«Lortu nahi dugu euskarari Erronkariko hizkeren kutsua ematea»

«Lortu nahi dugu euskarari Erronkariko hizkeren kutsua ematea»

Barañainen jaioa da Josune Aznarez (1982), baina Erronkaribarkoa dauka familia osoa. Aita Burgikoa du, eta ama Izabakoa, baina ezkondutakoan Iruñerrira joan ziren bizitzera. Hala ere, Aznarezek lotura estua izan du beti ibarrarekin eta bertako euskararekin. 2020. urtean, Uskararen Eleak liburua argitaratu zuen, eta 2022an, Oinarrizko Hiztegia. Iazko urrian, Eleñoak ipuin bilduma ondu zuen (Lamiñarra, 2024). Ipuinek, abestiek eta asmakizunek osatzen dute idazkia: osotara, 23 testu. Erronkarieraz, euskara batuaz eta gaztelaniaz daude, eta XX. mendekoak dira denak.

Zer esan nahi du Eleñoak-ek?

Ele-k erronkarieraz hitza edo ipuina esan nahi du, eta ño txikigarria da, txo bezala: txoritxo edo txoriño, pasartetxo edo pasarteño. Orduan, Eleñoak-ek ipuintxoak, ipuin txikiak edo istoriotxoak esan nahi du.

Nola jaio zen liburua egiteko ideia?

Beti nago adi ikertzaileek zer publikatzen duten eta zer material sortzen den. Ohartu nintzen hainbat grabaziotan elkarrizketatuek istoriotxoak kontatzen zituztela. Mariano Mendigatxak Resurreccion Maria Azkueri bidalitako kartetan ere aurkitu nituen ipuintxo batzuk. Ikusi nuen liburu eta artikuluetan sakabanatuta zeudela; orduan, horiek berreskuratzea eta liburu batean biltzea erabaki nuen; erronkariera nolakoa den hobeto ulertzeko, batik bat. Denak batzen eta euskara batura eta gaztelaniara itzultzen hasi nintzen. Lamiñarrako argitaletxeko arduradunarekin hitz egin nuen, eta, interesgarria zela iruditu zitzaionez, publikatzea erabaki genuen.

Nortzuk dira ikertzaile horiek?

Jose Estornesen Erronkariko Uskara-n Mendigatxaren ipuinak bazeuden. Beste asko Contribución al conocimiento del dialecto roncalés-etik atera ditut. Beloki Sansirenea de Elosegi eta Mitxelena Erronkaribarko hiztunak grabatzen aritu ziren. Besteak beste, Pastora Anaut, Simona Anaut eta Carmen Dronda grabatu zituzten.

«23 testu daude ‘Eleñoak’-en: bi asmakizun, txikiekin kantatzeko abesti motz bat, eta gainontzekoak, ipuinak»

23 testuk osatzen dute Eleñoak bilduma.

23 testu horietatik bi asmakizunak dira, labur-laburrak, eta gero haur txikiekin kantatzeko abestitxo bat dago. Gainontzekoak ipuinak dira.

Testuetan hika eta zuka tratamenduak igartzen dira.

Hala da. Erronkarin hiru tratamenduak erabiltzen ziren, gainerako euskalkietan bezala. Hikari dagokionez, kuriosoa iruditu zitzaidan Simona eta Pastora Anautek eta Carmen Drondak emakumearen tratamendua erabiltzen zutela gizonezkoarena behar zenean. Fidela Bernat azken hiztunari ere hori gertatzen zitzaion. Emakumeekin hitz egitera ohituta zeudelako gertatzen zen hori. Testuren batean bi gizon noka hitz egiten agertzen ziren, eta horiek zuzendu behar izan ditut.

Ilustrazioak ere baditu liburuak. Nork egin ditu?

Joseba Beramendik egin ditu, Exprai-k. Ilustrazioak egiteaz gain, maketatu ere egiten du. Orduan, hark egin du dena: maketazioa, ilustrazioak eta azala. Oso ederra geratu da. Azaleko ilustrazioa ipuin batena da, hamabigarren ipuinekoa: Sua eta idor emazte. Suaren inguruan kontatzeko ipuintxoak direnez, iruditu zitzaigun polita litzatekeela suaren irudi hori azalerako erabiltzea.

Erronkariko Batzorde Nagusian egin zenuen aurkezpena, Aitor Aranarekin batera. Nolakoa izan zen egun hura?

Niretzat ohore bat izan zen. Aitor Aranarekin harremanetan hasi nintzen aurreko liburua egin nuenean, Oinarrizko Hiztegia. Hiru adituri pasatu nizkien hitzak errepasatzeko, eta horietako bat Aitor Arana izan zen. Ordudanik hasi ginen harremanetan, eta egiten ditugun liburuak bidaltzen dizkiogu elkarri. Urte hasieran, Erronkariera Hiztegia publikatu zuen, eta, Erronkaribarren aurkezpenik egin ez zuenez, bi liburu hauen aurkezpena elkarrekin egitea erabaki genuen.

«Fidela Bernat izan zen Erronkariko azken hiztuna, dakigunez. Hala ere, esaten da bazeudela beste hiztun batzuk»

Erronkariko euskara galdua da, eta esan duzu Fidela Bernat izan zela azken hiztuna.

Hor beti zalantzan dugu. Dakigunez, Fidela Bernat izan zen azken hiztuna. Hala ere, Izaban eta Uztarrozen, euskalkia galdu zuten azken herrietan, esaten zuten bazeudela beste hiztun batzuk. Ikertzaileak agertzen ziren magnetofono handi horiekin, eta, jendea lotsatu egiten zenez, ez zekitela esaten zuten. Baina, dakigunez, Fidela Bernat izan zen azkenekoa.

Zer beste egitasmo daude Erronkariko euskara berreskuratzeko?

2021ean Bortuetako Euskalkien Foroa sortu zen. Bertan elkartu ginen Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Artzibar, Erroibar, Esteribar eta Luzaideko jende bat, hizkerei eta euskalkiei bultzada bat emateko asmoz. Tarteka kartel batzuk egiten dira esaera zaharrekin, edo hitzekin, jendeak erabil ditzan. Baina ibar bakoitzean egitasmo propioak dituzte. Euskara bueltatu da galduta zegoen tokietara, eta orain lortu nahi dugu bertako hizkeren kutsua ematea eta nortasun hori islatzea.