Hamahiru argazki, zainketa aringarriak zer diren azaltzeko. Jose Luis Cordonek egin ditu, Palian Nafarroako zainketa aringarrien elkarteak eskatuta. Palianek herritar ororentzat zabalik ditu ateak, baina orain arte profesionalek baino ez dute bat egin taldean; medikuak, erizainak, psikologoak eta gizarte langileak daude. Kideek garbi dute, ordea, zainketa aringarrien auziak «gizarte osoa» ukitzen duela, eta mezu hori zabaltzeko, eta zainketa aringarrien inguruko mitoak eta tabuak lantzeko, erakusketa bat prestatu eta mahai inguru bat egin dute, Iruñean, urriaren 13an.
Cordonek Los Txicos de la Estafeta taldeko aktoreak lagun izan ditu argazkiak egiteko, eta irudien bidez jorratu nahi izan dituen gaiak islatzeko: zaintza lanen atzeko samurtasuna, gaixoa zainketa aringarrien unitatera bideratzeko uneko komunikazioa, naturak edo musikak gaixo denaren mina eta ezongia arintzeko duten indarra, tratamenduen ondorioak, atseden hartzeko beharra, hurbilekoen babesa… Irudiak Nafarroako Liburutegiko lehen solairuan ikus daitezke, Iruñean, urriaren 31ra bitarte.
Cordonen eta Palian elkarteko kideen lehen asmoa izan zen argazkietan zainketa aringarriak jasotzen ari diren herritarrak eta haien ingurukoak agertzea, baina berehala bazter utzi zuten, bai baitakite prozesua «gogorra» izaten ohi dela; prozesu horretako gorabeherak, finean, gaixo denaren eta haren senideen eta lagunen arteko intimitatearen esparruan gorde nahi izan dituzte. «Horregatik erabaki genuen aktoreen lana baliatzea; nik zalantza handiak izan nituen, baina uste dut argazkiek primeran azaltzen dituztela landu nahi izan ditugun gaiak», aitortu du Isabel Erkiagak, Palian elkarteko presidenteak.
Palian elkarteko Miren Martinez erizaina eta Isabel Erkiaga medikua, Jose Luis Cordon argazkilariarekin, urriaren 13an, Nafarroako Liburutegian, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Elkarte bereko kide da Miren Martinez erizaina, eta hark erantsi du Cordonen erakusketa osatzen duten hamahiru argazkien artean badela «benetakoa» den bat; hau da, aktorerik gabe egina dena. Argazkilaria ageri da irudi horretan, eta, harekin batera, txakur bat: Argi izeneko galgo beltz bat. Cordon eta Argi etzanda ageri dira, baten kopeta bertzearen buru gainean. Martinezek idatzi ditu erakusketako argazkiak laguntzen dituzten testuak, eta Argiren eta Cordonen irudiari buruz, hauxe jaso du: «Animaliek laguntzen gaituzte, ez gaituzte sekula abandonatzen. Etxez etxe aritu diren profesional guztiek memorian gordeak dituzte bizitza osoan gaixoen lagun izan diren animalien irudiak».
Animaliek laguntzeko «berez» duten gaitasuna nabarmendu du. Cordonen argazkian, baina, Argi da zainketa aringarriak jasotzen ari dena, eta argazkilaria, berriz, lagunaren ondoan egon nahi duena. Txakurrak hesteetako gaixotasun kroniko bat zuen, eta iazko urtarrilean zendu zen.
«Ahalik eta azkarren»
Cordonek badu esperientzia zainketa aringarrien esparruan, Argi ez baita azken etapan lagundu duen bakarra. «Amarekin egon nintzen haren azken sei hilabeteetan; hura laguntzen, eskutik heltzen, eta, batez ere, maitatzen. Hori da zainketa aringarrien oinarria; gaixo denaren espazioa eta beharrak errespetatzea ere bai. Agurra gogorra da, baina agur errateko denbora izan duzunean, gerokoak ez dira hain latzak», kontatu du.
Martinezek eta Erkiagak ederki ezagutzen dute argazkilariaren esperientzia, herritar anitzen ondoan izan baitira hurbilekoei agur errateko eta heriotzaren ordua onartzeko momentuan. Martinez erizaina duela 23 urte hasi zen zainketa aringarrien esparruan lanean, Iruñeko San Joan Jainkoarena ospitalean; itunpeko zentro bat da. Martinezek Erkiaga lankide izan zuen han, hamar urtez. Orain, baina, Erkiaga Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko zainketa aringarrien taldean ari da; medikua da, onkologoa.
Jose Luis Cordonek zainketa aringarrien inguruko erakusketarako egindako argazkietako bat. Naturak gaixoak lasaitzeko duen indarra azpimarratu nahi du. JOSE LUIS CORDON
Garai batean, minbiziarekin lotzen ziren zainketa aringarriak. «Ni hasi nintzenean, hiesa eta minbizia zuten gaixoak baino ez genituen artatzen», erran du Martinezek. Gauzak anitz aldatu direla erantsi du, eta egun gaixo onkologikoak «gutxiengo» bat direla hartzen dituztenen artean.
Ez da hori aldatu den kontu bakarra; Martinezek esplikatu du lanean hasi zenean gaixo gehienak «sedatuta» iristen zirela zainketa aringarrien unitatera. «Azken txanpan hartzen genituen. Ondorioz, herritar anitzek heriotzaren unearekin lotzen dute zaintza aringarria», gaineratu du Erkiagak. Orain, sendabiderik ez duen diagnosi bat jasotzen duenak «ia hasieratik» egin dezake bidea zainketa aringarrietako profesionalekin. «Ahalik eta azkarren hasi behar dugu, gure eta gaixoen arteko harremana sendoa izan dadin», zehaztu du Martinezek.
Palian elkarteko kideek nabarmendu dute bide horretan «zintzotasunez» aritzea «funtsezkoa» dela. Gaixo denak, ahal dela, erabakiak hartzeko eskubidea baduela oroitu dute, eta horretarako behar duela une oro bere egoeraren berri izan. Berriki izandako gaixo baten kasua aipatu du Martinezek; gaixoak etxean gelditu nahi zuen, baina ez zuen behar zuen zaintza emanen zion sarerik. «Ospitalera joan behar zuen. Bazekien etxetik atera eta ez zela berriz inoiz itzuliko. Hori onartzea ez da erraza. Aste berean hirutan joan ginen, egoera zen bezala onar zezan. Azkenean, ospitalean zendu zen, baina lasai eta ongi egon zen azken une horietan».
«Ospitalera joan behar zuen. Bazekien etxetik atera eta ez zela berriz inoiz itzuliko. Hori onartzea ez da erraza»
MIREN MARTINEZ Palian elkarteko kidea eta erizaina
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, sendabiderik ez duen gaixotasun batek eragindako ondorioak arintzeko asmoz egindakoa da zainketa aringarria; munduan, 40 milioi pertsona inguruk behar dituzte zainketa aringarriak. «Ez da bakarrik mina arintzea edo kentzea; esparru guztietan eragiten dugu», azaldu du Erkiagak. Gaixoa eta haren hurbilekoak artatzen dituzte, heriotza hurbiltzen ari deneko egunak, asteak edo hilabeteak «bizitzaz betetzeko».
Bada zer hobetu
Palian elkarteak antolatutako mahai inguruan, entzule batek bere testigantzaren bidez azaldu du mina kentzeaz haragoko lan hori zehazki zer den. «17 urteko semea galdu dut. Zortzi hilabetez lagundu gintuen zainketa aringarrietako lantaldeak. Etxera etorri, eta zer moduz zegoen galdetzen zioten, eta semeak ongi zela erantzun, oinazerik ez baitzuen. Behin, zer musika talde gustatzen zitzaion galdetu zioten, eta semeak Morat maite zuela kontatu zien. Semeak musika talde horren mezua jaso zuen, unitateko profesionalen bidez; kontzertu batera eraman ahal izan genuen, eta egun hartako bideoak gorde. Eskerrak eman bertzerik ez nuen nahi».
Jose Luis Cordonen zainketa aringarriei buruzko argazkietako bat. Azazkalak margotzea bertzea zaintzeko keinu bilaka daitekeela azpimarratu nahi du. JOSE LUIS CORDON
Ez da dena urre, ordea. Martinezek eta Erkiagak garbi erran dute behar baino baliabide gutxiago dutela; erantsi dute oinarrizko arretaren egoera «zailak» ez duela bidea errazten, eta, anitzetan, arazoak dituztela oinarrizko arretako taldearekin komunikatzeko. Zainketa aringarrietako profesionalak gaixoen etxeetara joateko, hain zuzen, familia medikuak eman behar du baimena.
Zainketa aringarri pediatrikoen esparruan ere bada zer hobetu. Ekainean, Faltan Botatzen Dugu plataformak salatu zuen Osakidetzak kargu hartu ziola pediatra bati, gaueko ordu txikietan hil hurren zen 4 urteko haur bati zaintza aringarriak emateagatik. Palian elkarteak babesa agertu zion Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzeta ospitaleko zainketa aringarrietako lantalde osoari, ohar baten bidez, eta salatu Nafarroan ere Osasunbideak ez duela 24 orduko arreta bermatuko duen zainketa aringarri pediatrikoak emateko lantalderik. Iruñean egindako mahai inguruan Erkiagak eta Martinezek azaldu dute lanalditik kanpo aritu behar izaten dutela dauden beharrei erantzuteko. «Hemen ere bati baino gehiagori kargu hartu digute gaixoak artatzeagatik lanaldia amaitu eta gero. Zer egin behar dugu? Jendea bakarrik utzi?».
Gaixoekin duten konpromisoa berretsi dute Martinezek eta Erkiagak. Palian elkartearen bidez profesionalen formakuntza sustatzen dutela azpimarratu dute. Bihar, jardunaldi bat eginen dute Civicanen, profesionalontzat, zainketa aringarriak «denen kontua» direla oroitzeko.
