Juankar Unanua (Herri Taldea) | Igantziko alkatea
«Batzuk oposizioa egiteko prest dira beti»
Igantziko alkate Juankar Unanua, udaletxearen aurrean, uztailaren 11n. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Herri txiki anitzetan zaila izan ohi da udal hauteskundeetara aurkezteko zerrendak osatzea. Igantzin (591 biztanle) hautagairik ez zen izan 2015eko hauteskundeetan, eta, ondorioz, aurretik zegoen udal talde berak segitu zuen agintean, bertze urtebetez. Dimisioa eman zuten gero, eta jarduneko batzorde batek hartu zuen udalaren ardura, harik eta 2019an bozak egin arte. Juankar Unanuak (Igantzi, 1971) batzorde horretan parte hartzeko urratsa egin zuen, eta alkate izendatu zuten. 2019ko eta 2023ko hauteskundeetara Herri Taldearen zerrendan aurkeztu zen, eta alkate aritu da orain arte. «2027an zer? Orain erranen nizuke ez naizela berriz aurkeztuko. Bertze norbait agertzen bada, pozik emanen diot lekukoa».
«Elizateak hartuko du Biltoki elkartearen egoitza, eta eskolan jangela eta bertze gela bat eginen ditugu»
Unanuak garbi erran du udal politikarena esparru «gogorra» dela. «Jendeak ez du barkatzen. Uste dut herritar gehienak kontent direla, baina batzuk oposizioa egiteko prest dira beti, oposizioa izan gabe». Alkateak gehitu du burokrazia udal txikien kontra dela, eta administrazioaren erritmo motelak anitz zailtzen duela proiektuak gauzatzea. Adibide gisa aipatu du udalak herrian eraitsitako eraikin baten auzia: «Etxebizitzak egiteko baliatu nahi dugu; urteak dira Igantzin ez dela etxerik egin, eta gazteek Lesakara, Doneztebera edo bertze norabait joan behar izaten dute. Orubea gurea da, baina oraindik ezin izan dugu erregistratu. 2018tik hutsik dago, eta oraindik ezin izan dugu deus ere egin».
Unanuak azaldu du eguneroko lanaren zama «handia» dela, eta udal txiki batentzat proiektu oro dela erronka handi bat. Elizatea proiektua nabarmendu du azken urteotan egindako lanaren adibide. «La Villa jatetxearen egoitza Elizatean zegoen; berritu egin dugu, jatetxea berriz zabaltzeko asmoz. Gainera, eskolan zegoen Biltoki elkartearen egoitza hartuko du Elizateak, eta eskolan, ondorioz, jangela eta bertze gela bat eginen ditugu».
«Denbora» beharko dutela azaldu du Unanuak, gauzak egin nahi izatea ez baita nahikoa. Halere, lanean segitzeko konpromisoa berretsi du.
Susana Castanera (PSN) | Alloko alkatea
«Populazioak gora egin du azken urteotan»
Alloko PSNko alkate Susana Castanera, 2023ko kanpainako argazki batean. NAFARROAKO HITZA
Allo Beti Allo plataformak lortu zuen herriko alkatetza 2015eko udal hauteskundeak egin eta gero. Talde horrek akordio bat egin zuen PSNrekin, agintaldia bitan banatzeko. Hori horrela, Susana Castanera sozialista izendatu zuten Alloko alkate 2017ko ekainean, aurreko bi urteetan Allo Beti Allo agintean egon eta gero. 2019an, PSNk gehiengo osoa lortu zuen, eta 2023ko maiatzean, sozialistena izan zen aurkeztutako zerrenda bakarra. «Hasierako ilusio eta gogo bera ditut, eta 2027an berriz aurkezteko asmoa dut», erran du Castanerak (Allo, 1968).
Despopulatzearen auzia Alloko agintarien jardueraren ardatzetako bat izan da azken urteotan. Vivid Herriak proiektuaren bidez, bertzeak bertze, hainbat estrategia garatu dituzte populazioari eusteko asmoz. Emaitza «hagitz ona» izan dela nabarmendu du Castanerak, eta lortu dutela azken urtetako joera iraultzea: «Lan horri esker, populazioak gora egin du azken urteotan». 1970. urtean, Allok 1.300 biztanle baino gehiago zituen; 2017an, 980 ziren, eta iaz, 993.
«Hasierako ilusio eta gogo bera ditut, eta 2027an berriz aurkezteko asmoa dut»
«Neurri batek ezin du deus ere konpondu; neurri anitz ezartzea da gakoa, eta haiei denbora luzez eustea. Despopulatzearen auzia ezin da egun batetik bertzera konpondu», zehaztu du Alloko alkateak. Gehitu da herritarren «bizi kalitatea hobetzea» helburu duten proiektuak garatu dituztela eta horrek eragin duela herritarrek gelditu nahi izatea: «Zerbitzuak eskaintzen badituzu, jendea herrian gelditzen da».
Castanerak lanean segitzeko asmoa du, eta azaldu du etxebizitzaren eta zaintzaren arloetan dituztela erronka nagusiak: batetik, gazteentzako etxebizitzak eraikitzeko bideak aztertzen ari dira, Vivid Herriak proiektuaren barruan; bertzetik, zaharrentzako zentro bat zabaldu eta gero, eraikin berean eguneko zentro bat jartzeko aukera lantzen ari dira.
Gainera, klima aldaketara egokitzeko asmoz, Allon zuhaitzak landatzeko proiektu bat garatzen ari da udala. «Haurren parkean itzalak sortzeko eta tenperatura apaltzeko belak ere jarri nahi ditugu. Kontua da herritarrak gustura egotea».
Unai Irigarai (Aranandi taldea) | Aurizko alkatea
«Urrun sentitzen dugu Nafarroako Gobernua»
Aurizko alkate Unai Irigarai, herrian, uztailaren 15ean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Sorterrian gelditzeko hautuak bultzatu du Unai Irigarai (Auritz, 2000) udal politikan murgiltzera. 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetan, ez zen zerrendarik aurkeztu Auritzen, ordura arte agintean egon ziren Aranandi taldeko kideek udala uztea erabaki eta gero. Azaroan berriz egin zituzten bozak, eta orduan bai, Aranandi taldeak zerrenda bat aurkeztu zuen. Udal politikaren esparruko bi beteranok bat egin zuten herriko hiru gazterekin, eta Unai Irigarai hautatu zuten alkate.
«Ilusioz eta gogoz» hartu du Irigaraik udalaren ardura. Denbora «ziztu bizian» joan dela aitortu du, baina erantsi, aldi berean, udal proiektuak garatzeko prozesuak «oso mantsoak» direla. Etxebizitzaren esparruan egin nahi izan dituzten urratsak aipatu ditu adibide gisa, eta Nafarroako Gobernuaren «inplikaziorik eza» salatu. Zehazki, Aurizko Udalak maisu-maistren etxe zaharrak berritu nahi ditu, gazteentzako hiru etxebizitza sozial eraikitzeko. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako eta Etxebizitzako departamentuen laguntza eskatu du udalak, proiektua «estrategikoa eta ezinbertzekoa» delako, baina ez dute laguntzarik jaso. «Urrun sentitzen dugu Nafarroako Gobernua. Ez du ulertzen gurearen gisako herri txikien egoera».
«Herri izaera eta komunitatea sendotzea ere beharrezkoa da, eta oso inportantea»
Irigaraik herrien hustearekin lotu du etxebizitzaren auzia —Auritzek 230 biztanle ditu—, eta erantsi herritarrek «etxebizitza duinak eta zerbitzuak» behar dituztela herrian gelditzeko. «Herri izaera eta komunitatea sendotzea ere beharrezkoa da, eta oso inportantea». Aurizko Udala horretan ari da, eta alkateak duela bostehun urteko bi auzi oroitu ditu, memoriaren bidez komunitatea ehuntzeko: batetik, 1525eko otsailean Frantzisko Xabierkoak errota bat alokatu zuela herrian; eta, bertzetik, 1525eko ekainean herriko lau emakume eta gizon bat erre zituztela, sorginkeria egotzita.
Aurrera begira, kultur etxea zaharberritzeko proiektua garatzen jarraitu nahi du Aurizko alkateak, eta lehen sektorea sustatzen, ahal duen neurrian. Hasierako ilusioa ez zaio itzali Irigarairi, eta segitzeko indarrez dagoela azpimarratu du. Badu, dena den, pena bat: azken ikasturtea amaituta, herriko eskolak ateak itxi ditu eta hurrengoan ez ditu irekiko, umeak falta baititu.
Esmeralda Maso (UPN) | Leringo alkatea
«Siglen gainetik, herriaren alde ari naiz»
Leringo alkate Esmeralda Maso, herriko armarria duen zapiarekin, udaletxean, uztailaren 15ean. AITOR KARASATORRE / FOKU
UPNko Esmeralda Maso (Lerin, 1972) 2023ko irailaren 14an izendatu zuten Leringo alkate, Consuelo Otxoa ordura arteko alkatearen aurkako zentsura mozioa bozkatu eta gero. Duela bi urteko maiatzeko hauteskundeetan, launa zinegotzi lortu zituzten Lerinen Aldeko Plataformak eta UPNk, baina lehenak eskuratu zuen boto gehien. Udala osatzeko orduan, UPNk akordioa egin zuen Lerinen Aldeko Alternatibarekin, agintea eskuratzeko, baina bozketa egin eta gero, UPNko kide baten boto zuriak Lerinen Aldeko Plataformako Consuelo Otxoari eman zion alkatetza. Ondorioz, bertze aukera bat bilatu zuen UPNk gero, zentsura mozioaren bidez, bai eta lortu ere.
«Mundu guztia entzuteko prest naiz; alderdien eta siglen gainetik, herriaren alde ari naiz», nabarmendu du Masok. Onartu du, halere, UPNko zerrendaburu izateko aukerak «ezustean» harrapatu zuela: «Alderdiak zailtasunak zituen zerrenda osatzeko; inork ez du konpromisoa hartu nahi». Gizarte langilea da lanbidez, eta erantsi du udalak «komunitatearen alde» aritzeko eskaintzen dion aukera estimatzen duela, batez ere.
«Alderdiak zailtasunak zituen zerrenda osatzeko; inork ez du konpromisoa hartu nahi»
Alkate izendatu zutenetik, Maso ohartu da Lerinen gisako 1.800 biztanleko herri bat kudeatzeko lana «hagitz handia» dela; «esker txarrekoa ere bai, gehienetan». Udaleko langileen laguntza eskertu du, eta nabarmendu «hainbat proiektu garrantzitsu» garatzen aritu direla azken bi urteotan. Batetik, Leringo herri lurretan 73 hektareako eguzki plaken parke bat eraikitzeko bidea hasi du enpresa batek, udalaren oniritziarekin. Bertzetik, etxebizitzaren arloan, sei etxe eraikitzeko proiektua du udalak. «Nasuvinsarekin ari gara. Orain erran dute dirurik ez dagoela, eta bazter utzi dute. Etsita gaude, baina lanean segituko dugu», adierazi du alkateak.
Turismoaren arloan, Lerin izar lurra jardunaldiak eginen dituzte asteburuan, bederatzigarrenez. Masok garbi erran du turismoa eta astronomia lotzen dituen programa horrek bisitariak erakartzeko aukera eskaintzen diola herriari, eta aurrerantzean garatzeko asmoa dute.