«Kultura da batzen gaituena; gure sustraiak ezagutzeko grina»

«Kultura da batzen gaituena; gure sustraiak ezagutzeko grina»

Fernando Hualde (1961) Iruñean jaiotako izabar bat da. Umetatik du lotura estua gurasoen herriarekin, eta, oro har, Erronkaribarko historiarekin, ohiturekin eta kulturarekin. Hamaika libururen eta artikuluren egilea da; almadiez, ibarreko jantziez, aspaldiko tradizioez idatzi du, eta herritarrak iraganera begira jarri. Labrit etxeak omenaldi bat egin berri dio Iruñean.

Aitortza jaso berri duzu. Kontent?

Hagitz eskertua nago; hunkigarria izan zen omenaldia. Duela urtebete, minbizia nuela erran zidaten, eta pronostikoa ez zela ona. Egun berean, Labriteko Gaizka Arangurenen telefono dei bat jaso nuen; elkarrekin aritu izan gara lanean. Arratsalde hartan bat egin nuen harekin, eta erran zidan vitagrama bat oparitu nahi zidatela; ikus-entzunezko biografia baten modukoa da. Gaizkari eman nion medikuak errandakoaren berri, eta hasi ginen lanean. Zorionez, diagnosia jaso eta handik 45 egunera, jasotako tratamenduei esker, medikuak erran zidan minbiziaren arrastorik ez nuela. Omenaldia, berez, nik vitagrama jasotzeko antolatutako ekitaldia izan zen. Ez nekien zer gertatuko zen, eta hagitz polita izan zen.

Herrialde osoko hainbat elkartek eta erakundek parte hartu zuten. Zein da arlo guztietan lagunak izateko sekretua?

Nirekin lan egin izan duten pertsonak, erakundeak eta elkarteak bildu ziren omenaldian. Esparru guztietako jendearekin aritu naiz elkarlanean, batzen gaituen hori jorratu izan dudalako beti. Hori da sekretua. Kultura da batzen gaituena; gure sustraiak ezagutzeko grina.

«Gure aitonak bazekien euskaraz, baina gure aitak ez zuen ikasi; etxean ez zioten irakatsi, eskolan zigor ez zezaten»

Hori da zure lanaren helburua, sustraiei begiratzea?

Omenaldiaz geroztik, hainbat pertsona etorri zait karrikan eskerrak ematera. Hedabideen bidez jasoko zuten nire lanaren berri, eta eskertzera etorri dira. Horrek erakusten dit sustraiei begiratzeko grina horrek batzen gaituela, denoi gustatzen zaigula gure nortasunean eta gure erroetan sakontzea.

Talde lanaz aritu zinen omenaldian. Ezinbertzekoa da?

Bai. Nik ezinen nuke gauza anitz egin bertze batzuen laguntza eta konpromisoa jasoko ez banitu. Nork bere esparruan lagun dezake, eta denen ahalegin horri esker lortzen dira gauzak.

Elkarlana sustatzen asmatu duzu?

Bai, uste dut gai izan naizela bertzeen ilusioa pizteko eta horrek batu dituela nik sustatu ditudan proiektuetara. Bihotzez ari zarenean, gai zara barruan duzun hori transmititzeko, eta jendeari errazagoa zaio zurekin bat egitea. Nik bihotza jarri dut landu ditudan arlo guztietan: Almadiaren Egunean, Erronkaribarko jantzien ingurukoan, espartingileei buruzko lanetan… Ni neu hunkitu egiten naiz arlo horietan sakontzen dudanean, nire istorioaz ere ari bainaiz.

Gai horiei buruzko hamaika liburu argitaratu duzu. Zenbat, zehazki?

45 ditut, eta laster bertze hiru argitaratuko ditut; hiru horietako lehena argizaiolen ingurukoa izanen da, eta Joseba Urretabizkaiarekin batera argitaratuko dut. Urriaren 31n Amezketan izan nintzen [Gipuzkoa], eta parte hartu nuen argizariak euskal errituetan duen tokiari buruzko hitzaldi batean. Argizaiolak erakutsi genituen han, eta gure nortasuna eta gure kultura nabarmendu, kanpotik etorri den Halloween bestari aurre egiteko.

Lehena, argizaiolei buruzkoa; eta bertze biak?

Bat Abaltzisketari buruzkoa. Gipuzkoako herri horren historia jasoko dugu, herriko zaharrek kontatua. Eta bertzea, euskal gastronomiari buruzkoa. Sukaldariak eta artzainak batu ditut; artzainak produktu bat hautatu, eta sukaldariak prestatu egiten du. Bederatzi bikote osatu ditut.

Fernaldo Hualderi etxeko apalategiak txiki gelditu zitzaizkion aspaldi, Erronkaribarko iraganari so hasi zenetik, hamaika liburu eta artikulu idatzi baititu. Iruñeko Txapitela karrikako bulego bat du orain lanerako leku, eta aitortu du hura ere txiki gelditzen ari zaiola. Irudian, Txapitela karrikako bulegoan, 2020an. ANDONI CANELLADA / FOKU

Erronkaribarko iragana aztertzen hasi zinen, eta Gipuzkoako herrien historia jasotzen ari zara orain. Nolatan?

Mugak ez dira existitzen etnografiaren eta kultura herrikoiaren esparruan ari garenontzat. Gure aita artzaina izan zen, aitona ere bai, eta birraitona, eta haren aita… Artzainen kulturak, adibidez, ez du mugarik. Orain Mongoliako artzainen inguruko proiektu batean murgildu naiz. Gipuzkoan lan anitz egiten ari naiz, eta kontent nago: bostehun biztanle baino gutxiago dituzten Gipuzkoako herrien historia jasotzeko proiektu batean ari naiz.

Iruñean jaio, baina Izaban pasatu duzu denbora anitz. Nolakoa zen zure haurtzaroko Izaba?

Ni ez naiz artzain aritu; anaiak bai, aitarekin ibiltzen ziren. Neguan Bardeara eramaten zuten artaldea. Nire haurtzaroko herri hura animalien gorotzaz beteta oroitzen dut. Karrikan pasatzen genuen egun osoa; jendeak bat egiten zuen karrikan solastatzeko, eta herriko bideetan gora eta behera ibiltzen ziren, baratzeetara eta soroetara joateko. Bide horiek ia hutsik dira orain; mendizaleak baino ez dira pasatzen. Orain nor bere etxean sartzen da, eta karrikak hustu dira. Errealitate hori ikusita, gure aurreko belaunaldien bizimoduari duen balioa ematen ahalegintzen naiz ni. Gure aurrekoek lan eta lan bertzerik ez dute egin, guk orain duguna izan dezagun.

Erronkaribartik Maulera espartinak egitera joaten ziren emakumeen memoria jaso duzu, aurreko belaunaldiek egin duten lan horren lekuko. Zor bat zegoen kitatzeko?

Gure amona izan zen espartingile haietako bat. Erronkaribarko enara haien lana ezezaguna zen, neurri handi batean, duela gutxira arte. Azkenei omenaldia egin nahi izan genien, zor hori kitatzeko. Hunkituta hartu zuten aitortza. Emakumeak zirelako ahaztu ditugu enarak. Emakume pobreak ziren, oro har. Batzuk beren arreoa prestatzera joaten ziren; bertze anitz, berriz, etxerako dirua irabazteko, eta, aldi berean, etxeko gastuak murrizteko. Enaren inguruan zegoen isiltasuna apurtu nahi izan dugu, erreferente bat direlako guretzat, zituzten balioengatik eta erakutsi zuten elkartasunagatik.

Emakumeok euskara erabiltzen zuten; artzainak, berriz, Bardeara joaten zirenean gaztelaniaz aritzen ziren. Errazago galdu zuten? 

Bai. 1876an, foruak bertan behera gelditu ziren, eta Pirinioetara gaztelaniaz mintzatzen ziren irakasleak eraman zituzten. Haurrak zigortzen zituzten euskaraz entzuten bazituzten. Gure aitonak bazekien, baina gure aitak ez zuen ikasi; etxean ez zioten irakatsi, zigor ez zezaten. Gauza bera gertatu zen Pirinioetako etxe guztietan. 

Mendizaleak aipatu dituzu, orain haiek direla bideetan ibiltzen diren bakarrak. Mendian anitz ibili zara zu. Zer eman dizu Pirinioak?

Maite dut mendia, maite dut natura. Aita artzaina izan zen; gaur inork ez luke eginen hark egiten zuena. Ezkondu aurretik, mendian bizi zen, eta mendiko kobazuloetan bilatzen zuen aterpe, hartzek bezala. 5.000 ardi zaintzen zituen.

Fernando Hualde, Iruñean, apirilaren 11n. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Aitak hitz egiten zizun hartzei buruz?

Gure etxean eta herriko gainerako etxeetan anitz hitz egin da hartzari buruz. Animalia mitiko bat izan da beti. Gure nortasunaren elementu bat izan da hartza, eta horrek berezi bilakatu du gure ibarreko artzainei lotutako kultura. Garai bateko artzainek karburo kanoiak erabiltzen zituzten hartzak uxatzeko; kontua da eztandak ardiak ere izutzen zituela. Azkenean, ohitu egiten ziren, eta hartza ere bai!

Zuk ordu anitz eman dituzu Camille hartzaren atzetik, ezta?

1980ko urteetan hasi nintzen hartzen biologia aztertzen; sakontzen hasi nintzen, eta animaliok ulertzen. Pirinioetako mendebalde osoan aritu naiz hartzen arrastoen bila, urte luzez. Hasieran, gutxi batzuk zeuden; orain, ehun inguru daude Pirinioetan. Pozteko modukoa da.

«Pirinioak abandonatuta daude. Pediatrak alde egiten du, eta ez du inork ordezkatzen. Zerbitzuak murriztuz doaz»

Camilleren etorrerak eztabaida handia eragin zuen Erronkaribarren. Zaila izan da zuretzat?

Bai, arazo anitz izan ditut. Gai horrek nekea eragin dit, batez ere, uste baitut erakundeek ez dutela behar bezala jokatu. Gainera, hartzak askatzeko prozesuak ere huts bat izan direla uste dut.

Zergatik?

Denborak eman didan ikuspuntutik aztertzen dut oraingo egoera, eta uste dut Esloveniatik ekarritako hartzak askatu izana huts bat izan zela. Hartza galzorian zegoen, eta kanpotik ekarritako hartzek ez dute lortu Pirinioetako hartzen arrasto genetikoari eustea; galdu egin da. Hori jakinda, orain uste dut hobe zela artzaintza desagertu arte esperatu izana. Artzain gutxi daude eta laster bakar bat ere ez da geldituko. Orain dauden artzain horientzat hagitz zaila izan da eta izaten ari da egoera kudeatzea.

Administrazioak Pirinioak bazter uzten dituela uste duzu?

Pirinioak abandonatuta daude. Pediatra bat joaten da herri batetik, eta ez du inork ordezkatzen. Zerbitzuak murriztuz doaz, pixkanaka. Pirinioetakoak bigarren edo hirugarren mailako herritarrak dira administrazioarentzat. Zerbitzurik gabe, herritar anitzek alde egitea erabakitzen dute.

Zuen gurasoek ere hori egin zuten. 

Bai. Gurasoek Izaba utzi zuten nire arreba gaixo jaio zelako eta herrian ezin zutelako artatu. Aitak mendia utzi zuen Iruñera etortzeko, eta hemen La Perla hotelean egin zuen urte anitz lanean. Aitak erretiroa hartu eta gero sartu nintzen ni. 45 urtez aritu naiz han, 2023an erretiroa hartu arte. Orain etnografiaren esparrura erabat lotuta nago, lanez gainezka!

MOTZEAN