Zentsuraren adibide bat gertatu da iragan asteburuan. Urriaren 1etik 9ra bitartean, Erriberan bere 40. urteurrena ospatzeko 1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketa antolatu du sindikatuak Tuterako Rua gizarte etxean. Alta, Alejandro Toquero Tuterako alkateak erabaki du erakusketa debekatzea, presoen aldeko ikurren bidez terrorismoa goratzen duela argudiatuta. Sindikatu abertzaleak udalaren jarrera gaitzetsi du eta ez du baztertzen auzitegietara jotzea.
Sindikatuak iaz bere 50. urteurrena ospatu zuen, eta erakusketa horixe jarri zuen Nafarroako Parlamentuan. Otsailaren 4tik 20ra bitartean 50 urtez sindikatua ardaztu duten gaiak, bere ibilbidearen zertzeladak eta Maiatzaren Leheneko kartelak ikus zitezkeen. Horrekin batera sindikatuaren inguruko datuak ematen ziren. Parlamentuan, UPN eta CEN kexu azaldu ziren karteletako batek patronaleko buruzagia sudur luze batekin irudikatzen zuelako. Baina gainerakoan ez zen bestelako iskanbilarik sortu eta ehunka herritarrek ikusi ahal izan zuten.
Tuterako erakusketan, Parlamentuan eskegitako kartelak jarri ziren, baita Erriberako egotzako ordezkariek lau hamarkadatan egin duten lanaren irudi batzuk ere. Alejandro Toquerok larunbatean Rua gizarte etxean erakusketa izateko baimena atzera bota zuen. Udalaren oharraren arabera, terrorismoa goratu du erakusketak. Alta, presoen aldeko ikurrak dituzten kartelek terrorismoaren gorazarrea irudika dezaketela diote gero.
Sindikatuak atzo zioenez, oraindik ez diete horren berri ofizialki eman. «Zentsura eta debekua» ezarri nahi izatea aurpegiratu dio Toquerori sindikatuak. «Alejandro Toquero bezalakoen jauntxokeriek argi eta garbi erakusten duten zein garrantzitsua den UPNren eskuak Nafarroako erakundeetako lemetatik urruti egotea, batere aukerarik izan ez dezaten Nafarroako langileen bizitzen gaineko ezein erabaki hartzeko», gaineratu du sindikatuak.