Edurne Elizondo
Feminismoari lotutako bidea egin du Pilar Bobesek (Oviedo, Asturias, Espainia, 1948). Emakume elkarteetan egin zituen lehen urratsak, eta MIRaN foroan jarraitu nahi du, orain, lanean. Kezkatzen du egungo egoerak, gazteen arteko matxismoak atzera egin dugula erakusten duelako. “Sistema aldatu behar dugu, baina sistemak ez du aldatu nahi, noski”, laburbildu du.
Nondik heldu da MIRaN foroa?
Proiektu honen jatorria da aspalditik nik eta bertze hainbatek sentitu dugun behar bat. Denok izan gara hainbat elkartetako kide, eta talde horietan saiatu gara foro honen gisako zerbait antolatzen, baina ez dugu lortu orain arte.
Zerk egiten du berezi proiektu hau?
MIRaN sortu dugu bi helburu nagusirekin: batetik, feminismoaren inguruko eztabaida bultzatzeko; eta, bigarrenik, irakurketa feministarako taldea osatu nahi dugu. Analisia egin nahi dugu, gogoeta, feminismoari buruz. Hori ez du inork egin orain arte, eta hutsune hori bete nahi izan dugu. Talde horizontala izan nahi du gureak, eta parte hartzea bultzatu.
Feminismotik abiatuta, ezta?
Hala da. Gurea elkarte feminista da, kide guztiak bagarelako feminista, eta uste dugulako feminismoa, oraindik ere, estigmatizatuta dagoela, eta ezezaguna dela, neurri handi batean. Gutxietsi egin dute.
Feminismoa XXI. mendean ezezaguna dela onartzea ez al da gogorra?
Bada. Baina egia dela uste dut nik. Feminismoa etiketatu egin dute, gutxiesteko. Feminismoa manipulatu egin du sistemak, eta saldu nahi izan du matxismoaren bertze aurpegia dela, feminismoak emakumeon nagusitasuna bilatuko balu bezala. Badakite hori gezurra dela, baina irudi hori saltzen dute, desitxuratzeko. Feminismoak emakumeon ikuspuntutik ikertzen eta ikasten du errealitatea. Historia nork kontatu du orain arte? Gizonek. Orain hasi da emakumeon historia. Orain hasi gara emakumeok gure historia kontatzen.
Zailtasunen gainetik, ezta?
Hala da. Eta zailtasun anitz ditugu, oraindik ere. Populazioaren erdia gara, baina ez gaituzte kontuan hartzen. Legez jasota daude gure eskubideak, baina ez dira betetzen. Sistemak hori bilatzen duelako. Lan mundua, adibidez, emakumeok kontuan ez hartzeko dago antolatuta. Helburua da gu etxean gelditzea. Osasun arloa ere modu berean antolatu dute; beti egon behar du norbaitek etxean, gaixoak zaintzeko,eta norbait hori emakumea izaten ohi da. Gizartearen egituraren helburua da emakumeok gure gain hartu behar izatea guk gizonekin partekatu nahi dugun ardura. Hori da feminismoa.
Ezezaguna dela diozu, oraindik ere; gutxietsi egin dutela. Geldiarazteko?
Egoera halakoxea izateko interesa bada. Manipulazioa izan da gauzak horrela gertatzeko. Sistema matxistak nahi du hori. Errazagoa da erratea emakumeok oihu egiten duten lau katu garela, guk errateko dugunari kasu egin baino. Hortik sortzen dira feminismoa emakumeon nagusitasuna bilatzen duen mugimendutzat jotzeko interesak. Guk berdintasuna nahi dugu, baina benetakoa. Berdintasuna tratuan, aukeretan, arlo guztietan. Legeak ez dira nahikoak. Eguneroko bizitzak ere behar du izan berdintasunezkoa. Eta horrek erran nahi du, adibidez, lan munduan aritzeko aukera berdintasuna behar dugula. Horrek badu zerikusi handia gaur egungo haurrak hazteko ereduekin.
Zer erran nahi duzu?
Erran nahi dut niretzat basakeria galanta direla beren burua feministatzat duten emakume anitz haurrak hazteko bultzatzen ari diren ereduak. Egun guztia dute haurra titian. Nik ez dut uste eredurik egokiena hori denik. Izanen dira bertzelako ideiak, eta horretarako sortu dugu foroa, hain zuzen. Gai horri buruz ariko gara, bertzeak bertze. Nik uste dut horren atzean ere badaudela interes zehatzak. Uste dut anitzek bultzatu nahi dutela gisa horretako eredua emakumea etxean gera dadin. Ezin dugu ahaztu emakumeak, oraindik ere, presio handia jasaten duela ama izateko.
Gizarteak horretara bultzatzen du, oraindik ere?
Hala da. Kontua da gero eta beranduago erabakitzen dutela emakumeek, egun, ama izatea. Ugalkortasun klinikak 40 urte baino gehiagoko emakumez beteta daude, gaur egun. Adinik egokienean haurrak ez izatea erabaki badute, zergatik bilakatzen dira emakumeak ama 40 urterekin baino gehiagorekin? Kasu anitzetan gizartearen presioa hagitz handia delako. Horixe onartzen dute emakume askok. Familiak, lagunek presio egiten dietela. Ematen du haurrik ez badu emakumeak ez duela deustarako balio. Kontuz ibili behar dugu, halako hamaika kontutan sumatzen delako generoaren agindua. Eta ez gara konturatzen! Amak aipatu ditut, baina amonei buruz ere bada zer erran.
Zaintzarena haien ardura ere bilakatzen da, neurri handi batean, ezta?
Nik bilobak baditut, eta maite ditut. Disfrutatzen dut haiekin. Baina nik ez ditut egun osoan zaindu nahi. Ez da hori nire lana. Ez da amonen ardura biloben zaintza. 60, 70 edo 80ko emakumeok ere badugu gure bizitza proiektuak garatzeko eskubidea.
Feminismoan egindako lehen urratsak gogora ekarrita, mugimenduak zer-nolako bilakaera izan du Nafarroan, zure ustez?
Gaizki ari gara neskatoek maitasun erromantikoaren ereduak barneratzen eta printzeen eta printzesen inguruko ipuinak irakurtzen segitzen duten bitartean.
Ez dugu aurrera egin?
Bada datu bat ezin uka daitekeena: 30 edo 40 urtekoen belaunaldietan berdintasun handiagoa dago 20 urtekoen belaunaldian baino.
Kezkatzen zaitu horrek?
Bai, anitz. Gazteen artean indarkeria matxista berpiztu egin da. Patriarkatua betikotzen ahalegintzen da. Sistema aldatu behar dugu, baina sistemak ez du aldatu nahi, noski. Horrek ekarri du egoerak okerrera egitea; atzera egin dugu, berriz ere. Ikaragarria da.
Hezkuntzak huts egin duela erran nahi du horrek?
Huts egin du, hezkidetzaren esparruan ez delako inolako urratsik egin. Landu gabeko esparru bat da. Eta funtsezkoa da feminismoan aurrera egin ahal izateko.
Indarkeria matxistari buruzko legea aldatu zuten duela hainbat hilabete. Arlo horretan egindako lana ontzat ematen duzu?
Legea ona da. Emakumeok parte hartu dugu. Orain ekintza plana garatu behar dute, eta, batez ere, diruz hornitu behar dute. Legeak ez du arazoa konpontzen, hala ere. Hori argi izan behar dugu. Marcela Lagardek dioen bezala, dena den, lege horiek legitimatzen dute eskubide horiek aldarrikatzeko dugun eskubidea.