«Bazter utzi gaituzte, eta hutsaren hurrengotzat hartu». Angelines Hernandezenak dira hitzak; osasun sustatzailea da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ijitoen artean osasuna sustatzeko garatutako programako langilea. Azken hilabeteko soldata jaso gabe dago, eta Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioak eta Nafarroako Gobernuak aurtengo hitzarmena sinatu zain. «Ijitoen osasun ohiturak hobetzea da gure lana, baina egoerak gainezka eginda gaude; gaizki gaude, ziurgabetasunak jota, abandonatuta».
Nafarroako Gobernuak 1987an jarri zuen martxan ijitoen artean osasuna sustatzeko programa, osasun publikoaren eta lan osasunaren institutuaren bidez. Programa garatzeko moduaren inguruko zalantzek piztu dute oraingo eztabaida institutuko arduradunen eta Gaz Kalo federazioko kideen eta langileen artean. Gaz Kalok kontratatzen ditu landa eremuan ari diren osasun sustatzaileak; Iruñekoak eta Iruñerrikoak, berriz, hiriburuko La Majari elkarteak. Gobernuak diru laguntzak emateko hitzarmenak sinatzen ditu bi erakundeokin, elkarteok langileak kontrata ditzaten.
Angelines Hernandez, Nerea Abadiano eta Flor Hernandez osasun sustatzaileak, Gaz Kalo elkarteko Ricardo Hernandezekin, maiatzaren 16an, Iruñean, Arartekoaren bulegoaren aurrean. NAFARROAKO HITZA
«Gaz Kalo federazioa, neurri handi batean, programari behar zuen babesa emateko sortu genuen; langileak kontratatu ahal izateko, alegia. Nafarroako Gobernuak hasieratik onartu zuen egokiena izanen zela osasun publikoaren institutuak langileak zuzenean kontratatzea, baina ezin zenez hala egin, bertze bide bat bilatu genuen, zuzenean kontratatzeko modua zehaztu bitartean. Kontua da ia berrogei urte pasatu direla, eta berdin jarraitzen dugula», salatu du Gaz Kalo federazioko ordezkari Ricardo Hernandezek.
«Taldeko kide garela erraten digute, baina gure lan baldintzak gero eta kaskarragoak dira, eta inork ez du gure alde egiten», berretsi du Angelines Hernandezek. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kideez ari da; erakundeko arduradunen «utzikeria» salatu du, eta ijitoez «ahaztu» direla: «Programak hamaika sari jaso ditu; payo-ek hartzen dituzte dominak, eta emakume ijitoontzat lana bertzerik ez da gelditzen; gero eta lan prekarioagoa».
Langileen eta Gaz Kalo federazioko kideen salaketaren aurrean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak erantzun du konpromiso «sendoa» duela ijitoen artean osasuna sustatzeko programarekin, eta Gaz Kalori egotzi dio hitzarmena ez sinatzearen erantzukizuna.
Arartekoarenean
«Hau zer da? Arrazakeria? Ijitoon kontrako arrazakeria?». Angelines Hernandez etsita dago. Haserre ere bai. Ez da bakarra; Flor Hernandez eta Nerea Abadiano lankide ditu, eta haiek ere agerian utzi nahi izan dute Nafarroako Gobernuaren jokabideak min egin diela. Maiatzaren 16an, hiru langileak eta Ricardo Hernandez Nafarroako Arartekoarenenean izan ziren beren egoeraren berri ematen.
«Programak sariak jaso ditu; ‘payo’-ek hartzen dituzte dominak, eta emakume ijitoontzat lana bertzerik ez da gelditzen»
ANGELINES HERNANDEZ Tafallako osasun sustatzailea
«Langileak Nafarroako Gobernuarentzat ari dira, baina gure esku dago kontratatzeko ardura. Hitzarmena berritu zain, Gaz Kalok maileguak eskatu behar izan ditu soldatak ordaindu ahal izateko», adierazi du Ricardo Hernandezek. «Arazoa ez da konpondu, eta ezin izan diegu ordainketei eutsi. Akordioa sinatu bertzerik ez dugu nahi, baina gauzak ongi eginda».
Iaz arte, Gaz Kalok diru laguntzak banatzeko deialdi batean parte hartu behar izan du osasun sustatzaileak ordaintzeko baliabideak eskuratzeko. «Iaz ere diru laguntza jaso genuen, baina deialdi bidez egin beharrean, diru sail bat izan genuen gure izenean. Aurten, hainbat aldaketa eskatu ditugu, gure aholkulariek errandakoari jarraituz, baina Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ez ditu onartu aldaketa horiek», esplikatu du Hernandezek.
Ijitoen artean osasuna sustatzeko programako koordinatzailearen figurak sortu ditu Gaz Kalo federazioko arduradunen kezkak; berez, La Majarik kontratatzen du langile hori, osasun publikoaren institutuarekin duen hitzarmenaren bidez. «Kontua da gure langileek koordinatzaile horri eman behar dizkiotela garatzen duten lanaren inguruko datuak; hau da, gure hitzarmenarekin zerikusirik ez duen langile bati pasatu behar diote informazioa. Hori ez da zuzena».
«Ezin izan diegu ordainketei eutsi. Hitzarmena sinatu bertzerik ez dugu nahi, baina gauzak ongi eginda»
RICARDO HERNANDEZ Gaz Kalo federazioko kidea
Langileek ere garbi erran dute egoera hori ez dela «batere erosoa». Zehaztu dute, gainera, programako koordinatzailea dela langileen artean payo bakarra, eta zortzi orduko lanaldia duen bakarra ere bai. Gaz Kalok kontratatuta, zazpi osasun sustatzaile ari dira lanean landa eremuan. Angelines Hernandezek Tafallan, Larragan, Berbintzanan eta Artaxoan egiten du lan. 1997an hasi zen. «Osasun publikoaren institutuan libreta bat eta boligrafo bat eman zidaten, eta horrekin osasun sustatzaile bilakatzen nintzela erran zidaten».
Ijitoentzat erreferente
Angelines Hernandezek oroitu du hasiera «hagitz zaila» izan zela, eta payo-en eta ijitoen arteko desberdinkeria «hagitz nabarmena» zela: «Ijito anitz baztertuta bizi ziren; batzuk txaboletan bizi ziren oraindik ere, eta hezkuntzaren arloan ere arrakala nabarmena zen. Osasunaren esparruan, zerbitzu anitzetatik kanpo ginen ijitook».
Osasun sustatzaileen helburua da zubi lana egitea ijitoen eta administrazioaren artean, osasunaren arloko zerbitzu guztien berri izan dezaten eta erabil ditzaten. Osasun sustatzaileak «erreferente» bilakatu dira, nolabait, bertze ijitoentzat.
Osasunaren alorrean, baina, zer hobetu badela aipatu dute osasun sustatzaileek: «Osasun publikoaren arloko zerbitzu bat eskaintzen dugu, baina ez gara osasun etxeetako lantaldeen parte», salatu du Flor Hernandezek. Duela hogei urte hasi zen lanean hura; Zarrakaztelu eta Caparroso inguruan aritzen da, astelehenetik ostiralera, lau orduko lanaldiarekin. Nerea Abadiano ere egunean lau orduz aritzen da, Zangoza inguruan. Hark zazpi urte egin ditu jada osasun sustatzaile gisa.
Gaz Kalok antolatuta, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatzeko besta, apirilaren 8an, Iruñean, Arga ondoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Angelines Hernandezek sei orduko lanaldia du. Astean bi orduz, bulego bat uzten diote Tafallako osasun etxean, eta bertze bat Larragakoan, bertze bi orduz. «Gehienok bulego propiorik ez dugu. Karrikan, ostatu batean edo familien etxeetan egiten dugu lan anitzetan», kontatu du Abadianok. Erantsi du gero eta lan handiagoa dutela, eta anitzetan lanalditik kanpo artatu behar izaten dituztela laguntza eske joaten zaizkien herritarrak. «Baina gure lana aitortu ordez, gure baldintzak gero eta kaskarragoak dira», berretsi dute langileek.
Formakuntzarekin gertatzen dena ere aipatu dute: «Bi astean behin Iruñera joan behar dugu trebatzera, baina formakuntza ez da ofiziala». Salatu dute ahalegina langileen esku dela baina ordainean saririk ez dutela jasotzen.
Zenbat talde ari diren sarean. Nafarroako osasun sustatzaileak Espainiako Estatuko Equi-Sastipen-Rroma sareko kide dira. Hogei taldek bat egin dute ijito herriaren osasun arreta sustatzeko eta bermatzeko.
Zenbat osasun sustatzaile dauden. Hamabi emakume ari dira ijitoen artean osasuna sustatzeko programan lanean; haietako zazpi Gaz Kalok kontratatzen ditu, eta gainerakoak, La Majarik. Gaz Kalok ordaindutako sustatzaileak landa eremuan ari dira.
Zenbat inkesta egin dituzten. Nafarroako Gobernuak ijitoen osasunari buruzko ikerketa lan bat egin du; laurehun inkesta egin ditu. Iaz argitaratzekoak ziren emaitzak, baina gobernuak oraindik ez ditu zabaldu.
Zenbat urte txikiagoa den ijitoen bizi itxaropena. Europako ijitoak gainerako herritarrak baino hamar urte gutxiago bizi dira batez bertze, Europako Batasunak 2022. urtean egindako ikerketa baten arabera.