Elizondon dena prest dute gaur Baztandarren Biltzarra ospatzeko. 62. aldia izanen da, eta ohi bezala, ibarreko herritarren arteko sarea ehuntzen segitzeko asmoz eginen dute. Baztandarren Biltzarra elkarteak egitarau zabala prestatu du: artisauen azoka izanen da plazan, 10:00etan hasita; 11:00etan, orgen desfilea abiatuko da, eguneko ekintza nagusia. Mutil dantzak eginen dituzte desfilearen amaieran, eta, gero, bazkaria eta kontzertuak.
Duela bi urteko krisia gaindituta, «sasoiko» dago Baztandarren Biltzarra elkartea orain, Jone Etxeberria kideak nabarmendu duenez. «Aurten zortzi kide berri hartu ditugu», azaldu du, pozik. Egoera hagitz bertzelakoa zen 2022ko abenduan: elkartea desagertu egin zen, eta, ondorioz, 2023ko Baztandarren Biltzarra kolokan gelditu zen.
Etxeberriak eta bertze hainbat gaztek bat egin zuten elkartean hainbat urtez aritutako kide batzuekin, eta, 2023ko otsailean lehen bilera egin eta gero, urte hartako Baztandarren Biltzarra prestatzeari ekin zioten. «Ezin genuen besta galtzen utzi», oroitu du Etxeberriak. Uste du transmisioak huts egin zuela, eta horrek eragin zuela duela bi urteko krisia. Elkarteko kide batzuek urte anitz eginak zituzten antolatzaile lanetan, eta «nekatuak» ziren, lekukoa nork hartuko.
Dantzariak Elizondoko karriketan, iazko Baztandarren Biltzarrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Baztandarren Biltzarra antolatzen segitzeko asmoz sartu zen Etxeberria elkartean. Jende gazteak «haize freskoa» ekarri dio elkarteari, baina Etxeberriak nabarmendu du bestaren egunak berdin jarraitu duela. Azaldu du herritarrek «bere horretan» maite dutela, eta, beraz, antolatzaileek ez dutela aldaketa handirik egin nahi izan.
Gazteek, halere, eman nahi izan diote beren ukitua, eta hori egiteko, so egin diote duela hogei urte inguruko Baztandarren Biltzarra elkarteko kideen lanari. «Elkarteak gauza anitz egiten zituen urte osoan, eta gu saiatzen ari gara lehenagoko estilo horretara bueltatzen», zehaztu du Etxeberriak. Finean, helburua da Baztandarren Biltzarra ez dadila egun bakarreko gauza izan, eta suma dadila haren eragina urte osoan. «Nahi dugu herritarrek urte osoan izan dezatela gure besta gogoan».
«Ateak zabalik»
Baztandarren Biltzarra ibarreko herritar anitzen besta kutuna da. Esaterako, Etxeberriarena. «Komunitatea sendotzeko» egun bat dela nabarmendu du. «Lagun batek erran zidan Baztandarren Biltzarraren egunean berdin zela norekin zinen haserre, egun horretan denak baitziren bakean; egun horretan txar guztiez ahazten zarela eta gozatu bertzerik ez duzula egiten. Eta hala dela uste dut nik ere». Elkarteko kideak oroitu du 2020an eta 2021ean Baztandarren Biltzarra bertan behera gelditu zela pandemiagatik, eta urte haiek «arras tristeak» izan zirela.
Ibarreko herritarren eguna izanagatik ere, baztandarrak prest dira bisitariei toki bat egiteko, Etxeberriak azpimarratu duenez. Baztandarren Biltzarra elkartean ere «ateak zabalik» direla erran du, eta parte hartu nahi duen oro «ongi etorria» izanen dela: «Beti behar ditugu ideia berriak eta haize freskoa». Baztandarren Biltzarra elkarteak bilera bat egin ohi du martxo aldera, besta antolatzeko lanaren eta elkartearen jardueraren berri emateko. Bat egiteko gogoz direnak bilera horretara deitu ditu, elkartea ezagutzeko aukera izan dezaten.
Etxeberria duela bi urte sartu zen elkartean, eta «ilusioz» segitzen du Baztandarren Biltzarra antolatzeko lanetan. Urduri da jada, gaurko besta hasteko ordu gutxi falta direla, eta Baztango herritar guztiak deitu ditu Elizondon bat egitera, Baztandarren Biltzarraren 62. aldian. Krisiak gaindituta, bestak aurrera segitzen du, eta Elizondon prest dira ospatzeko.
Garaxi Gartzia, Baztandarren Biltzarreko kartelaren egilea.HITZA
«Zapiak margotu ditut herrion elkartasuna adierazteko»
Garaxi Gartziak (Elizondo, 2005) egin du aurtengo Baztandarren Biltzarrerako afixa. Nabarmendu du elkartasuna eta aniztasuna irudikatu nahi izan dituela margotu dituen zapien bidez.
Zer da zuretzat Baztandarren Biltzarra?
Txikitatik ospatu dudan besta bat; etxekoekin lehendabizi, eta lagunekin gero. Beti izan dut sekulako ilusioa. Pena hartu nuen duela bi urteko krisia gertatu zenean. Baztango herri guztiak biltzeko egun bat da, izugarri polita eta alaia.
Berezia da, beraz, besta hori iragartzeko kartela egitea?
Ilusio handia izan da niretzat, esperientzia arras ona, besta berezia baita. Eta ilusio hori adierazi nahi izan dut kartelaren bidez.
Baztandarren Biltzarrari buruzko zure oroitzapenekin lotu nahi izan duzu?
Baztango herri guztien arteko batasunarekin lotu dut, batez ere. Baserritar jantziko zapiak margotu ditut, elkarri lotuta, gu denon arteko elkartasuna adierazteko. Jantzi guztiak dira ezberdinak, kolore eta diseinu anitzetakoak; gu ere ezberdinak gara, baina egun horretan denak gara onartuak eta errespetatuak.
Inklusioaren aldeko mezu bat da?
Bai. Elkartasuna eta aniztasuna, hitz horiek dira nire lana hobekien laburbiltzen dutenak.
Nola sortu da kartela egiteko aukera?
Baztandarren Biltzarra elkarteak eskatuta egin dut. Arte Ederrak ikasten ari naiz, eta gogoz hartu nuen aukera.