Psikologiako kontsulta batean bi leku daude beti: terapeutaren aulkia eta pazientearen eserlekua. Baina, dirudienez, gero eta gehiagotan, terapeutaren aulki hori hutsik geratzen da. Inork ez du okupatzen. Horren ordez, aplikazio batek erantzun, galderak egin eta hitz atseginak itzultzen ditu. Egunotan irratian entzun dudan titular batek konfirmatzen du diodana: «Gero eta gazte gehiagok erabiltzen dute adimen artifiziala psikologo gisa».
Arrotza den arren, erraz irudikatzen dut eszena: norbait etxera iristen da, ordenagailua irekitzen du eta, profesional batekin hitzordua eskatu beharrean, bere beldurrak eta kezkak txat batean idazten ditu. Beste aldean, ordea, ez dago ez begiradarik, ez isilunerik, ez keinu txikirik; erantzuteko prest dagoen algoritmo bat besterik ez. Eta, hala ere, askorentzat hori bihurtu da babesleku.
Adimen artifizialaren berehalakotasuna, doakotasuna eta itxurazko enpatia tentagarriak dira. Edozein ordutan hitz egin, nahi adina luzatu eta erantzun adeitsuak jaso ditzakegu, epairik eta etenik gabe.
Baina ustezko abantaila horien artean ere, agertzen dira arriskuak. Txatbot batek ez du sentitzen, ez du ñabardurarik interpretatzen. Bere erantzunak hizkuntza ereduetan oinarritzen dira; ez da gai gaitz ezkutuak antzemateko eta ez du benetako sostengurik eskaintzen. Hala, arazoari behin eta berriz bueltak ematen aritu gaitezke, konponbidea aurkitu gabe eta inkontzienteki arazoa bera elikatzen.
Anonimotasun digitalak ere zeresan handia du kontu honetan; makina bati zure kezkak kontatzea beste norbaiten aurrean irekitzea baino errazagoa da. Baina erosotasun horren alde egitea engainagarria izan daiteke. Izan ere, plataforma horietan partekatzen dena ez dago babestuta psikologo baten konfidentzialtasuna arautzen duten lege-esparru berberengatik. Elkarrizketak biltegiratu, aztertu eta guretzat ezezagunak diren helburuetarako erabili daitezke. Eta bizitzako alderdirik intimoenei buruz ari garenean, ez nuke esango lausotasun hori xehetasun txikia denik, arrisku sakona baizik.
«Testuinguruak ez du laguntzen: osasun publikoan psikologo gutxi daude eta kontsulta pribatua askorentzat ordainezin bihurtzen da»
Pandemiaz geroztik, barrutik zaintzea kanpotik zaintzea bezain beharrezkotzat jotzen dugu. Ikasi dugu, hein batean, eguneroko bizitza sostengatzen duen ongizate ikusezin horren garrantziaz jabetzen. Baina egun dugun testuinguruak ez du laguntzen: osasun publikoan psikologo gutxi daude eta kontsulta pribatua askorentzat ordainezin bihurtzen da. Hala, gure ondoez emozionala non kokatu jakin gabe eta zaurgarritasunak beldurtuta, algoritmo baten bizkortasuna eta neutraltasuna besarkatzen ditugu.
Hezkuntza emozionala falta zaigu, eta sentitzen duguna kudeatzeko espazio eskuragarriak ere bai. Teknologiaren alde uzten ari gara gizakiongan indartu beharko genukeena: aurrez aurreko entzute eta babesa, zaintzeko eta zainduak izateko dugun gaitasuna.