«Egindako lana saritu dute dominaren bidez, baina nire bidea ez da amaitu oraindik»

«Egindako lana saritu dute dominaren bidez, baina nire bidea ez da amaitu oraindik»

Carmen Rubiok (Iruñea, 1961) bide luzea egina du kirolaren esparruan: duela 30 urte hasi zen arku tiroan, eta, geroztik, hamaika domina irabazi ditu. 2012an, Londresko Paralinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Polioak jo zuen 14 hilabete zituenean, eta eritasunak arrastoa utzi dio. Gaitzak, halere, ez du Rubioren egunerokoa baldintzatu: «Beti egin dut aurrera», nabarmendu du, Nafarroako Hitza-rekin solasean hasi bezain pronto. Eskertu du Nafarroako Gobernuak eman berri dion Kirol Merituaren Urrezko Domina, baina garbi erran du ez duela kirola uzteko asmorik. «Geziak botatzen segitu nahi dut».

Beharra sumatu duzu aldarrikatzeko zure kirol ibilbidea ez dela amaitu?

Biziki eskertzen dut Nafarroako Gobernuak eman didan saria; iruditzen zait orain arte egindako bidea saritu dutela haren bidez, eta horrek anitz poztu nau, baina nire bidea ez da amaitu oraindik. Harro nago orain arte egindako urrats guztiez. Kontua da sariaren harira batzuk galdezka hasi direla erretiroa hartzeko garaiaz, eta nik garbi erran nahi diot mundu guztiari ez dudala inolako asmorik arku tiroa uzteko. Lehiatzen jarraitzeko moduan nago, eta kirolak, gainera, on egiten dit. Beti egin dut aurrera, eta uste dut dominaren bidez hori ere nabarmendu nahi izan dutela.

Oztopo anitz izan duzu bidean?

Desgaitasuna dut. Polioak jo ninduen 14 hilabeterekin; desgaitasuna, beraz, bidelagun izan dut beti. Arku tiroa gutxi batzuk egiten dugu. Desgaitasuna duen emakume bat naiz, eta beteranoa, gainera. Oztopoak izan ditut bidean, noski, baina aurre egin diet beti, eta horri eman diot balioa, hain zuzen.

«Oztopoak izan ditut bidean, noski, baina aurre egin diet beti, eta horri eman diot balioa, hain zuzen»

Nola hasi zinen arku tiroan?

Lagun bat arku tiroan aritzen zen, eta egun batean probatzera eraman ninduen. Gustatu zitzaidan, eta, pixkanaka, sakonduz joan nintzen. Gaur arte. Egunerokoaren zurrunbiloak harrapatzen nauenean, eta korrika eta presaka ari naizela nabari dudanean, arkua hartu eta gezi batzuk bota, eta anitzez hobeki egoten naiz gero. Kirol honek, gainera, bazter utzi zituen aspaldi desgaitasunen bat dutenen eta ez dutenen arteko mugak.

Zer erran nahi duzu?

Arku tiroan araudi bakarra dago, eta araudiak barne hartzen du desgaitasunen bat dugunok behar ditugun egokitzapenak egiteko aukera. Ni arku tiro egokituko txapelketetan aritzen naiz, baina egokitu gabekoetan ere bai, araudiak aukera ematen baitit hor egoteko.

Nola?

Adibidez, arku tiroko federazioaren araudiak jasotzen du eserita aritu gaitezkeela. Arku tiroan ez da egokitzapen handirik behar, baina bertze kirol batzuetan egoera bertzelakoa da.

Desgaitasunen bat dutenentzat zailagoa da bertze kirol horietan aritzea?

Bai. Ibiltzeko protesi bat erabiltzen duenak, adibidez, bertze bat behar du korrika egiteko, eta bere poltsikotik ordaindu behar du. Gainera, ez dira batere merkeak: milaka euro balio dute. Dirua, beraz, muga bat izan daiteke desgaitasunen bat duten anitzentzat. Anitzek igeriketa egiten dute, egokitzapen gutxi behar duelako, hain zuzen ere.

Kirol Merituaren Urrezko Domina jaso duzu. Horrek lagunduko du desgaitasunen bat duten kirolarien lana ikusgai jartzen?

Uste dut inportantea dela desgaitasuna duen emakume batek jaso izana domina hau, eta espero dut lagunduko duela desgaitasunen bat duten kirolariak erdigunean jartzen. Harro nago dominak eman didan aukeragatik. Nik garbi erran nahi dut desgaitasunen bat dugunok txikitatik egin dezakegula kirola.

Seigarren postua lortu zenuen 2012ko Paralinpiar Jokoetan. Udan Parisen egindakoetan ez zinen izan. Gogorra izan da?

Pena hori dut, Parisen egon ez izana. Kontua da sailkatzeko probak urtarrilean egin zituztela, Madrilen. Bronkitisak jota joan nintzen, eta ez nuen lortu sailkatzea.

Los Angeleskoetara joatea duzu helburu?

Lau urte falta dira. Ikusiko dugu: urratsez urrats egin behar dugu aurrera.

Eta zein da hurrengo urratsa?

Espainiako Federazioak hurrengo urteko txapelketetan parte hartuko duen taldea osatu behar du orain. Nire helburua da talde horretan sartzea. Hori lortzeko, federazioak antolatzen dituen sailkatze lehiaketetan parte hartu behar dut. Lehiaketa horietan parte hartzeko ordaindu beharreko ehun euroak pagatu berri ditut. Hori da oraingo nire helburua.

«Ni arku tiro egokituko txapelketetan aritzen naiz, baina egokitu gabekoetan ere bai»

Zure bidea ez da amaitu, baina anitz lortu duzu jada.

Espainiako Txapelketan parte hartu nuen lehen aldian azkena gelditu nintzen! 1995ean hasi nintzen arku tiroan, eta hurrengo urteko edo handik bi urteko txapelketan aritu nintzen. Azkena gelditu nintzen, baina ez nuen etsi. Aurrera egin nahi nuen, eta lortu dut!

Nafarroan arkulari anitz bada?

Bederatziehun lizentzia inguru daude, baina arku tiroan aritzen garenak berrehun inguru izanen gara. Talde pribatuak daude, eta gehienen azpiegiturak nahiko eskasak dira. Nahiko genuke federazioak arku tiroan aritzeko toki bat izatea.