Auzolana, irisgarritasuna, jasangarritasuna eta saretzea dira aurtengo Nafarroa Oinez jaialdiaren ardatz nagusiak. Bihar, igandearekin, jaiari ateak irekiko dizkio Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak. Hemeretzi urte daramatza ikastolako zuzendari Iñaki Errozek (Iruñean, 1969), eta bitan tokatu zaio jaialdia antolatzea. Gogotsu hartu du ardura, eta euskara sustatzen jarraitzea du helburu.
Urtebeteko lana dago Nafarroa Oinez jaiaren prestaketan. Dena prest?
Azken txanpan gaude. Ikastolak horrelako gauzak aprobetxatzen ditu kooperatibismoa biziberritzeko. Zalantzan jartzen genuen ea horrenbeste jende mobilizatzeko gai izango ginen. Ikusi dugu gai izan garela, eta horrek asko poztu gaitu. Akaso kanpokoentzat ikusezina da, baina ikastola barruan auzolana freskatu egiten da jaialdiarekin. Aurten errekonozimendurik jaso gabe lanean ari direnak omendu nahi ditugu, ikastolaren oinarria direlako.
Zuzendari gisa Paz de Ziganda ikastolan jaia antolatzea tokatzen zaizun bigarren aldia da. Beste ikastola batzuetan ere aritu zara. Nola jaso zenuen konpromisoa?
Fresko eta gogotsu sentitzen naiz, baina ongi ixteko gogoa ere daukat. Proiektuan sinesten dut, eta uste dut euskarak Nafarroan duen tokiari bultzada bat eman behar zaiola. Euskararen egoera Nafarroan orokorrean ez da ona. Gainera, lau katu gara, eta batzuetan sare publikoaren, ikastolen eta beste batzuen artean ez gara ondo moldatzen. Horregatik, gustatuko litzaiguke ez izatea soilik ikastola zaleentzako zerbait. Begirada zabaldu behar dugu, eta jende guztiari gonbita ireki. Euskaltzaleentzako topagunea izatea nahi dugu.
«Errekonozimendurik jaso gabe lanean ari direnak omendu nahi ditugu, ikastolaren oinarria direlako»
Mugikortasun jasangarria eta irisgarritasuna jaialdiaren ardatz nagusiak izango direla esan duzue. Nola eramango duzue praktikara?
Nafarroa Oinez gure hezkuntza proiektuaren ardatz nagusien isla izatea nahi dugu. Jasangarriak eta inklusiboak edo pluralak bagara, jaialdiak ere halakoa behar du. Jasangarritasunak bi zutabe izanen ditu. Alde batetik, Oinez Klima proiektua dago; lehen Oinez Basoa zena. Jasangarritasuna ez da bakarrik basoak sortzea; ikusi dugu integralagoa dela. Horregatik, Ezkaba Txikin eta Ultzama kalean zuhaitzak landatuko ditugu; aterpe klimatikoaren ideiak arreta pizten digu, eta komunitate energetiko bat sortu behar dugu. Bestetik, egunean bertan jasangarriak izan nahi dugu. Iruñerriko jendea bizikletan, billabesan edo oinez etortzera animatu nahi dugu. Garraio publikoa indartu dugu, eta bizikletak aparkatzeko lekua egonen da. Jaialdiaren ostean, ikasleek garbiketa taldeak antolatuko dituzte.
Eta irisgarritasunari dagokionez?
Oso zabala da, baina, adibidez, aparkaleku berezi bat jarriko dugu mugikortasun zailtasunak dituztenentzat. Lehenago abisatu, eta leku bat gordeko diegu. Karteletan QR kode batzuk daude pertsona itsuak webgunera sartzeko. Keinu hizkuntzako interpretea ere egonen da. Ibilbideari dagokionez, laua izanen da. Urtean zehar egin ditugun gainerako ekintzen helburuetako bat beste elkarte batzuekin harremanak sortzea izan da.
Urteekin zer norabide hartu du Paz de Ziganda ikastolak euskararekiko duen konpromisoak?
Josu Luis Gorostidiren eskutik Lizarran hasi eta Euskal Herrira zabaldu den Euskaraz bizi proiektuan sinesten dugu. Aditu batzuen hitzetan, gaur egun krisialdi moduko bat bizi du euskarak. Gure testuingurua oso erdalduna da, eta gure erronka euskara geletatik ateratzea da. Askotan ez dugu lortzen, eta oso etsigarria da, baina ez dugu amore ematen. Etxean ez bada euskara erabiltzen, oso zaila da gazteen artean kalean erabiltzea.
Gaur egun, zer ekarpen egiten diozue Iruñerriari?
Uste dugu, Nafarroako egoera linguistikoa ikusita, ikastolek zonifikazio linguistikoa gainditzen dugula. Iruñerrikoak handiak gara, eta batzuetan kritikak jasotzen ditugu, baina oso konektatuta gaude ikastola txikiekin. Euskararen sustapenenean ezinbestekoak garela uste dugu.
«Gure ikastolaren testuingurua oso erdalduna da, eta gure erronka euskara geletatik ateratzea da»
Pedagogia berrietara egokitutako espazio «pluralak» eta «irekiak» sortzeko erabili nahi duzue dirua. Jaialdirik gabe ezinezkoa litzateke?
Oraintxe ez ditugu gurasoek egiten dituzten ekarpenak handitu nahi; kontrara, txikitu nahi ditugu. Oraindik ikastolaren hipoteka eta beste gauza batzuk ordaindu gabe ditugu. Ikastola itunpekoa izanik, ezohiko diru sail bat behar dugu azpiegiturak aldatzeko.
Aipatu duzu kritikak jasotzen dituzuela ikastola handia izategatik. Planteatu izan duzue ikastola txikiagoetan eta euskara ofiziala ez den zonetan jarri beharko litzatekeela indarra?
Hirurogei urtean hiru aldiz egin dugu Paz de Zigandan. Esaten digute pixka bat euskopijoak garela. Guri agian Sanfermin ikastolakoei baino gutxiago, herrikoiagoak garelako. Uste dugu eskola publikoa oso baliotsua eta beharrezkoa dela, baina kooperatibismoak eta ikastola honek egindako ibilbidea ere bai. Ez digu inork deus oparitu; auzolanean egin dugu. Eredu desberdinak egotea aberasgarria da, jendeak erabaki dezakeelako zeinekin egiten duen bat. Badakigu euskaltzaleak ez direnek zer pentsatzen duten, baina batzuetan kritikak sektore euskaltzaletik datoz. Batzuek uste dute desagertu beharko genukeela, baina ez gaude ados. Uste dugu etorkizun handiko eredua garela, eta kritikek ez gaituzte desbideratzen.