olioa, zentrifugazio sistema baten bidez. Olioa biltegi handi batzuetan gordetzen dute zortzi edo hamar egunez, eta iragazi eta gero, botiletan sartu eta saltzeko prest da.

Mendia olio kooperatibako presidente Pedro Gonzalez, azaroaren 21ean, kooperatibak Arroitzen duen egoitzan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Mendia kooperatiban egiten duten olioak —oliba olio birjina eta oliba olio birjina estra—, Nafarroako Olioa sor-markaren zigilua du, Arroizko errota hori baita sor-marka horren barruan dauden bost errotetako bat; La Maja, La Casa del Aceite, Trujal de la Ribera eta Aceites Artajo dira gainerako laurak. INTIA Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuko kideek kontrolatzen dute sor-markaren barruan dauden errotetan erabiltzen duten fruituaren kalitatea. INTIAko teknikariek nabarmendu dute olibek «ongi garatzeko aukera» izan dutela aurten, eta, horren ondorioz, uste dute sor-markako aurtengo olioak «arazorik gabe» beteko dituela zigilu horrek kalitateari dagokionez ezartzen dituen «baldintza zorrotzak».

Pedro Gonzalezek ez du inolako zalantzarik horretan: «Aurtengo olibak bikainak dira; uda bukaerako eta udazken hasierako euriak on egin die. Udan lehorte handia izan genuen, eta bero handia. Olibek, ordea, egokitzeko gaitasun handia dute; fruitua zimurtu egiten da lehorteak jotzen duenean, baina ez da erortzen, eta euria egiten duenean, suspertu egiten da. Uzta hagitz ona izanen dugu, eta olio bikaina, ia beti bezala», azaldu du Mendia kooperatibako presidenteak.

Bi milioi litro

1992. urtean sortu zenetik, Mendia kooperatibak «urratsez urrats» egin du aurrera. Kooperatibak Arroitzen dituen azpiegiturak handituz joan dira, eta bazkideen esku diren olibondoen kopurua ere bai. «Mendiak ekoitzitako olioaren %40 bazkideen esku gelditzen da», kontatu du Gonzalezek. «Kooperatibak dituen 5.000 kide horietatik %80-90 olibondo gutxi dituzten nekazariak dira, eta etxerako dituzte», erantsi du. Ekoitzitako gainerako olioa Arroizko egoitzako biltegietan gordetzen dute, eta handik, Hego Euskal Herriko eta Aragoiko eta Errioxako (Espainia) dendetan saldu.

Mendia olio kooperatibako langile bat, Arroizko errotan lanean, azaroaren 21ean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Mendiak bi milioi litro inguru ekoitziko ditu aurten. «Iaz, 2,3 milioi litro egin genituen. Iazko uztak marka guztiak ondu zituen: hamabi milioi kilo oliba jaso genituen», erran du Gonzalezek. Azken urteotako datu onek, halere, ez dituzte aldatu Mendia kooperatibako kideen helburuak: «Gure filosofia beti izan da urrats txiki eta sendoak egitea. Batzuk hasi dira olibondo gehiago landatzen, sinetsita uzta iazkoaren edo aurtengoaren pareko izanen dela beti. Duela hiru urteko uzta ongi gogoan dut, ordea: sei milioi kilo oliba hartu genituen».

Olibondoek egokitzeko ahal handia dute. Nafarroan, halere, euren berezko esparruaren «mugan» dira: «Mediterraneoko fruitu bat da; iparralderago ez dago. Hemen Arroizko oliba dugu», zehaztu du Pedro Gonzalezek. Arroizko oliba da nagusi Mendia kooperatiban, baina bertze bi barietate ere landatzen dituzte: picual oliba eta arbekina. Arroizko olibak ematen dio berezko zaporea Mendia olioari: «Zapore handikoa da», azpimarratu du.

Hark ongi ezagutzen ditu oliben eta olioaren inguruko xehetasunak, etxean jaso baitu fruitu horren inguruko zaletasuna. Olibondoen artean hazi da, Arellanon, eta olibondoen artean segitzen du, lanean. Egin duen bidean, Mendia kooperatiba sortzeko pausoa eman izana nabarmendu du, batez ere, eta gogoratu du Nafarroako Gobernuak sustatu zuela: «Ohartu ziren Nafarroa erdialdean errota txiki eta zahar anitz zirela, eta haietako anitzen baldintzak kaskarrak zirela. Gobernuak bultzatu zuen nekazariek bat egitea eta kooperatiba martxan jartzea. 1992an sortu zenetik, ederki aritu da».

Hezurrak berogailurako

Mendia kooperatibak bazkideen olibak jasotzeko guneak antolatzen ditu herriz herri, eta gune horietatik eramaten dituzte kooperatibak Arroitzen dituen azpiegituretara. Kamioiak olibaz beteta iristen dira errotara, eta han hustu egiten dituzte, fruitu horiek olio bilakatzeko prozesua has dezaten. Bertze kamioi batzuk, berriz, hutsik ailegatzen dira errotara; horiek, hain zuzen, Vianako Ortigosa errotara eramaten dituzte kooperatiban olioa ekoizteko prozesuan sortzen diren hondakinak. Zehazki, olibak txikitu eta olioa eta hezurrak kendu eta gero gelditzen den pasta aprobetxatzen dute, oliben patsarekin olioa egiteko. Oliben hezurrak ere aprobetxatu egiten dituzte Mendia kooperatiban: «Azpiegitura osoko berogailuak hezur horiekin funtzionatzen du; behar ez duguna saldu egiten dugu», aipatu du Pedro Gonzalezek.

Arroizko Mendia kooperatiban egiten duten olioa, biltegietan gorde aurretik, azaroaren 21ean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Mendia kooperatibako presidentea lanez gainezka da uzta biltzeko kanpaina hasi zenetik. Kamioien joan-etorria etengabekoa da Arroizko errotan. Txorrotetatik ateratzen den olioaren usainak hartzen du azpiegitura osoa, eta langileak han eta hemen ari dira prozesu osoa gainbegiratzen. Gonzalez baikor da aurtengo kanpainak emanen duen uztari eta olioari dagokienez, baina onartu du kezka baduela etorkizunarekin. «Gure kooperatiban 30 urte baino gutxiago dituzten hiru nekazari ditugu, eta anitz da hori, bertze batzuek bakar bat ere ez baitute!», aipatu du. Nekazariak behar direla berretsi du. «Bertzela, jai dugu».

«Gure kooperatiban 30 urte baino gutxiago dituzten hiru nekazari ditugu, eta anitz da hori, bertze batzuek bakar bat ere ez baitute!»
PEDRO GONZALEZ Arroizko Mendia kooperatibako presidentea

Klima aldaketak ere kezkatzen du, eta garbi du epe luzera Mendia kooperatibako nekazarien jarduera «baldintzatuko» duela: «Jada ez dugu lehengoen pareko izotzaldirik; beroaldiek modua ematen dute izurrite jakin batzuei aurre egiteko, baina bertze batzuei mesede egiten diete. Nik 720 metrora ditut hainbat olibondo; duela 25 urte landatu nituen, eta sumatu dut azken urteotan aurreratu egin zaiela loraldia. Hori ona da orain, baina uste dut epe luzera klima aldaketak min handia eginen digula».

Mendia kooperatibak hiru milioi kilo oliba bildu ditu aurtengo kanpainaren lehendabiziko hogei egunetan. Abenduaren 15era arte segituko dute lanean. Orain arteko bide beretik egin nahi dute aurrera: mantso, baina sendo.