Natura, memoria eta ondarea

Natura, memoria eta ondarea

«Eskola hobetzeko proiektu bat», «txangoak egiteko aukera bat», «indargune bat» eta «tokiak ezagutzeko modu bat»; «bizitza» eta «lurra». Hitz horiekin laburbildu dute Larraintzarko ikastetxeko ikasleek Sustraiak proiektua. Larraintzarko ikastetxeko guraso elkarteak abiarazi zuen, 2016. urtean, eta, beraz, egitasmoak hamar urte beteko ditu laster. Virginia Iragi Ollo elkarteko presidentea eta Beatriz Iaben elkarteko guraso eta kidea buru-belarri dabiltza proiektua kudeatzeko lanetan, eta Iabenek azaldu du eskolan ikasten dituzten gauzen bitartez haurrak eta gazteak naturara hurbiltzea dela helburu nagusia: «Beste ikastetxe batzuekin alderatura, gurea inguru natural berezi batean dago. Horrek abantaila eta aukera asko ematen dizkigu, baina, askotan ez dugunez haien berri, ez diogu behar besteko garrantzia ematen inguratzen gaituen naturari».

Beste xede batzuk ere badituzte: ikasleak motibatzea, adin desberdinetako ikasleen arteko harremanak sustatzea, parte hartzea bultzatzea, gurasoen eta eskolaren arteko harremanak indartzea, eta ingurumen arazoei buruzko kontzientzia piztea. «Aukera bat da gure seme-alabek egiten dituzten gauzekin gehiago konektatzeko. Batzuetan ematen du esparru desberdinetan gaudela, eta irakaslearekin hitz egitea tokatzen zaigunean baino ez garela joaten ikastetxera», esan du Iabenek.

Gurasoen eta eskolaren arteko harremana sendotzeko, txangoak, adituek gidatutako hitzaldiak, ikastaroak eta bestelakoak egiten dituzte. Jarduera horietako batzuk eskola orduetan izaten dira, eta, Iabenen eta Iragiren arabera, irakasleen energiak eragin handia dauka ikasleen motibazioan. Ikastetxetik kanpo egiten diren jarduerei dagokienez, familiek zeregin garrantzitsua izaten dutela dio Iragik: «Etxetik transmititu behar diegu inguruko mendiak eta errekak ezagutzeko eta ongi pasatzeko aukera bat dela».

Larraintzarko Sustraiak proiektuko partaideak, iazko udan, Lanzko meategietara egindako bisitan. SUSTRAIAK

Hasieran, 2016-2017ko ikasturtean, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleekin hasi ziren, baina 2021-2022ko ikasturtetik aurrera, proiektua eskola eta institutu osora zabaldu dute. Ikasleen, familien, irakasleen eta beste askoren parte hartzea eskatzen du proiektuak, Iabenek esan duenez: «Hezkuntza komunitate osoarentzat izatea nahi dugu». Iaben eta Iragi maiz biltzen dira irakasleekin, plangintza egiteko. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuko diru laguntzak eskatzeaz arduratzen dira. «Gobernua kontent da ideiarekin, eta balioa ematen dio. Elkartean ez dugu diru anitz; beraz, oso ongi datorkigu laguntza», kontatu du Iabenek.

Tradizioei begira

2021-2022ko ikasturteaz geroztik, urtero gai bat aukeratu, eta horri lotutako jarduerak egiten dituzte hala ikastetxean nola handik kanpo. Besteak beste, uraren eta kontsumo eta ekoizpen arduratsuaren garrantzia landu dute. Aurten, gaztainondoek kulturan duten eragina aztertzen ari dira. Horretarako, gaztainondoen historiari eta erabilerari lotutako jarduerak egin dituzte: adibidez, Ultzama inguruko gaztainondoen mapa osatu dute, gaztainei lotutako literatur lehiaketa egin, eta gaztainondoak berreskuratzeko planen inguruko txangoak antolatu.

Udan, gaztainondoei loturiko ondare immateriala bildu nahi dute ikus-entzunezko proiektu baten bidez. Horretarako, inguruko adinekoak elkarrizketatzen ari dira. Helburua da kontatzea zer egiten zuten gaztainekin; hau da, nola biltzen, trukatzen eta gordetzen zituzten, ea etxeko erremedio gisa erabiltzen zituzten eta beste. Iragi «ilusioz beteta» dago, bere jaioterrian, Erripan, ez baitu gaztainondorik, baina orain bizi den herrian bai: Auzan. «Oso gauza interesgarriak kontatu dizkiguten herritarrak ezagutu ditugu».

«Etxetik transmititu behar diegu inguruko mendiak eta errekak ezagutzeko eta ongi pasatzeko aukera bat dela»

VIRGINIA IRAGI OLLO Larraintzarko eskolako guraso elkarteko presidentea

Belaunaldien arteko ekinaldi bat izateko asmoz sortu zuten Sustraiak, eta, Iabenen ustez, gaztainen historiaren berri izateak eta hura berreskuratzeak modua eman dezake harreman horiek sustatzeko. «Gaur egun, dendara joan, eta gaztainak erosi egiten dugu, baina oso polita da atzean dagoen guztiaren berri izatea». Iaben Egillorren bizi da, han ez dago gaztainondorik, baina haren aitaren herrian, hau da, Beuntzan bai. «Iruditzen zait sozialki oso polita dela gaztainen inguruan sortzen den giroa. Aitatxiren etxean oso presente daude gaztainak, jateko elkartzen gara eta. Azkenean, elkartzeko aitzakia bat da».

Hamargarren urteurrenari begira, jendea parte hartzera deitu dute. Izan ere, gurasoen elkartearen babesa duten arren, Iaben eta Iragi dira proiektua bultzatzen dutenak. Biek nabarmendu dute elkartea gurasoena izan arren amek baino ez dutela osatzen. «Badugu zer egina. Txangoetan, ahalegintzen gara familia osoaren parte hartzea sustatzen. Garrantzitsua da haurrek ikustea etxeko eta etxetik kanpoko arduretan aitak ere aritzen direla zaintzan», esan du Iragik.