«Pena ematen dit Eslabaren gauzak erakusteko toki bat ez izateak»

«Pena ematen dit Eslabaren gauzak erakusteko toki bat ez izateak»

Hilarion Eslabak (1807-1878) eta Anai Telletxeak (2000) sorterri bera dute: Burlata; Telletxeak nonahi ikusi izan du Eslabaren izena herrian: musika eskolan, kiroldegian, ikastetxean… Antonio eta Becky Rufin senar-emazte estatubatuarrekin elkarlanean, aukera izan du konpositorearen obrak egokitzeko eta grabatzeko. Amsterdam du orain bizitoki.

Nolatan sartu zara Hilarion Eslaba konpositorearen obra zabaltzeko proiektuan?

Nik Zaragozan egin nituen goi mailako ikasketak, eta han jakin nuen Hilarion Eslabak bazituela oboerako eta adar ingeleserako idatzitako lan batzuk. Eslabaren obren katalogo bat aurkitu nuen sarean, eta han zeuden obra horiek guztiak. Senar-emazte estatubatuar batzuek osatu zuten katalogo hura, eta orain biografia bat egin dute.

Eta nolatan egin dute Eslabaren inguruko lan hori guztia?

Eslaba apaiza izan zen, baina, ustez, bi seme izan zituen, eta haietako baten ondorengoa da Antonio Rufin, Becky Rufin emaztearekin batera Eslabari buruzko lana egiten ari den estatubatuarra. Erretiroa hartua dute, eta buru-belarri ari dira egitasmo horretan, Eslabaren eskuizkribuak bilatzen, doan zabaltzeko.

«Eslaba inguruan da, baina askok ez dakite zeinen garrantzitsua izan zen, zer-nolako ondarea utzi duen»

Eta zu laguntzen ari zara.

Haiekin harremanetan jarri nintzen, eta proposatu nien oboerako egindako piezak grabatzea eta argitaratzea. Berehala erantzun zidaten baietz. Obra horiek berreskuratu, eta Zaragozako kontserbatorioan grabatu nituen. Gero, Amsterdamera etorri nintzenean, oboerako eta pianorako moldatu nituen obrak. 

Kontent geldituko ziren, ezta?

Ameriketako Estatu Batuetatik Burlatara joan ziren ni ezagutzera! Harrera egin genien herrian, eta, egia esan, oso gauza polita izan zen. Udaletxean dituzten Eslabaren gauza batzuk erakutsi zizkieten, eta hilobian ere egon ginen. Eslaba jaio zen etxera ere joan ginen, orain musika eskola dagoen eraikinera.

Zuri noiz piztu zitzaizun Eslabaren obrari buruzko interesa?

Burlatan, edonon dago Hilarion Eslabaren izena: kale bat, musika eskola, ikastetxe bat, kiroldegia… Eslaba inguruan dago, baina askok ez dakite zeinen garrantzitsua izan zen eta zer-nolako ondarea utzi duen. Niri beti gustatu zait herriko historia, eta sakondu nahi izan dut.

Gehiago ikasteko beharra izan duzu?

Bai, nik ere ez bainuen ongi ezagutzen; ez nekien hainbertze obra egin zuenik. Eslabaren Miserere denok ezagutzen dugu, adibidez, baina bertze lan asko ez ditugu inoiz entzuten. Laurehun obra baino gehiago konposatu zituen, eta arrakasta handia lortu, baina ez dugu horren berri.

Zergatik gertatzen da hori?

Uste dut bi faktorek azaltzen dutela hori. Batetik, 1903an, Pio X.a aita santuak erran zuen musikak kantu gregorianoa izan behar zuela oinarri; Eslabak eta haren garaiko askok idatzitako musika Elizarentzat egindakoa zen, baina italiar estilokoa. Eslabak Sevillako katedralerako idatzi zuen Miserere bat; katedralak urtero eskatzen zuen halako bat, eta, diotenez, Eslabak idatzitakoa jaso eta gero, hura bertzerik ez zuten interpretatzen. Aita santuari eskatu zioten uzteko  obra hura jotzen. Inoiz ez zutenez erantzunik jaso, interpretatzen segitu zuten. Horregatik da hain ezaguna. Andaluzian asko maite dute Eslaba.

Han argitaratu dute biografia, ezta?

Andaluziako Musika Dokumentazioko Zentroak argitaratu du, bere webgunean. Beraz, edonoren eskura dago, doan.

Bi faktore daudela erran duzu; zein da bertzea?

Garai hartako musikologo batek, inbidiagatik edo auskalo zergatik, zalantzan jarri zuen Eslabaren musikaren kalitatea; Eslaba hilda zegoen ordurako. Ez dakigu zer gertatu zen. Eslabak berreskuratu zuen Espainiako edozein kontserbatoriotan ikasten diren Errenazimentuko eta barrokoko musikagile gehienen lana, bilduma batean. Asko zor diogu. 

«Amsterdamen interes handiagoa sumatu dut, eta toki txikiak daude jotzeko; kontzertuak egitea errazagoa da»

Uste duzu Nafarroako erakundeek merezi duen aitortza egin diotela?

Zaila da esaten. Iruñean bada haren omenezko busto bat; Burlatan ere bai, kaleak eta beste, eta kultur aste bat egiten da hura oroitzeko. Halere, pena ematen dit Eslabaren gauzak erakusteko toki bat ez izateak,  jendeak gauza horiek ikusi eta uler dezan zenbateko garrantzia izan zuen. Pixka bat gehiago merezi duela uste dut. Jaio zen etxean plaka bat bada, baina gaztelaniaz bakarrik. Amorru ematen dit horrek, Eslabaren garaian euskara galtzen ari baitzen Burlatan; haren ama euskalduna omen zen, eta Eslabak ere egin zion erreferentzia euskarari idazkietan.

Orain Amsterdamen zaude. Zer moduz?

Masterra egitera etorri nintzen. Iaz bukatu nuen, eta lanean gelditu naiz, kontzertuak egiten eta eskolak ematen.

Hemen ez dauden aukerak aurkitu dituzu han?

Amsterdamen ere, Nafarroan bezala, publikoa zaharra da, baina interes handiagoa sumatu dut, eta toki txiki anitz daude jotzeko; errazagoa da kontzertuak egitea. Edozein elkartek badu bere programa, eta herri txikietan ere badituzte aretoak.