Nafarroako Lanbide Heziketako irakasleak greban daude. Hain zuen, Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek hiru lanuztetara deitu dituzte langileak: gaurko, biharko eta etziko. Lehen egunaren balorazioa ere egin dute. Sindikatuen irudiko, «erantzun oso handia» izan du Lanbide Heziketako ikastetxe gehienetan, goizeko zein arratsaldeko txandetan. Halaber, nabarmendu dute ehunka irakaslek «haserrea» erakutsi dutela piketeetan eta elkarretaratzeetan.
Badituzte horretarako arrazoiak, sindikatuek ohar bidez azaldu dutenez: «Greba honen bidez, Lanbide Heziketako irakasleen baldintzak duindu nahi ditugu. Eta hemen gaude bilduta, ehunka profesional, kontseilari jaunari argi eta ozen esateko: harrokeria eta murrizketa gutxiago, eta entzute eta baliabide gehiago».
Biharko ere badituzte deialdiak, eta sindikatuek greban parte hartzea galdegin diete langileei. Piketeak egingo dituzte goizean, eta 09:00etan Iruñeko Baluarte Plazan batuko dira; 12:00etan, berriz, manifestazioa egingo dute, Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren egoitzatik abiatuta.
