Normalizatu baino lehen

Normalizatu baino lehen

Nire txandaren zain nago ile apaindegian eta adineko bi emakume dauzkat parean. Pasatutako itzalaldiaz, olioaren prezioaz eta haserretzen dituzten hainbat kontuz ari dira hizketan. Hitz egiteko gogoz daude, nabari da. Batek sakelakoa atera du eta ahots goran bota du: «Ikusi al duzu Macronena? Drogarekin harrapatu dute bilera ofizial batean». Besteak baietz dio, eskandalizatuta: «Bai, bai, atzo ikusi nuen; lotsagarria».

Ordura arte ez dut albiste horren berririk izan, baina entzun bezain pronto egin zait arraroa. Zalantzan jarrita, sakelakoa hartu eta bilaketa azkar bat egin dut. Minutu batzuen buruan, kokaina poltsa bat izan dena mukizapi bat da orain. Buloaren itxura zuenak buloa izaten amaitu du.

Harritzen nau irensteko dugun erraztasunak. Harritzen nau zeinen eroso bizi garen gezur artean. Zarataz inguratuta gaude; eduki gehiegi dugu, ezer esaten ez duten ahots gehiegi. Eta kaos horren erdian, buloek lur emankorra aurkitzen dute: Zenbat eta absurdoagoa, orduan eta partekatuagoa. Zenbat eta sutsuagoa, orduan eta biralagoa. Hori guztia elikatzeko, gainera, manipulatu besterik egiten ez duten kazetariak ditugu, Vito Quiles ultraeskuindarra, kasurako. Inolako etikarik gabe, lanbidea zikintzen duten eta kazetari gisa aurkezteagatik sinesgarritasuna lortzen duten zabor sortzaileak dira. Nazkagarria, oso.

Egun, buloa ez da zeozer anekdotikoa, informazio ekosistemaren egiturazko zatia baizik. Adibide ditugu duela gutxi bizitako gertakariekin, Valentziako danarekin ala itzalaldiarekin, zabaldutako gezur guztiak. Baina albiste faltsuak sinestea ez dut uste inozokeria kontua denik. Nagikeria dago atzetik, erosotasuna. Kontrastatzeak denbora eskatzen du eta pentsatzeak nekatu egiten gaitu. Hala, buruan duguna zalantzan jartzea baino nahiago dugu berrestea.

Politika kontakizunen arteko lehia da. Ez du axola zer gertatu den, baizik eta gertatutako hori nork eta nola kontatzen duen

Testuinguru honetan, tristea den arren, desinformazioa arma politiko bihurtu da. Politika kontakizunen arteko lehia da. Ez du axola zer gertatu den, baizik eta gertatutako hori nork eta nola kontatzen duen. Gezurra estrategia da. Batzuek, gainera, disimulurik gabe egiten dute, gorritu gabe. Eta zergatik? Gezur bat esateak ez duelako ordainik. Harrapatu ahal zaituzte, seinalatu, desmuntatu… baina ez da ezer gertatzen. Ez da zigorrik. Eta kuriosoa da, baina askok patroi berari jarraitzen diote: lehenengo beldurra sartzen digute eta, jarraian, konponbidea ematen digun lider salbatzaile bat agertzen da. Izua sortu, segurtasuna saltzeko.

Ez nabil ezer berririk esaten, buloak, desinformazioa eta manipulazioa oso presente dauden gaiak baitira, baina gezurra bere osotasunean normalizatzera heldu baino lehen, komeni da gogoratzea. Mamia aztertzea beti merezi du, are gehiago gero eta ugariagoak diren eta kontrakoa astindu zein polarizazioa handitzeko helburua duten berrietan. Ongi legoke une batez gelditu eta irakurtzen edo entzuten ari garen horri erreparatzea; batik bat, mukizapiak dauden tokian kokaina poltsak ez ikuste aldera.