Sergio Sayas, UPNko transfuga zena, Nafarroako PPko kargudunik garrantzitsuenetan bigarrena bihurtuko da. Ondorioztatu badaiteke ere posible dela jauzi horren atzean sari politiko bat egotea, izendatzeko arrazoiak arrazoi, Sergio Sayas izango da alderdiko idazkari nagusi, Amelia Salanuevaren ordez. PPko senatari ohiak, berriz, toki bat izango du zuzendaritzan: legebiltzarren arteko koordinazioaz arduratuko da.
Azken hilabeteetan, alderdi barruan auzitan jarri da Javier Garciaren lidergoa, eta ustea bazen bazitekeela Espainiako PPk hura kargutik kentzea. Udan, zabaldu zen litekeena zela Sayas jartzea haren ordez.
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak hamaika buruhauste ditu, eta erabaki du ez duela nahi Nafarroak buruko minik ematea. Hala, denak kontent uzteko moduko erabakia hartu du. PPk iragarri du hala Sayasen izendapenak nola Salanuevarenak proiektua «biziberritzea» dutela xede.
Javier Garciak, hortaz, beste aukera bat izango du, eta, gauzak okertuz gero, gertu sumatuko du Sayasen itzalaren mehatxua. Garcia pozik azaldu da erabakiarekin, eta iragarri du zuzendaritzaren hurrengo bileran aurkeztuko duela bi kargudunak izendatzeko proposamena. Haren irudiko, «proiektua sendotuko du ,eta alderdia irekiago eta parte hartzaileago» bihurtu.
Nahiz eta Salanueva eta Sayas arerio izan ditzakeen, eskerrak eman dizkie biei, «proiektua sendotzen laguntzeagatik». Sayasi bereziki eskertu dio «aurrerapauso bat eman izana» lurraldearen aldeko konpromisoan. «Baliagarri izango zaigu diputatu gisa eta Kongresuko talde parlamentarioko kontseiluko kide gisa duen esperientzia». Salanuevari, berriz, aitortu dio «lan bikaina» egin duela idazkari nagusi gisa.
Garcia, auzitan
Alta, Salanueva ez da Garciaren konfiantzazko karguduna izan. Izan ere, ustekabean, Salanueva kargutik kendu zuen Garciak otsailean, zuzendaritzaren bilera batean, eta konfiantzazko pertsona bat jarri zuela iragarri. Otsaileko bilera hura hasi baino minutu batzuk lehenago jakin zuen Salanuevak kargugabetzearen berri, eta, krisiak oihartzunik izan ez bazuen ere komunikabideetan, liskarra sortu zen alderdi barruan.
Espainiako PPk geldiarazi egin zuen kargugabetzea, eta, bi hilabete geroago, ordezkari bat bidali, krisi hura konpontzeko asmoz. Bitartean, Ana Beltran aurreko presidentearen gertukoek auzitan jarri dute Garciaren lidergoa, eta, hala, krisiaren oihartzunak alderditik kanpo hedatu.
Orain arte gauzak bere horretan geratu badira ere, azkenik Genovako zuzendaritzak beste aukera bat eman dio Garciari, eta haren nahia bete: Salanueva kargutik kendu du. Hala ere, karguan ordezka dezakeen hautagaia jarri dio alboan.
