Guillermo Vallejoren ildo beretik hitz egin du gaur goizean Francisco Jose Ansorena ingeniari eta Belateko tunelen kontratazio mahaiko kideak. Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean adierazi du Jesus Polo kontratazio mahaiko buruaren jardunbidea ohikoa dela, eta lizitazio gehienetan «horrela jokatzen» dela: «Ohikoena da presidenteak gainerako kideen balorazioak jasotzea eta azken txostena hark lantzea». Ansorenak berretsi du azken txosten hori begi onez ikusi zutela beste lau ingeniariek eta «aho batez» babestu zutela. «Denoi iruditu zitzaigun nahikoa argudiatua eta azaldua zegoela. Ulertzen genuen teknikoki ongi egina zegoela».
Ustelkeriaren hipotesia desegiten ari zaiola jakinik, UPNko Marta Alvarezek bere galdeketa iritzi politikoekin nahastu du Ansorenari egindako galdeketan. UPNk ez du etsi, baina. Alvarezen esanetan, agerian geratu da Jesus Polo gai izan zela ingenieriarien bozketa manipulatzeko, eta horretarako baliagarri zaizkio Lorenzo Serena idazkari judizialak bozketaren metodologia horren inguruan plazaratutako zalantzak. Ansorenak ez du iritzirik eman uste horiei buruz, baina argi utzi dio ingeniariek ezin dutela hipotesietan oinarritu. «Ez dago horren froga irmorik. Nik ezin dut esan nork esaten duen egia, Polok edo Serenak. Ez dagokit niri esatea nork egin duen gaizki. Ez da nire lana».
Ekainean, Serenak metodologia hori auzitan jarri zuen, eta 2023ko ekainaren 21ean egindako bilera batean Polo kendu eta beste bozketa bat egitea proposatu zuen. Eta notarik altuenak eta apalenak kentzea proposatu zuen. Alvarezek galdetu du zergatik ez zuten aintzat hartu gomendio hori. «Ez dakit hari jaramon egitea hobeagoa izango ote zen. Hari kasu egin eta jaramon egin izan bagenio, agian leporatu ziezaguketen Polo gainetik kendu eta beste eragile baten alde jokatzen ari ginela. Une horretan egoki iruditu zitzaiguna egin genuen, eta gertaeretan oinarritu ginen, ez hipotesietan».
«Une horretan egoki iruditu zitzaiguna egin genuen, eta gertaeretan oinarritu ginen, ez hipotesietan»
FRANCISCO JOSE ANSORENA Kontratazio mahaiko kidea
Beste auzi garrantzitsua da ingeniariek hartutako erabakiaren azalpen teknikoa. 2023ko maiatzaren 11tik 26ra bitartean, Polok kontratazio mahaiko bost kideen balorazio teknikoak jaso zituen, eta maiatzaren 30ean guztiek egindako azterketaren bilduma erredaktatu zuen. «Oso lan zaila da, izugarria. Bost pertsona gara eta guztiona dokumentu bakarrean bildu behar da, eta gainera zazpi enpresa izanik, are zailago da. Oso gai irekiak dira eta azalpenak zabalak dira. Ez da test moduko azterketa bat».
Ansorenaren arabera, egindako azalpen txostena baliagarria zen, baina legelariek eskatuta lau aldiz hobetu zuten. «Sekulako esfortzua egin genuen mahaiko kide guztien —legelariena, barne— adostasuna lortzeko. Ikusirik ez zela posible, aurrera jo genuen. Nahiko ongi azalduta dago, eta inork azalpenak eskatuz gero, argi genuen hori egiteko gai izango ginela».
Ansorenak bai azaldu du Polorekin izandako solasaldi polemiko bat, baina ez zuen gogoan noiz izan zen. Bere esanetan, Polok aipatu zion Mariezkurrena eraikuntza enpresarekin batera zihoan beste partaide bat ezagutzen zuela eta lanean «esperientzia txarra» izan zuela haiekin. UPNko parlamentariak galdetu dio ea bere botoa baldintzatzen ahalegindu zitzaion: «Ez dakit zein izan zen bere asmoa. Bere iritzia zela esan eta hor moztu nuen elkarrizketa», aipatu du Ansorenak eta argi utzi du bere balorazioa ez zuela baldintzatu: «Guk ez dugu ikaslea baloratzen, azterketa baizik. Enpresen eskaintzak dioenera mugatu behar da eta berdin dio zure bihotzak zer esaten dizun».
Zurrumurru giroaz
Ansorenak azaldu du Lurralde Kohesioko departamentuan «ohikoak» direla zurrumurruak, eta Belateko tunelaren aurrekontua handia izanik, are gehiago. «Indar handiagoz entzuten zen. Gure lanaren parte dira txutxu-mutxuak, eta nik ez diet jaramonik egiten». Ansorenak aipatu du kasu askotan zurrumurruek diotena ez datorrela bat lizitazioarekin, baina oraingo honetan Acciona atera zen irabazle. «Halabeharrez izan da». Argi utzi du ez duela inongo esku hartze politikorik edo presiorik jasan.
PSNko Javier Lekunberrik gogoeta bat egin du ikerketa batzordearen nondik norakoaz. «Hemen dugun arazoa da politikoki norbaitek gobernua eraistea erabaki duela eta gaizki ateratzen ari zaiola. Obra honetan ustelkeria egon dela erakutsi behar dute eta horretarako derrigorrez behar dute azaldu kontratazio mahaiko kideek erabaki partzialak hartu zituztela, eragin politikoen pean. Horretarako mahaiko zortzi kideak jomugan jarri dituzte».