Maiatzaren 10ean Nafarroako zubietan euskararen alde batzera deitu du Sorionekuak mugimenduak

Zubien esanahi sinbolikoa gogora ekarrita, maiatzaren 10ean Nafarroako herrietan euskararen aldeko bilkurak egitera deitu du gaur Sorionekuak mugimenduak. 2023an atera zen plazara plataforma hori. 2023ko ekainean euskararen aldeko festa jendetsu bat egin zuten Iruñean, Euskara, nafar guztiona lelopean, eta euskararen aldeko aldarrikapenak ozendu nahi dituzte aurrerantzean ere. «Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko»; horixe gogorarazi dute gaur goizean egin duten agerraldi batean.

Halaber, argi azaldu dute zer adierazi nahi duten Nafarroako herrietako zubietan egin nahi dituzten bilkuren bidez. «Etorkizunera begirako gure konpromisoa erakutsi nahi dugu, euskaratik, euskaraz, euskararendako. Eraiki dezagun zubia, eraiki ditzagun zubiak. Etorkizunera zubiak. Sorionekuak». Zubiek «ezberdinen arteko ulerkeran sakontzeko» bidea ere izan behar dutela nabarmendu dute: «Ulerkerara zubiak». 2023an hasitako bidean oinarri gehiago jartzea ezinbestekoa dela adierazi dute. «Jarri genuen lehen aleari bigarrena gehitu nahi diogu orain. Ez baikara atzera begiratzearekin konformatzen diren horietakoak».

Nafarroan euskarak duen tokian aurrerabideak ematea da mugimenduaren helburua. «Geure burua babestu baino gehiago, geure burua eraiki nahi dugu», esan dute. Eta gogoratu dute gainditu egin behar direla hizkuntzaren inguruan egun herrialdean dauden bereizkeriak. Berebiziko esanahia du mezu horrek Nafarroan, izan ere, euskara ez da ofiziala herrialde osoan, eta zatikatutako errealitate administratibo batek kimatzen ditu hizkuntza eskubideak. Bestelako errealitate bat dute amets Sorionekuak mugimenduan batutakoek: «Herritarrak gara, ez lehen mailakoak, ez bigarren mailakoak, ez azken putzak. Herritarrak guztiak, igualak, Nafarroan bizi garenak. Eta, horregatik, arduraz aritzea exijitzeko garaia dela uste dugu, ez bazterketa betikotzekoa».

Badakite zer-nolako geroa nahi duten: «Konbentzituta gaude euskaldunon hizkuntza, kultura eta eskubideak errespetatu behar direla. Baina, batez ere, gure hizkuntza, nafar guztion hizkuntza dena, bultzatu eta harekiko harremana normalizatzea da etorkizuneko nafar jendartearen zutabeetako bat». Ezinikusien kontra egin behar da hor aurrera egiteko. «Euskararekiko gorrotoa indargabetu beharra dago». Eta argi dute horretarako bideak zein diren: «Ezagutzea eta hurbiltzea». Horregatik, talde politiko, sindikatu eta era guztietako eragileei eskatu diete horren alde egiteko.

Idatziarekin bat egin dute herrialde osoko zenbait pertsona ezagunek. «Idatzi hau babesten dugunok nafar jendartearen parte gara, eremu askotakoak», azaldu dute. Beste hainbaten artean, hauek eman dute izenpea: Anabel Arraiza aktoreak, Iñaki Perurena harri jasotzaileak, Oier Sanjurjo futbolari ohiak, Sustrai Colina bertsolariak, Julen Goldarazena FlakoFonki musikariak eta Zuriñe Hidalgo abeslariak. Hainbat erakundek eta hedabidek ere babesa eman diote dinamikari, eta gaur agerraldian izan dira, besteak beste, BERRIA egunkariko ordezkari Joxerra Senar eta Gara egunkariko zuzendari Iñaki Soto.