Madrilgo Arena Green Power enpresak, energia berriztagarrien promotoreak, beste kolpe bat jaso du Nafarroako Gobernuaren partetik. Erriberako merindadean zazpi haize errotako parke bat eraikitzeko asmoa zuen, baina Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendariak ebatzi du proiektuak ingurumenean inpaktu handia izango lukeela, eta atzera bota du, beraz, proiektua.
Arena Green Power enpresak haize errota bakoitza proiektu bakar gisa tramitatzen ditu, pasa den irailean Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak BERRIAri azaldu zionez. Hori bera azaltzen du Nafarroako Gobernuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean publikatutako informazioan: «Aurkeztutako proiektuak ingurune bat berean kokatzen dira, jarduera, sarbideak eta obra zibil bat eta bera partekatzen dute, eta sortutako energiaren transformazioa, ebakuazioa eta sarerako konexioa Tafalla TAE 66 kV (i-DE) azpiestazioan, azpiegitura komunen bidez isurtzen dute. Beraz, haien artean izaera bat bera eta lotura estua dute». Hori dela eta, erabaki dute denak batera aztertzea.
Behin enpresak egindako ingurumen inpaktuaren adierazpena irakurrita, eta alegazioak eta bestelakoak ikusita, ingurumen organoak ondorioztatu du hainbat landare eta animalia espezieri kalte egingo liekela errotek; horregatik bota dute atzera proiektua ingurumen ikuspuntutik.
Hainbat elkarte ekologista eta tokiko erakunde izan dira enpresak egindako adierazpenari alegazioak aurkeztu dizkiotenak, eta denek azaldu dute inguruan hegazti eta kiroptero espezie asko ibiltzen direla, eta errotak espezie migratzaile batzuen igarobideetan egongo liratekela kokatuta. Sustrai Erakuntzak eta Ekologistak Martxanek nabarmendu dute errotek «talka arriskua eta hesi efektua» eragin dezaketela, horregatik uste dute ingurumen ikuspuntutik proiektua ez dela bideragarria. Seo-BirdLife elkarteak ere uste du «talka ibilbideak dituzten hegaldien ehunekoa ez dela batere gutxiestekoa».
Hori dela eta, ingurumen organuak uste du «ingurumenaren gaineko inpaktu negatiboak eragiteko arriskua» duela proiektuak, eta enpresak proposatutako neurri zuzentzaile eta arintzaileak «ez direla berme aski».