Torturatzaileen inpunitatea aztertuko dute azaroaren 6an Iruñean, nazioarteko konferentzian

Torturatzaileen inpunitatea aztertuko dute azaroaren 6an Iruñean, nazioarteko konferentzian

Nafarroako Torturatuen Sareak torturaren eta inpunitatearen arteko binomioa aztertuko du azaroaren 6an, Iruñeko Medikuen Elkargoan. Torturaren inguruko laugarren nazioarteko konferentzia antolatu du, Inpunitatea: Erreparaziorik ezaren eta errepikapenaren bermea lelopean. 

Hitzaldiaren berri eman dute elkargoaren egoitzan bertan Mikel Sotok eta Ainara Gorostiagak, sareko kideek. 2022an lehen konferentzia egin zutenetik lau urte pasatu dira, eta aldi bakoitzean gai bati erreparatu nahi izan diote. Hala, estreinakoan, tortura Nafarroatik harago hartu zuten hizpide; 2023an, erreparazioari buruz hausnartu zuten, eta iaz, erreparazio batzordeei buruz. Aurten, inpunitatea hartu dute aztergai.

Ipar Irlandako kasua

Saioak bi atal izango ditu. Lehenengoan nazioartera begiratuko dute, eta, bigarrengoan, Euskal Herriko errealitatera. Hala, lehenik, Ipar Irlandako kasua emango dute ezagutzera. Duela lau urte, Osloko Unibertsitateko Giza Eskubideen Norvegiako Zentroak deituta, Irlandako zein nazioarteko adituek bertako inpunitatea aztertu zuten, eta iaz txosten bat argitaratu zuten. Ondare garratza, estatuaren inpunitatea Ipar Irlandako gatazkan du izenburu. 

Hori oinarri hartuta, John Finucanek gaiaz hitz egingo du. Finucane 1980an jaio zen, eta, bederatzi urte geroago, paramilitar loialistek, Erresuma Batuko zerbitzu sekretuen laguntzaz, haren aita hil zuten, eskubide zibilen aldeko abokatua. Finucanek hamabost urte egin ditu giza eskubideen defentsan abokatu gisa, eta 2009an Belfasteko lehen alkate nazionalista izan zen. Egun, Westminsterreko diputatu da. Bere aitaren izena daraman Pat Finucane Center foroan egiten du lan.

«Zigorgabetasunaren funtzionamendua eta ondorioak aztertzea da gure xedea, inpunitatearen eta torturaren gurpil zoroa gainditzen lagunduko duten ondorioak ateratzen saiatzeko»

MIKEL SOTO Nafarroako Torturatuen Sareko kidea

Bigarren saioan Euskal Herriko egoerari erreparatuko diote. Espainiako estatuan torturaren ezarpenak eta inpunitateak izan dituzten ezaugarri bereziez hitz egingo du Iñigo Iruinek. «Zigorgabetasunaren funtzionamendua eta ondorioak aztertzea da gure xedea, inpunitatearen eta torturaren gurpil zoroa gainditzen lagunduko duten ondorioak ateratzen saiatzeko», azaldu du Sotok.

Gogora ekarri du Espainiako estatuko segurtasun indarrek aplikatutako torturak ezaugarri «berezi eta kezkagarriak» izan zituela. Tortura ikertzeko eskaerei uko egin zaie oro har, eta egon diren tortura zigor urrietan indultuak areagotu dira. «Torturatzaileak mailaz igotzea eta haiei dominak ematea gehitu behar zaio horri». Nafarroako Torturatuen Sarearen arabera, inpunitateak ezinezko egiten du erreparazioa, horixe baita tortura ahalbidetzeko «mekanismo nagusietako bat». 

Hiru antzezlan, azaroaren 9an

Nazioarteko konferentziaz gain, adierazpen artistikoei tartea zabalduko diete. Azaroaren 9an, egiazko hiru mikroantzezlan taularatuko dituzte Pinaquy aretoan. Sareko hiru kidek bizitakoa antzeztuko da bertan. 17:30ean, gau iluna izango da ikusgai, Iker Aristuk bizitakoari buruzko lana; 18:30ean, Aingeru Zudairek 2012ko greba orokorreko manifestazioan bizitakoa kontatuko dute Argia iluntasunean antzezlanean; 19:30ean, Nire gau torturatuen oihartzuna antzezlana egingo dute, eta Metxe Gonzalezen istorioa izango du ardatz lan horrek. 

56

Zenbat kasu aitortu dituen Nafarroako Gobernuak. Nafarroako Torturatuen sareak jakinarazi duenez, gaur-gaurkoz, Nafarroako Gobernuak 56 tortura kasu aitortu ditu.