Flor de Africa: hamabost urte lurra elikatzen

Flor de Africa: hamabost urte lurra elikatzen

Batzuk goiz ailegatu dira; bertze batzuk, berriz, berandu. Inor ez da kezkatu, ordea, eta lanean hasiak direnek denbora hartu dute ailegatu berriei egin beharrekoa azaltzeko. Batzuk eta bertzeak ailegatu bitartean, Fatima Djara eta Aby Watt harat eta honat ibili dira, Munduko Medikuak erakundeak Iruñeko Aralar karrikan duen egoitza atontzen, ikastaroan izena eman duten guztientzat tokia badela ziurtatzen. Irribarre batekin hartu dituzte emakume guztiak, eta mahai handi baten bueltan eseri dira denak. Giroa lasaia da, eta atsegina, lagunartekoa. Halakoxea baita Flor de Africa: sare eta babesleku bat herrialdean bizi diren Afrikako eta afrikar jatorriko emakumeentzat. Elkarteak hamabost urte bete ditu irailean.

Flor de Africa elkarteko kideek astean behin bat egiten dute, Iruñeko Udalak diruz lagundutako Gure artean izenburuko programan parte hartzeko. Irailaren 6ko saioan, ale apaingarriekin lepokoak, eskumuturrekoak eta gerrikoak egiten aritu ziren. Afrikako zenbait herritan, halakoek esanahi berezia dute. «Senegalen, adibidez, emakumeok umetan ikasten dugu halakoak egiten, geure burua apaintzeko; haurrei ere jartzen dizkiegu, babes gisa», azaldu du Wattek.

Watt 2004. urtean ailegatu zen Iruñera, eta 2010ean, Flor de Africa elkartea sortzeko prozesuan parte hartu zuen, Fatima Djararekin eta bertze hainbat emakumerekin batera. Djara 2008an etorri zen Ginea Bissautik Nafarroara. «Munduko Medikuak erakundearen babesarekin hasi genuen gure bidea», oroitu du. Harreman hori ez da inoiz eten, eta bi elkarteek «elkarri laguntzen» diotela erran dute Flor de Africako kideek. Hirurogei inguru dira egun.

Flor de Africako kideek irailaren 6an Iruñean egindako tailerreko irudi bat; ale apaingarriak erabili zituzten lepokoak eta gisakoak egiteko. IÑIGO URIZ / FOKU

Izan ere, elkartea sortu aurretik, Djara eta bertze hainbat andre Munduko Medikuak erakundeak ablazioaren aurka egiteko abian duen programan hasi ziren lanean. Laster ohartu ziren, ordea, autonomoago izateko beharra bazutela, artatzen zituzten emakumeek lasai hitz egiteko eta seguru sentitzeko toki bat behar zutela. Eta hori izan zen Flor de Africa elkartearen lehen hazia.

Azaroan, kongresua

Hamabost emakumek eman dute izena irailaren 6ko saiorako. Flor de Africaren Gure artean programaren helburua da elkarteko kideek elkar ezagutzea, nork bere herriaren eta kulturaren berri ematea, bertzeek ezagut dezaten. Askotarikoa baita Afrika, eta herri, hizkuntza, kultura eta errealitate anitz biltzen baititu. Flor de African ere hainbat herritako emakumeek egin dute bat; hangoak eta hemengoak dira jatorriz, baina denek asmo bera dute elkartean: bertzeen babesa jaso, eta bertzeak babestu; migratu ondoko doluan lagundu. Eskutik heltzen diote elkarri, bidean aurrera egin ahal izateko.

«Gizarte langileek, anitzetan, guregana bidaltzen dituzte haiek artatu beharreko herritarrak»

FATIMA DJARA Flor de Africa elkarteko kidea

Aziza Hawl Allah Marokotik etorri da Nafarroara; duela bost urte egin zuen bat Flor de Africarekin. Ez da marokoar bakarra irailaren 6ko saioan, elkartera ailegatu berri diren bertze bi emakume lagun baititu Hawl Allahk. Itzultzaile lanak egin behar izan ditu haientzat, gaztelaniaz ikasten ari badira ere oraindik ez baitute hizkuntza menperatzen. «Gure artean gaztelaniaz aritzen gara; ama hizkuntza anitz ditugu elkartean, baina beti bada gaztelaniaz moldatzen den norbait, arazoak dituztenak laguntzeko prest», azaldu du Djarak.

Aziza Hawl Allah gustura aritu da lagunekin eskumuturrekoak egiten; kontatu du Marokon ere Amazig herrikoek ale apaingarriak erabiltzen dituztela lepokoak eta gisakoak egiteko, bai eta jantziak apaintzeko ere. Hurrengo saioan, Aziza Hawl Allah ariko da irakasle: eskuak hennarekin apaintzen irakatsiko die elkarteko kideei. Hura irribarre errazekoa da, eta sumatzen zaio lagun artean dela Flor de Africako gainerako emakumeekin. «Duela bost urte etorri nintzen Flor de Africara. Orduan baino indartsuagoa naiz orain. Anitz ikasi dut; bertzeak bertze, emakumeon aurkako indarkeria motak identifikatzen», kontatu du.

 

Flor de African josten irakasteko eginen duten ikastarorako erositako oihaletako bat. NH

Aleak hartu eta hariarekin lotu; kolorez bete dira mahaiak, eta kolorez Flor de Africako kideek egindako lepokoak eta eskumuturrekoak. Mavis Amankwaahk erositako oihalek ere kolore biziak dituzte. Taldeko bertze kideei poltsak eta nezeserrak josten irakasteko erosi ditu. Egindako lanak, gainera, Flor de Africa antolatzen ari den indarkeria matxistaren aurkako kongresuan erakutsiko dituzte. Azaroaren 13an eta 14an eginen dute, Iruñean, Intermon Oxfam erakundearen babesari esker. «Europan bizi diren Afrikako eta afrikar jatorriko emakumeak etorriko dira, indarkeria matxistaren aurka egiten ari diren lanaren berri ematera», esplikatu du Djarak.

Ekainean, hain justu, indarkeria matxista jasan duten emakumeentzako gida bat aurkeztu zuen Flor de Africa elkarteak. Asmoa da, bertzeak bertze, herrialdean dauden baliabideen berri ematea. Erakunde publikoetan, halere, bada zer hobetu. Horixe salatu du Fatima Djarak: «Gizarte langileek, anitzetan, guregana bidaltzen dituzte haiek artatu beharreko herritarrak. Guk, ordea, ezin dugu etxebizitzarik ez duenaren arazoa konpondu. Babesa eskaintzen ahal diogu, sare bat, eror ez dadin, baina ez dugu etxebizitzarik».

Zutik, Flor de Africako Fatima Djara; haren eskuinean, eserita, elkarte bereko Aby Watt, irailaren 6an, Iruñean egindako tailerrean. IÑIGO URIZ / FOKU

Elkarteak ez du egoitzarik izan uztailera arte; etxabe bat alokatzea lortu dute orain, baina oraindik altzaririk gabe daude. «Ez dugu dirurik erosteko», azaldu dute Flor de Africako kideek.

Hamabost urteko bidean, karrika hartu dute anitzetan, indarkeria matxista eta arrazakeria salatzeko. Besta egiteko ere bai. Sanferminetan, bertzeak bertze, Iruñeko Udalak antolatutako kulturarteko kalejiran parte hartzen ohi du Flor de Africak. «Sanferminak alkoholarekin lotzen nituen hasieran, eta ez nituen batere gogoko; zaila da hemengo kuadrilletan sartzea, baina bestak haiekin ezagutzen dituzunean, erabat aldatzen dira. Hamaiketakoak, txarangak eta bertze deskubritu nituen nik, bertze sanferminak», kontatu du Aby Wattek.

Flor de Africak zubi lan hori egin nahi du, eta sare eta babesleku izaten jarraitu. Aziza Hawl Allahk garbi erran du «beldurrik ez» duela taldeko kideak ezagutu zituenetik. Mavis Amankwaahk, berriz, elkarri laguntzeko egiten duten ahalegina nabarmendu du. «Hilero jartzen dugu diru bat, behar duenak jaso dezan. Banku bati eskatzea baino hobe da gure artean elkar laguntzea». Sare eta babesleku baita Flor de Africa.