Iruñeko Orfeoia duela 160 urte sortu zuten. Gorabeherak izan ditu geroztik: 1873an itxi behar izan zuten, eta 1885ean, berriro. Azken pandemiaren ondorioz, egoerak okerrera egin zuen, baina beti jakin izan dute aurrera egiten. Paloma Martikorena (Iruñea, 1975) 2007az geroztik ari da orfeoian lanean, eta kudeatzaile izendatu dute orain.
Zer moduz lehenengo egunak Iruñeko Orfeoiko kudeatzaile gisa?
Hemezortzi urte daramatzat orfeoian lanean. 2020az geroztik, ez geneukan kudeatzailearen figurarik; gauza batzuk nik egiten nituen. Egia da aldaketa nabaritu dudala, baina ez da lantoki berri batean hastea bezala.
Zein da, zehazki, orfeoiko kudeatzailearen lana?
Orfeoia elkarte bat da, eta abeslariak dira bazkideak. Bazkideek zuzendaritza taldea aukeratzen dute, eta nire lana da zuzendaritzak hartzen dituen erabaki estrategikoak eta lan ildoak martxan jartzea. Iazko ekainean zuzendaritza taldea aldatu egin zen, iruditu zitzaielako zortzi urteren ostean beharrezkoa zela berrikuntza bat egitea. Orfeoiko kide guztiak amateurrak dira, euren lana eta bizitza dute. Horregatik, soldatapeko profesionalen talde txiki bat dago, kudeaketaz arduratzen dena. Adibidez, zuzendaritzak erabakitzen badu orfeoiak hurrengo urteetan Espainiako kontzertu sinfonikoetan presentzia handiagoa izan behar duela, ni arduratzen naiz deitzeaz eta antolatzeaz.
Iruñeko Orfeoiko kudeatzaile berria zara, baina aspaldi ari zara lanean.
Orain arte produkzioan lan egiten nuen.
Eta zer balorazio egiten duzu hainbeste urteren ostean?
Izugarri gustatzen zait nire lana. Oso zorionekotzat daukat neure burua, lanaren emaitza ikusteko zortea daukadalako. Autoak diseinatzen dituen pertsona batek ez du ikusten bezeroak nola disfrutatzen duen autoarekin. Nik, ordea, orfeoiko abeslariek eta publikoak nola disfrutatzen duten ikusteko zortea daukat. Nire lanaren emaitza da hori, eta oso pozgarria da.
«Ahalegintzen gara askotariko publiko batentzako errepertorioa osatzen, baita gure lurraldeko musika lantzen ere»
Nolakoa da hain aspaldi sortu zen eta jendeak hainbeste maite duen leku batean lan egitea?
Ohorea da, eta, aldi berean, ardura handia. Tradizioaren pisua hor dago, ohiturari eutsi behar diozu, baina bide berriak ere asmatu behar dira. Ezin da betikoan geratu beti modu berean egin delako. Garai berrietara egokitu behar da, baina izaerari eutsiz betiere.
Ez zara musikaria. Beraz, zuk beste ikusmolde batetik ikusten duzu orfeoia?
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen, eta, hasieran, produkzioan lan egin nuen, baina zineman eta publizitatean. Ondoren hasi nintzen orfeoian. Ez zen berritasun handirik izan, beti lan egin izan dudalako artistekin, baina egia da ni neu ez naizela artista. Oso interesgarria da ikustea nolako sentsibilitatea duten eta gauzak nola interpretatzen dituzten.
Orfeoia ezagutzen ez dutenek pentsa dezakete helduentzat baino ez dela. Gazteek ere parte hartzen dute?
Bai, noski. Baita umeek ere. 6 urterekin hasten dira, eta bazkiderik helduenak 73 urte inguru ditu. Adin eta estilo guztietako pertsonak daude, eta koru asko ditugu adin desberdineko jendeari zuzenduak. Nik musika korala ez dut hartzen helduentzako musikatzat. Egia da musika sinfonikoa publiko klasiko batekin lotu izan dela beti, baina ez du zertan horrela izan. Gu ahalegintzen gara askotariko publiko batentzako errepertorioa osatzen. Gure lurraldeko musika ere asko lantzen dugu. Orfeoiaren helburu nagusietako bat musika korala babestea da; Nafarroako eta Euskal Herriko folklorea batez ere, hemengo autoreekin lan eginez.
Familiako tradizio handia dago, ezta?
Bai. Orfeoian familia bereko aitona-amonak, seme-alabak eta bilobak izan ditugu. Egia da abesteko zaletasuna heredatu egiten dela; etxean ikusten duzu, eta zuk ere abestu nahi duzu. Agian, zuk abesten duzunez, musikak ematen dituen balioak baloratzen dituzu, eta zure seme-alabek balio horiek jasotzea nahi duzu.
«Erronka nagusia da aisialdiko forma berrietara egokitzea, publikoak eta musikariek nahi dutenera egokitzea»
Noiz dituzue hurrengo kontzertuak?
Denboraldia aurkezteko dugu, gauza bat lotzea geratzen baitzaigu, ez dugu dena konfirmatua. Denboraldia aurkezteko prentsaurreko bat eginen dugu aurki.
Zer erronka ditu orfeoiak gaur egun?
Nire irudipena da pandemiaren ostean aisialdia aldatu egin dela. Erronka nagusia da aisialdiko forma berrietara egokitzea; ikus-entzuleek eta musikariek zer nahi duten ulertzea, eta horretara egokitzea. Beste helburu bat da maila nazionalean presentziarik ez galtzea. Arte eszenikoaren sektoreak asko sufritu du, eta orkestrek inbertitzen dutena asko murriztu da. Lehen, Madrildik deitzen ziguten, ehun musikarirekin joateko. Orain ere deitzen digute, baina hirurogei musikarirekin joateko. Beraz, borrokatu behar dugu.