Bioaniztasun handiko «donut» bat berunezko zulo baten inguruan

Bioaniztasun handiko «donut» bat berunezko zulo baten inguruan

Hautsa. Hotza. Beroa. Idorra. Eta Eurofighter hegazkinak, F-4ak eta F-5ak. Bardeari buruz (Nafarroa) pentsatzean, ohikoa da horiek burura etortzea, baina 42.000 hektarea horietan bada gehiago ere, inguru aberats eta oparoa baita askok basamortu bizigabetzat duten hori. Hain zuzen, eremu horren garrantzia berresteko eta degradaziotik babesteko, Nazio Batuen UNESCO erakundeak biosfera erreserba izendatu zuen Bardea, gaur duela 25 urte.

XXI. mendean sartzear zen mundua, eta Bardearen inguruan zegoen saltsa politikoa oso bestelakoa zen gaur egungoarekin alderatuta. Izan ere, armada bateko gerra hegazkinen entrenamendu militarrerako eremu bat erdi-erdian duen biosfera erreserba bakarra izango da ziurrenik Bardea; eta gaur egun eremu hori ixteak zaila badirudi ere, mende hasieran egoera bestelakoa zen.

Gutxik jakingo dute tiro eremu horren historiari buruz Milagros Rubiok baino gehiago. Hamarkadak daramatza eremu hori ixtearen alde borrokan, eta «donut» gisa definitu du Bardea: paraje natural oparo bat, erdian armada baten tiro gune bat duena. Rubiok gogoan du biosfera erreserba izendatu zutenean puri-purian zegoela tiro eremuaren itxiera; izan ere, 2001. urtean amaitzen zen Espainiako Defentsa Ministerioaren eta Bardearen arteko hitzarmena, eta ituna ez berritzeko eta eremua lehengoratzeko itxaropena zegoela nabarmendu du: «Nafarroan adostasun politiko nahiko handia zegoen tiro eremua itxi zezatela eskatzeko; bakoitzak bere arrazoiak zituen horretarako. Oroitzen dut Miguel Sanz orduko Nafarroako presidente zenak adierazi zuela prest zegoela eremu horren kontrako oposizioaren lider izateko. Uste dut hitz handiak zirela benetako asmo bat baino gehiago, baina horrek garbi uzten du nolakoa zen egoera ordu hartan».

2001eko kolpea

2000. urtean Bardea biosfera erreserba izendatu eta gero, azkenean 2001ean hitzarmena berritu zuten; «izugarrizko kolpea» izan zen, Rubioren hitzetan: «Esan bezala, giro politiko eta sozial handia zegoen eremuaren kontra, baina erabaki zuten ia beste zortzi urteko hitzarmen bat egitea, zera esanda: denbora hori erabiliko zutela eremua lekuz mugitzeko alternatibak bilatzeko. Espainian eta Espainiatik kanpo ikerketak egin zituzten; kanpoan garestiegi ateratzen zitzaien, eta Espainia barruan, noski, inork ez zuen bere inguruan tiro eremu bat izan nahi. Edonora eramanda ere, jendea aurka egongo zen».

Baina hitzarmen hori amaitzean «behin betiko kolpea» jaso zutela azaldu du, PSOEk, Carme Chacon orduko Espainiako Defentsa ministroak bultzatuta, beste hogei urterako hitzarmena sinatu baitzuen. «Zer ondorio uzten digu horrek? Babes neurriek ez dutela balio izan, tiro eremua alde batera utzi baitute. Parke naturalak ez du eremua barne hartzen, biosfera erreserbak ere ez; hori dela eta, donut baten antzekoa da Bardea: zulotxo bat du erdian. Babes figura horiek aplikatzen ez diren bitartean, berdin jarraituko dugu». Espainiako alderdi sozialistak ez ezik, PSNk ere iritzia aldatu zuela azaldu du. Ordura arte UPN ere kontran zegoen, «soilik hitzez bada ere», baina PSNren biraketak lagundu egin zion alderdi erregionalistari berak ere jarrera aldatzeko.

«Urte asko daramatzagu borrokan, helburu nagusia lortu gabe, eta jendeak adorea galdu du»

MILAGROS RUBIO Tiro eremuaren aurkako plataformako kidea

Gainera, tiro eremuaren kontrako borrokak indarra galdu duela uste du. Azaldu duenez, gaur egun Nafarroan ez dago behar besteko «batasun politikorik» eremua ixteko: «Orain ez dago batasun politiko nahikorik defentsa interesen aurrean herritarren interesak defendatzeko. Beraz, eragile eta antolakunde sozialok mobilizatzen jarraitu behar dugu; ez dago besterik».

Rubioren ustez, agintarientzat problematikoagoa zen tiro eremua ixteko neurriak hartzea, ez hartzea baino; horregatik utzi zuten albo batera asmo hori. Azaldu duenez, mende hasieran zegoen presio soziala apalduz joan zen, eta zortzi urte geroago hitzarmena berritzeko garaia iritsi zenean, jendeak esperantza galdu zuen: «Tiro eremua 1951. urtekoa da, eta horren kontrako asanbladak 1988. urtean egin zuen lehen martxa. Urte asko daramatzagu borrokan, helburu nagusia lortu gabe, eta jendeak adorea galdu du». Hala ere, borroka horren garra piztuta mantentzeko beharra dagoela defendatu du.

Gerra hegazkin bat Bardean, 2018an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Basamortu bizia

Baina, tiro eremua alde batera utzita, Bardean badira bioaniztasun handiko hainbat ekosistema. Sustrai Erakuntza Fundazioko kide da Pablo Lorente, eta Bardean ezaugarri partikularrak dituzten zenbait gune daudela azaldu du: «Beti pentsatu izan da soilik Bardea Zurian eta Bardearen inguruko eremuan, baina hori zati bat baino ez da. Iparraldetik hegoaldera, baditugu lehorreko nekazaritza lur emankorrak, non basoilo handiak eta txikian dauden; baso inguruak ere baditugu, sastraka mosaiko handi eta guzti, eta, noski, estepa eremu handiak ere bai».

«Bere garaian hartu ziren neurri batzuk turismoa mugatzeko, baina horiek birpentsatzeko beharra dago»

PABLO LORENTE Sustrai Erakuntzako kidea

Aniztasun horren barruan, estepa eremu horietan estres handia dagoela nabarmendu du Lorentek, turismoaren igoeragatik batez ere. Antza, gero eta turista gehiago joaten da autoz, leku handia izanik nork bere ibilgailua izateak asko errazten baitu ingurumaria bisitatzea. Lorentek azaldu duenez, estepa eremu horiek oso garrantzitsuak dira faunarentzat eta landarediarentzat; hori dela eta, beharrezkoa iruditzen zaio Bardeak dituen babes figura horiek ondo aplikatzea.

«Bere garaian hartu ziren neurri batzuk turismoa mugatzeko, baina horiek birpentsatzeko beharra dago; izan ere, ikusi dugunez, lurraldearen egitura morfologiko batzuentzat oso arriskutsua izan da turistak etortzea, eta estepako hegaztien kontserbazioa ere arriskuan dago». Lorenteren hitzetan, eremu batzuk «turistentzako oroigarri bihurtu dira ia-ia», eta tentsio hori murriztea beharrezkoa iruditzen zaio. Haren ustez, Bardearen desmilitarizazioa ere erronka handi bat da, baita nekazaritza ekologikoa bultzatzea ere.