Luzea eta zaila. Halakoxea da lan ezintasuna lortzeko prozesua, Concha Bidaurre abokatuaren hitzetan. Bidaurrek Frida Nafarroako Fibromialgia Elkarteak antolatutako mahai inguru batean parte hartu du, Iruñean, gaitz horrek jotako herritarrei argibideak emateko asmoz. Salatu du, oro har, diruak baldintzatzen dituela lan ezintasunari buruzko prozesuak: «Irizpide ekonomikoak nagusitzen dira».
Urrian, Maria Elena Escudero eta Maria Angeles Andres langileen salaketak mahai gainean jarri zituen sistemak dituen hutsak: garbitzaileak dira biak, eta biei ukatu diete lan ezintasun iraunkorra, mugitzeko zailtasunak eta hainbat osasun arazo izan arren. Escuderok aulki gurpilduna behar du mugitzeko; Andresek, berriz, taka-taka bat. «Ezin da ulertu bi langile horiei ezintasun iraunkorra ukatu izana. Ez da bidezkoa, ez da zentzuzkoa», berretsi du Bidaurrek.
Hainbat lan-ezintasun mota daude: partziala, langileak lanpostuko funtzio jakin batzuetarako ahala galtzen duenean; ohiko lanbidean aritzeko ezintasun osoa; ezintasun iraunkor oso eta kalifikatua; ezintasun absolutua; eta baliaezintasun handia. «Ezintasun iraunkor oso eta kalifikatua 55 urte baino gehiagoko langileei ematen zaie; ezintasun absolutua ematen da langileak ezein lanbidetan aritzeko ahalik ez duenean. Baliaezintasun handiaren kasuan ere, eskatzen duenak ez du lan egiteko inolako aukerarik, eta, gainera, laguntza behar du bere egunerokoan», zehaztu du Bidaurrek.
«Gaitz guztiei fibromialgiaren etiketa jarrita, langileak lanera itzularazten dituzte, minak jota egon arren»
CONCHA BIDAURRE Abokatua
Ohiko lanbidean aritzeko ezintasun osoa dutenei dagokienez, joan den maiatzean lortutako sententzia bat nabarmendu du Concha Bidaurrek, ebazpenak aukera eman diolako langileari onartutako ezintasunagatik pentsio bat jasotzeko, eta, aldi berean, enpresa berean bertze mota bateko lan bat egiteko eta dagokion soldata jasotzeko. «Gizarte Segurantzak langile bati sendagiria ematen dionean, baina muga batzuk ezartzen dizkionean ohiko lana egin dezan, enpresak behartuta daude pertsona hori bertze postu batera mugitzera, baina anitzetan ez dute hori egiten. Maiatzeko sententzia hori lortzeko, Europako araudia baliatu dugu, eta bide bat zabaldu dugu haren bidez».
Fibromialgiak jotako herritarrak dira Bidaurreren saioa entzutera joan diren gehienak; hitza hartu dute abokatuari azaltzeko Gizarte Segurantzarekin izan dituzten arazoak. Batek baino gehiagok salatu du fibromialgiaren diagnostikoak erabat baldintzatzen duela gaixo baimena eskuratzeko duten eskubidea: «Izan dezakegun edozein oinaze lotzen dute fibromialgiarekin, eta, ondorioz, ez digute gaixo agiria ematen». Izan ere, gutxienez sei hilabete pasatu behar dira gaitz batek eragindako gaixo baimena jasotzen denetik eritasun beragatik bertze gaixo agiri bat eskatu ahal izateko. «Gaitz guztiei fibromialgiaren etiketa jarrita, langileak lanera itzularazten dituzte, minak jota egon arren», laburbildu du Concha Bidaurrek.
Medikuen txostenak
Medikuek egiten dituzten txostenak «funtsezkoak» dira langile batek ezintasuna lortzeko bidean. Bide hori epaitegietan bukatu ohi da, eta sendagileek euren txostenetan idazten dutena da epaileak bere sententzia osatzeko balia dezakeen oinarri nagusia. Nafarroan, Bidaurrek salatu du medikuek ez dutela eritasunaren gradua zehazten fibromialgiak jota daudenen kasuan. «Ondorioz, sententziak langileen aurkakoak izaten ohi dira». Langile batek bere postuan jarraitzeko ahala duenean, baina «mugak» ezarrita, medikuen txostenek jasotzen duten informazioa «hagitz garrantzitsua» dela erantsi du abokatuak: «Inportantea da muga horiek ongi zehaztea: ezin duela pisurik altxatu, ezin dela zutik egon, hainbat orduan behin atseden hartu behar duela…».
Frida Nafarroako Fibromialgia Elkarteak antolatutako mahai ingurua, abenduaren 18an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Txosten horiek idazteko modua ere kontuan hartzekoa dela garbi erran du Bidaurrek: «Ez da gauza bera mediku batek idaztea gaixoak erran diola hau edo bertze duela, edo sendagileak erratea pertsona hori gaitz honek edo bertzeak jota dagoela». Abokatuak esplikatu du langileak ez duela helegite bat aurkezteko aukerarik, galduz gero; hutsetik hasi behar duela prozesua, berriz ere: «Egoera horrek bigarren mailako bilakatzen du justizia soziala», erran du. Langile guztiek ez dute gisa horretako prozesu bat abiatzeko aukera. «Gaixo baimena lortzen ez dutenek eszedentzia bat eska dezakete, aukera badute; bertzela, lanera joan behar dute. Gogorra da».