Gorrotoari izkin egiteko

Gorrotoari izkin egiteko

Zaska zurrumurruen aurkako sarea 2016an sortu zen. Izan ere, gorroto diskurtsoak eta albiste faltsuak geldiarazteko zerbait egiteko premia hauteman zuten Nafarroako hainbat erakundek; haien artean, Iruñeko eta Burlatako udalek, SOS Arrazakeriak eta Sakanako Mankomunitateak. 30 entitatek baino gehiagok osatzen dute Zaska, eta formakuntza saioak ematen ditu gorrotoa eragozteko asmoz.

Gorroto mezuek gora egin dute azkenaldian, nabarmen. Horregatik, egoera zein den ohartarazteko, Zaska sarea berriki jendaurrean agertu da. Zurrumurru arrazistak, xenofoboak, aporofoboak eta matxistak «normalizatu» egin direla azaldu du.

Halako mezuen gorakadaren adibide gisa, Elon Musk enpresariak duela aste batzuk egindako keinu nazia gogorarazi du Xabier Jauregi Zaskako kideak: «Keinu hark min handia egin du. Ikastetxe batzuetatik deitu digute, ikasleek halako keinuak egin dituztelako. Txantxetan egiten dute, baina oso arriskutsua da». Ikastetxeetan, batik bat, ikastaroak eta formakuntza saioak egiten ditu Zaskak; ikasleentzat eta irakasleentzat. «Bizitzan ongi ez badakigu nora goazen, gauzak argi ez badauzkagu, mezu horiek barnera ditzakegu, talde baten parte sentiarazten digutelako», esan du Jauregik.

Politikako joera

Ikastetxeetako egoera ez ezik, hainbat alderdi politikok hartu duten joera ere kezkagarria dela uste du Zaskako kideak: «Ikusten dugu udal batzuen politiketan gorroto diskurtsoak normalizatu egin direla». Komunikabideek ere rol garrantzitsua dute gai horri dagokionez. Jauregik nabarmendu du, adibidez, kazetariek albiste bat ematerakoan pertsonaren jatorria aipatzen dutela batzuetan. Edo erabiltzen duten hiztegia ez dela egokiena; esaterako, olatu hitza erabiltzen da migrazioaren inguruan hitz egitean. «Horrek beldurra eragiten du, eta diskriminazioa normal ikustea».

Zaskako kideek formakuntzara bideratzen dute euren jarduera gehiena; ikastetxeei ez ezik, Iruñeko Udaltzaingoari eta hiriburuko eta Nafarroako politikariei, gizarte langileei eta kolektiboei ematen dizkiete trebakuntza saioak. Jendeak gaiari buruz daukan iritzia eman dezakeen espazio bat sortu nahi du sareak. «Uste dugu elkartzea eta eztabaida hauek sortzea oso lagungarria dela». Garrantzia ematen dio aniztasuna aintzat hartuta batzeari: «Askotan, zuriak eta normatiboak direnak ez dira beste kolektiboekin elkartzen, eta egoera aldatzeko ezinbestekoa da aniztasuna aintzat hartzea».

«Gorroto mezuen atzean aurreiritziak daude, estereotipoak, eta horiek pixkanaka apurtu behar dira»

XABIER JAUREGI Zaska sareko kidea

Zaskan lanean dabiltzanek hainbat teknika ikasten dute zurrumurruei aurre egiteko. Jauregik ohartarazi du halako mezuei aurre egitean gatazka batean sartzeko arriskua badela. Hala, haren iritziz, «poliki» aritu behar da familiako kide batekin edo lagun batekin hitz egitean: «Enpatia sortu behar da, eta hortik galderak egin, eztabaidatu. Gorroto mezuen atzean aurreiritziak daude, estereotipoak, eta horiek pixkanaka apurtu behar dira».

Batez ere, espiritu kritikoa piztea, hori da garrantzitsuena halako mezuak ez barneratzeko, Zaskak dioenez. Adi egotea, eta albiste horiek duten eraginaren jakitun egotea. «Arreta migratzaileetan jarri beharrean, administrazioan jarri beharko genuke; izan ere, administrazioan eta egiten diren politiketan egon daiteke arazoa».