Gazteek sorturiko jarduerak finantzatzea dute helburu Nafarroako Gazteriaren Institutuko aurrekontu parte hartzaileek. Guztira, 30.000 euro eman dizkiete Teranga, Alde Zaharra Berpiztu, Erritmo Latinoak Oibar Inguruan eta Labajerako Harrobia proiektuei. Bozka bidez aukeratzen dira, eta hurrenez hurren, 157, 126, 90 eta 86 boto eskuratu dituzte. Proiektuon bidez, musikarien arteko sinergiak sortu, gazte ekintzailetza sustatu, Tuterako memoria historikoa berreskuratu eta kulturartekotasuna hauspotu nahi dituzte. Horrekin batera, proiektu guztiek xede bat dute komun: gazteen arteko saretzea bultzatzea.
Labajerako Harrobia (Iruñea)
Saretzea helburu
Iruñeko Labajerako Harrobia proiektuko kideak, maiatzean, hiriburuan. NAFARROAKO HITZA
Lehenengo hiru proiektuek jaso ohi dute diru laguntza —10.000 euro bakoitzak—, baina saritutako proiektuek zehaztutakoa baino diru gutxiago behar dutenez, sobera geratu dena Labajerakoei eskaini diete: 4.000 euro inguru. Nafarroako Gazte Enpresarien elkartetik dator Labajera, eta proiektuaren helburua da Nafarroako autonomoak eta enpresak konektatzea, sinergiak sortzea, herrialdean dagoen talentua sustatzea eta autonomoen artean dagoen bakardadea bazter uztea. Horretarako zenbait proiektu dituzte; tartean, Iruñeko Labajerako Harrobia.
Nafarroako sei enpresa sortzaile edo autonomo elkartu, eta haien esperientziak elkarri kontatzeko leku bat izan da Labajerako Harrobia. Maiatzean mahai inguru bat egin zuten Iruñeko Pinaquy aretoan. Andrea Encinasek, Xabier Domeñok, Beatriz Lopezek, Iñigo Fernandezek, Susana Cerdanek eta Imanol Perotxenak hartu zuten parte. «Ekintzailetza urria da. Praktikak egin, enpresa batean sartu, eta besteentzako lan egitea izan ohi da joera. Gazteei erakutsi nahi genien badaudela beste bide batzuk enpresa mundura hurbiltzeko», esan du Maider Etxalekuk, Labajerako proiektuetako teknikariak.
Topaketetan ekintzaileek euren esperientziak kontatu zituzten, eta, proiektuak ezberdinak izan arren, ohartu ziren prozesuetan antzekotasunak zeudela. «Denek azpimarratu zuten hastea eta eustea kostatzen dela, oztopo burokratikoak daudela eta bakardade handia sentitzen dutela». Etxalekuren ustez, sektore, adin eta proiektu desberdinetako jendearen bizipenak jendaurrean agertzea gazteak erakartzeko bide bat izan daiteke: «Eredu moduan eraman genituen, benetako istorioak entzun eta ongi eta gaizki atera diren gauzak ezagutzeko».
Alde Zaharra Berpiztu (Tutera)
Tradizioak berpizten
Tuterako San Pedro besten hasiera, Udaletxe plazan, ekainaren 27an. AITOR KARASATORRE / FOKU
Tuterako Alde Zaharra ezagutaraztea, jaiak eta tradizioak berreskuratzea, saretzeko eremuak sortzea eta eragile sozialen arteko harremana fintzea du helburu Alde Zaharra Berpiztu ekimenak. Tuteran Jai gazte mugimenduak sustatu du proiektua. Horretarako, Alde Zaharreko San Pedro jaietan, ekainaren 27an, afari herrikoi bat eta argazki erakusketa kolektibo bat egin dituzte. «Lehen, kolektibo askoren artean antolatzen zituzten jaiak, baina belaunaldien arteko erreleboa falta denez, ekintza eta tradizio asko galdu dira. Horren ordez, tabernek DJak jarri dituzte; gainera, alkoholaren kontsumoa sustatzen ari dira», esan du Daniel Jimenez Gilek, Tuteran Jai mugimenduko kideak.
Gazte mugimenduak urteak daramatza auzoa suspertzen, ohiturak eta tradizioak ezagutarazten eta gazteen parte hartzea sustatzen. Jimenezek aitortu duenez, jai herrikoien eta euskaldunen inguruko estigma bazter uztea da «zailena»: «Badakigu nondik gatozen eta non gauden. Euskararekin zerikusia duten gauzek eta jai herrikoiak antolatzeak oraindik azkura eragiten die batzuei». Halere, duela zazpi urtetik egoera «nabarmen hobetu» dela iruditzen zaio.
Tradizio horietako bat afari herrikoia zen; adin guztietako jendea elkartzen zen. Aurten, diru laguntzaren bidez doako afaria antolatu dute: «Egitaraua doakoa bada, errazagoa da edonork parte hartzea». Horrez gain, argazki erakusketa bat egin dute desagertzen ari diren ohiturak eta tradizioak ikusarazteko; horien artean, inauterietako Zipoteroak.
Teranga (Iruñea)
Abegikortasunerako topalekua
Iruñeko Ikaskide elkarteak sustatutako Teranga proiektuko kideak, Arbaiungo arroilan. NAFARROAKO HITZA
Gazteen artean saretzea, kalitatezko denbora pasatzea eta sozializatzea du helmuga Iruñeko Teranga proiektuak. Wolof hizkuntzan abegikortasuna esan nahi du Teranga hitzak. Gizarte hezkuntzako eta gizarte sustapeneko zentro bat da Iruñeko Ikaskide, eta hango ikasleek sortu zuten proiektua. Bi ostiraletik behin elkartzen dira, sukaldaritza ikastaroak, mendi irteerak eta zineforumak egiteko, besteak beste. «Proiektu honetan politena da denon artean aukeratzen eta antolatzen ditugula jarduerak», esan du Raghad Almatarrek, Terangako kideak.
2019an hasi ziren elkartzen, eta poliki-poliki lagun kuadrilla bat sortu dute. Shessira Sullik azaldu duenez, elkartzeko askotariko arrazoiak egon dira. Alde batetik, Ikaskiden boluntario aritzen zirenek ez zutenez elkar ezagutzen, irteerak egiteko beharra nabaritu zuten. Bestetik, etorkinentzako sarea egiteko tresna ere badela dio: «Ni perutarra naiz, eta ohartzen nintzen jendeak plan asko egiten dituela kuadrillarekin. Iruditzen zait hemen jendea oso itxia dela eta kostatu egiten dela kuadrilla batean sartzea».
Sullik hasieran ez zuen sarerik. Ikaskideren bidez, joskintza tailerrak egiten hasi zen, baina ez zegoen haren adineko jenderik. Aitortu du Terangak bakardadeari aurre egiten lagundu diola: «Tristura eta antsietatea sentitzen nituen ez nintzelako talde baten parte sentitzen». Almatar, berriz, Siriakoa da, eta esan du proiektua «oso lagungarria» izan dela. Izan ere, jende gehiago ezagutzeko segurtasun handiagoa lortu du lagunei esker: «Hemengo jendeak nola pentsatzen duen ulertzen lagundu dit. Horrez gain, jendearekin nola hitz egin ikasi dut».
Ongi pasatzeko jarduerak egiteaz gain, bisitatutako lekuetako errealitate soziala ezagutzea ere gustuko dute. Esaterako, Valentzian (Herrialde Katalanak) atzerritarrentzako zentro itxi batek nola funtzionatzen duen ezagutu zutela azaldu du Almatarrek: «Zentro horietan paperik gabeko etorkinak sartzen dituzte, harrapatzen dituztenean. Giza eskubideak errespetatzeko bermerik ez dago leku horietan». Almatarren ustez, elkar babesteko eta elkarri indarra emateko balio die errealitate horren berri izateak eta euren antzera egon den jendea ezagutzeak: «Bakarrik ez gaudela ikusteko modu bat da».
Txangoak Iruñerrian eta handik kanpo egiten dituztenez, bidaietako erregaia, janaria eta aterpeak ordaintzeko erabiliko dute aurrekontu parte hartzaileen diru laguntzaren zatirik handiena. Udan elkartzea zailagoa denez, hitzordu gutxiago aurreikusi dituzte. Hala ere, ideia asko pentsatzen eta prestatzen ari dira; tartean, irailean edo urrian Salamancara (Espainia) joatea.
Erritmo Latinoak Oibar Inguruan
Musika klasikoa zabaltzen
Erritmo Latinoak Oibar Inguruan proiektuko kideak, iaz Elizondon egindako topaketan. NAFARROAKO HITZA
Erritmo Latinoak Oibar Inguruan proiektuaren bidez, musikak ere izan du lekua aurrekontu parte hartzaileetan. Abuztuan, Kolonbiako eta Nafarroako 45 gazte inguruk astebeteko egonaldia eginen dute Getadarren. «Egun horietan elkartzea urte osoan egindako lanaren saria da, gure lanak zentzua duela ikusteko modu bat», adierazi du Mirari Etxeberriak, Iruñeko Gazte Orkestrako zuzendariak. Urtero egin ohi dituzte topaketak, eta Etxeberriak nabarmendu du «ezinbestekoa» dela elkarbizitzarako guneak izatea: «Guk gure ikasketak eta lanbideak ditugu. Zoritxarrez, askok musikan lan egin nahi izan arren, beste betebehar batzuk ditugu».
Iazko udan Baztanen izan ziren, eta Bogotako Sinfonietta Academy gazte orkestra ezagutu zuten. Ostean, Iruñeko Gazte Orkestrako bost kideri Kolonbiara joateko gonbidapena egin zieten. Ibermusicas programaren diru laguntzari esker, Bogotara joateko aukera izan zuten. Aurten, Ibermusicas programaren eta aurrekontu parte hartzailearen diru laguntzari esker, Sinfonietta Academy orkestrako kideak Nafarroara etorriko dira. Etxeberriak azaldu duenez, estiloak fusionatzeko eremu bat baino gehiago, trukaketarako topalekua izanen da. Kolonbiara joan zirenean, Espainiako eta Herrialde Katalanetako musika sinfonikoa jo zuten, eta aurten, Latinoamerikakoa joko dute: «Musika klasikoa, berez, ez da Euskal Herrikoa, Europa erdialdekoa baizik».
Etxeberriak 2017an sortu zuen orkestra, eta egun 65 kidek baino gehiagok osatzen dute. Proiektu autogestionatu bat da, eta, hark dioenez, «berezia» da, gazte orkestrak erakunde publikoen esku egon ohi dira eta: «Musikan lan egin nahi dugun musika ikasleak gara. Gure kabuz horrelako gauzak egiten ditugu mundu profesionalerako trebatzeko». Kolonbiako orkestrak antzeko funtzionamendua dauka. Etxeberriak uste du horregatik moldatzen direla «oso ongi» euren artean.
Topaketez gain, pare bat kontzertu egingo dituzte Oibarren. Dena dela, oraindik lotu gabe dituzte: «Oso zaila da udan programatzea». Ilusioz bizi dute proiektua; gainera, horrelako egonaldiei esker, lan egiteko modua ere egokitu dute: «Normalean orkestra handia izaten da, baina hara eta hona ibiltzeko formatu txikiagoetan lan egiten hasi gara. Modu horretan, publikoarekiko harremana askoz hurbilekoagoa da». Horrekin batera, jende gaztea musika klasikora erakartzeko bideak lantzen ari dira: «Erakutsi nahi diegu musika ere aterabide bat izan daitekeela. Aldi berean, kontraesanak ikusten ditugu, oso jende gutxi iristen delako profesionala izatera». Halere, badute esperantza.