«Operan aritzea ez da lan bat soilik: egia bihurtutako amets bat da»

«Operan aritzea ez da lan bat soilik: egia bihurtutako amets bat da»

Madrilen dago Sofia Esparza sopranoa (Iruñea, 1994). Basilean (Suitza) izan da orain dela gutxi arte, Turandot obra antzezten, eta, Madrilen La Revoltosa amaitzean, Suitzara itzuliko da. Europako beste hamaika herrialdetan izan da Esparza: besteak beste, Georgian, Italian eta Armenian. Maleta bat eskuan duela bizi da 31 urteko sopranoa, baina pozik: «Hau da egin nahi dudana, eta zorionekoa naiz honetan aritzeko aukera izateagatik». Gainera, bi disko argitaratu ditu, Rinaldo Zhok pianista eta musikariarekin elkarlanean.

Oholtzara 7 urterekin igo zinen lehen aldiz, eta orduan ohartu zinen horretan eman nahi zenuela bizitza osoa. Nolatan izan zenuen hain argi?

Ordu hartan musika eskola batean nengoen, eta gurasoei galdetu zieten ea axola zitzaien ni obra batean figurazio lanetan aritzea. Gurasoei ondo iruditu zitzaien, eta, horren harira, urte berean, haurren abesbatza batean entseatzen hasi nintzen, opera batean parte hartzeko. Oso txikia nintzen arren, atzo gertatu izan balitz bezala gogoratzen dut: antzokiaren usaina, egur usain hori, abeslariak, orkestra, eszenografia… Harrigarria izan zen niretzat, eta ohartu nintzen hori egin nahi nuela beti.

Gero Pablo Sarasate kontserbatorioan hasi, eta musika tresna bat aukeratu behar izan zenuen. Zein hautatu zenuen?

8 urterekin izan zen hori. Nik abestu nahi nuen, baina adin horrekin ezin dituzu soilik kantu eskolak hartu. Musika tresna bat hautatu behar izan nuen, eta harpa aukeratu nuen. Uste dut Disneyren pelikularen batean ikusi nuela harpa; bestela, ez dut ulertzen zergatik nuen halako obsesioa harparekin. Denek esaten zidaten: «Ez duzu tresna txikiago bat jo nahi? Flauta, adibidez». Baina ez, nik harpa nahi nuen. Ideiak oso argi izan ditut beti.

Etxean entseatzeko nola moldatzen zinen? Harpa bat zenuen?

Hasieran, kontserbatorioan ikasi behar nuen, baina, aurrerago, harpa bat erosi behar izan nuen, bai.

Erraza izan zen kantuaren eta harparen artean hautatzea?

Nik beti izan nuen argi. Harpa jotzen hasi nintzen instrumentu bat aukeratu behar nuelako, baina, bitartean, operako haur abesbatzetan kantatzen jarraitu nuen. Harpa ikasketak amaitu nituenean, erabaki nuen goi mailako ikasketak egitea kantuaren arloan. Gainera, esperientzia txarra izan nuen irakasle batekin, tendinitisa izan nuen eskumuturrean, eta ohartu nintzen ez nuela harpa jotzen jarraitu nahi. Hala ere, asko eskertzen dut instrumentista gisa dudan formakuntza, oso baliagarria baitzait.

Nolakoa izan zen kontserbatorioa amaitu eta ibilbide profesionala hasteko prozesua?

Kontserbatorioko azken urteetan, abesbatzetan antzezten nuenez, bakarlari rolak ematen hasi zitzaizkidan. Horrela, eskarmentua eskuratu nuen, eta, aldi berean, lehiaketetan izena ematen ere hasi nintzen. Zortea izan nuen: lehiaketa guztiak irabazi, eta, horri esker, agentzia batek kontratatu ninduen, Espainian ordezkatzeko. Haiek ate asko ireki dizkidate: agentzia zubi bat izaten da antzokiekin harremanetan jartzeko.

«Etxetik kanpo halako aukerak izateak erakusten dizu gauzak ongi egiten ari zarela, eta oso aberasgarria da»

Europako antzoki askotan aritu zara. Estimu berezia al diozu baten bati?

Ezin dut bat bakarra aukeratu, antzoki bakoitza berezia baita. Baina, niretzat, Espainian oso berezia da Zarzuela antzokia, Madrilgoa. Askotan antzeztu dut han; orain, La Revoltosa obra egiten ari naiz. Teknikariak, makillatzaileak, jantzien arduradunak… langile guztiak ezagutzen ditut, eta etxean bezala egoten naiz. Aurreko obra Basilean egin dut, Suitzan, eta hangoa ere oso polita izan da, debuta egin baitut rol oso garrantzitsu batean: Turandot antzezlaneko Liu interpretatu dut. Etxetik kanpo halako aukerak izateak erakusten dizu gauzak ongi egiten ari zarela, eta oso aberasgarria da.

Eta zer beste pertsonaia da berezia zuretzat?

Adibidez, iazko ekainean egin nuen La Traviata-ko Violeta oso garrantzitsua izan zen. Soprano orok amesten du rol hori jokatzearekin, eta nik oso gazte debutatzeko zortea izan dut.

Zure lanaren ondorioz, alde batetik bestera ibili behar izaten duzu beti. Ohitu egin zara, edo nahiago zenuke bizimodu egonkorragoa izan?

Ez. Gustatzen zait bizitzeko modu hau. Aukera ematen dit nire bokazioa den horretan lan egiteko, benetan pozten nauen lan batean. Nahitaez bidaiatu behar dut horretarako, baina niri, zorionez, asko gustatzen zait. Hainbeste bidaiatzearen alde txarra da maletarekin gora eta behera zabiltzala etengabe, eta gertukoen gertakari garrantzitsuak huts egiten dituzula. Baina hau ez da lan bat soilik: egia bihurtutako ametsa da. Ez dut uste ohiko bizimodu bat gustatuko litzaidakeenik.

«Niri betidanik gustatu izan zait antzeztea. Abeslaria ez banintz, aktorea izango nintzateke»

Operan, abestea ez ezik, oso garrantzitsua da antzezpena ere. Nola prestatzen duzu zuk alor hori?

Betidanik gustatu izan zait antzeztea. Abeslaria ez banintz, aktorea izango nintzateke. Prestaketa hori eszena zuzendariarekin egiten da, eta oso lan zehatzak egiten dituzte pertsonaiak eraikitzeko garaian. Intentsitate handiko lana izaten da batzuetan, baina guri ere uzten digute ekarpenak egiten.

Bi disko argitaratu dituzu. Nola sortu zen hori?

Lehenengoa 2021ean atera genuen, eta bigarrena, 2023an. Bi lanen helburua da Espainiako ondare musikal ahaztua eta galdua argitaratzea. Autore oso ospetsuen abestiak dira, baina aurretik inork ez ditu grabatu. Ikerketa lan hori guztia Rinaldo Zhok Italiako musikari eta pianistak egin du, eta elkarrekin grabatu ditugu. Aurreneko diskoko abestiak Emilio Arrietarenak dira. Diskoak arrakasta handia izan zuenez, handik gutxira Barbieri musikariaren abestiak grabatu genituen. Aurrerantzean lan horretan jarraitzeko asmoa dugu, eta disko gehiago izango dira.