Joan den astean Irunberriko jaiak ospatu genituen, aurten bereizgarri batekin: Espainiako Vueltaren igarotzea. Nafarroako beste hainbat herritan bezala, Palestinako banderaz eta Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako oihuez bete zen herria. Txirrindularien pasabidea espero zen errepidera iristen ari ginela, lagun batek hurrengoa bota zuen: «Honek korrika dirudi». Jende mordoa kontzentratuta, nerbioso, edozein unetan ibilbidea irekitzen duen furgoneta noiz agertuko zain. Hemen, noski, arrazoia bestelakoa zen; ez geunden festa giroan, salaketa politiko eta gizatiar batean baizik. Baina sentsazioa antzekoa zen; herri batu bat, mezu argi batekin, eta han egotea merezi zuela sinetsita. Azken egunotan, aho ezberdinetan entzun dugu kirola kirola dela eta politika aparte geratu beharreko zerbait dela. Baina, zer gertatzen da genozidio baten erantzule den estatu bat ordezkatzen duen talde batek lasai parte hartzen duenean? Ez al da hori politika hutsa? Eta larriena: ez al da hori estatu horren politika zuritzea? Kirol ikuskizun handiak propaganda tresna bilakatzen dira maiz, eta Israelek argi erakutsi du horretan egiten duen apustua. Baina Gazan gertatzen ari denak ez du ñabardurarik onartzen: benetako genozidioa da. Nazioarteko erakundeak ez dira ari, inolaz ere, izugarrikeria horri behar bezala erantzuten, eta, bien bitartean, Israelek erakusleiho posible guztiak baliatzen ditu bere irudia zuritzeko, basakeriaren erdian normaltasuna proiektatzeko. Zuritze horrek arrakasta izan ez dezan, hainbat herrik hartu dute gertatzen ari dena salatzeko ardura, eta aldarrikapen horren azaleratzeak nolabaiteko itxaropena piztu du. Are gehiago Bilbon, hamaikagarren etapan. Fouad Baker legelari eta aktibista palestinarraren hitzak irakurri nituen bira geldiarazi zuten protesten ondoren. Euskal Herriari eta kaleak bete zituztenei zuzenduta, honakoa adierazi zuen: «Espainiako Vueltako hamaikagarren etapan egindakoa ez zen une iheskor bat izan kirol lasterketa batean; munduari egindako giza oihu zintzoa izan zen: Palestina ez dago bakarrik». Orduan sortzen da funtsezko galdera: milaka heriotzak gure gizatasuna astintzea lortzen ez badute, zer geratzen zaigu? Esaldi horiek irakurtzerakoan, ezinbestean etorri zitzaizkidan burura egunero ikusten ditugun irudiak; Gazako errealitatea, albistegi eta sare sozialetan behin eta berriz errepikatzen dena. Eszena jasanezinak dira, ikusteko oso gogorrak, eta beldur naiz errepikapen horrek azkenean ez ote gaituen anestesiatuko, sakon-sakonean hunkitu beharko gintuzkeen tragedia bat ia ikusezin bihurtzeraino. Orduan sortzen da funtsezko galdera: milaka heriotzak gure gizatasuna astintzea lortzen ez badute, zer geratzen zaigu? Hala, Bakerren esaldiak ageriko elkartasunaren indarrean pentsarazi zidan. Izan ere, ahots ugari altxatzen direnean, une batez bada ere, gure ekintzek duten garrantziaz jabetzen gara. Gazako genozidioaren moduko ankerkeriaren aurrean isilik egotea ezin da aukera bat izan, horrelako sarraski batek oihu sendo bat merezi baitu, aldarri irmo bat.
