Ikasturtea amaitu dute Nafarroako eskola eta institutu guztietan, eta, eskolen amaierarekin batera, udako oporraldia dator. Hala ere, Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko ikasleak eta gurasoak ez daude kontent. Datorren ikasturtera begira jarri behar izan dira dagoeneko. Izan ere, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailako ikasle guztiek gela berean egon beharko dute: orotara, 31 ikasle dira. Gurasoek salatu dute ez direla baldintza egokiak betetzen kalitatezko hezkuntza eskaintzeko. Azken asteetan hainbat protesta egin dituzte, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gela bikoiztu dezala eskatzeko.
«Ez dago lekurik mahaien artetik ibiltzeko, ikasleek euren materiala gordetzeko apalategiak kendu behar izan dituzte mahai guztiak sartzeko… Ez dira baldintza egokiak, inolaz ere ez», salatu du Irantzu Osinagak, Atakondoa eskolako ametako batek.
Bukatu berri den ikasturtean, hamasei ikasleko bi gela egon dira DBH lehenengo mailan. CBU Curriculum Bereziko Unitateko beste ikasle bat ere batu zaie ordu batzuetan. Bi ikaslek kurtsoa errepikatuko dutenez, datorren ikasturtean 31 ikasle izanen dira bigarren mailan. Ikastetxeak urtero ikasle kopuruaren araberako aurreikuspenak bidaltzen ditu Hezkuntza Departamentura. Bukatu den ikasturtean bi gela eskatu zituen, baina Hezkuntzak gela bakarra eman zion.
«Gure ustez, legea eta bidezkoa dena ez datoz bat batzuetan, eta hori da gure seme-alabei datorren ikasturtean gertatuko zaiena»
IRANTZU OSINAGA Irurtzungo Atakondoa eskolako gurasoa
Erabakia legezkoa dela adierazi du Hezkuntza Departamentuak. Apirilean hitzarmen berria sinatu zuten departamentuak eta ANPE, Afapna eta UGT sindikatuek, eta adierazi zuten ratioak 28 ikaslera jaitsiko zituztela. Baina hori ez da indarrean jarriko 2026-2027 ikasturtera arte. «Gure ustez, legea eta bidezkoa dena ez datoz bat batzuetan, eta hori da gure seme-alabei datorren ikasturtean gertatuko zaiena», adierazi du Osinagak.
Ikasgelan 31 ikasle eta bi irakasle izango dira, CBUko ikaslea PT Pedagogia Terapeutikoko irakaslearekin batera doalako. Gainera, Osinagak kontatu duenez, koltxoneta bat jarri behar dute gelan, ikasle horrek epilepsia krisiak izaten dituelako. Espazio faltaz gain, gelaren egoera ez da batere lagungarria izango ikaslearentzat: «Giro nahaspilatsuarekin krisiak areagotzen zaizkio». Hezkuntza sailak hainbat irtenbide eman zituen: CBUko ikasleak ikasgelan ordu gutxiago ematea edo beste ikasgela batera mugitzea. «Ikasle hori aurten etorri da Lekunberritik, bertan CBU programa kendu egin zutelako. Helburua integrazioa bada, kanpora bidaliko dugu berriz ere? Ez zait ongi iruditzen», esan du Osinagak.
Protestak eta mobilizazioak
Atakondoa ikastetxeko gurasoek eta ikasleek hainbat protesta egin dituzte azkenaldian: ekainaren 18an, eskolako azken egunean, ikastetxeko patioan pankarta handi bat atera zuten egoera salatzeko, eta ekainaren 24an, kexa aurkeztu zuten Hezkuntza Departamentuan, Iruñean. Azkenean, lortu zuten Jose Alberto Urrutia Hezkuntzako Ikuskapenaren Zerbitzuko zuzendariarekin bilera hitzartzea. Uztailaren 2an bildu ziren harekin, baina bileratik nahiko «burumakur» atera zirela aitortu du Osinagak: «Eskolako planoak erakutsi zizkigun, ikasgelak zenbat metro dituen eta zenbat ikasle dauden; neurri guztiak legearen barruan daudela erakutsi nahi zuen, eta ez zen aurrez zeukan diskurtsotik aldendu». Uztailaren 3an, beste protesta bat egin zuten ikasleekin batera Hezkuntza Departamentuaren aitzinean.
Iruditzen zaie egoera oso larria dela edozein tokitan, baina are larriagoa eurena bezalako eskola batean. «Eraikin berezia da. Nahiko zaharra da, eta gelak ez daude prestatuta hainbeste ikasle sartzeko», azaldu du Osinagak. Salatu dute egoerak eragin handia izango duela eguneroko eskolen garapenean, eta bizikidetza arazoak areagotuko dituela. Segurtasun eta osasun arazoek ere kezkatzen dituzte Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko gurasoak. Uste dute larrialdi egoera batean gelatik modu egokian irteteko baldintzarik ez dagoela. Gainera, kontuan izanik gelaren tamaina, neguan ohikoak diren gaixotasunak eta hotzeriak kutsatzeko aukera oso handia da, haiek esan dutenez.
Baina gurasoak ez dira kezkatuta dauden bakarrak. Ikasleek, gela beteta ikusi zutenean, egonezina adierazi zuten: ez zutela arbela ongi ikusiko, ez zutela irakaslea ondo entzungo…
Irakasleen lanpostuak ekainean banatu ohi dira, kurtsoa amaitutakoan. Baina irakaskuntzako oposizioak uztailean direnez, irakasle batzuen postuak abuztu amaieran adjudikatuko dituzte. Horregatik, Atakondoa ikastetxeko gurasoek nabarmendu dute oraindik garaiz daudela egoerari irtenbide egoki bat emateko eta beste gela bat sortzeko. Abuztu amaieran mobilizazioei berrekingo diete, eta, egoera konpondu ezean, planteatu dute irakasleekin batera planto egitea eta ikasleak ikastetxera ez eramatea.