Hegazti gripea ez zabaltzeko neurriak Hego Euskal Herrira iritsi dira. Ipar Euskal Herrian urriaren 22tik dago indarrean etxeko hegaztiak hesitutako eremuetan giltzapetuta izateko agindua, eta gaur Arabako eta Nafarroako hemezortzi udalerritan sartu da indarrean. Hego Euskal Herriko etxaldeetan ez da gripe kasurik atzeman oraindik, baina hegazti askeekin kontaktua izatea eragotzi nahi da.
Hauek dira debekua bete behar duten Hego Euskal Herriko herriak. Nafarroan Pitillas, Tutera, Arguedas, Valtierra, Viana, Corella, Murchante, Cascante, Ablitas, Barillas, Zarrakaztelu eta Tafalla; eta Araban Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Burgelu, Legutio, Gasteiz eta Zigoitia. Debekuak Euskal Herriko haztegi handienetako bati eragiten dio: Uvesa konpainiak Tuteran duenari, hain zuzen.
Eta zer eragiten du debekuak? Hegaztiak sabaia edo estalkia duten eremuetan soilik haztea. Hori ezinezkoa denean, azpiegitura egokirik ez dagoelako adibidez, jabeak sareak edo oihalak jarri ahal izango ditu hegazti basatien sarrera eragozteko. Ura eta janaria, dena den, estalitako guneetan egon beharko da, hegazti basatiak ez erakartzeko.
Hegazti haztegiak konfinatzeaz gain, araudiak espresuki debekatzen du basa-hegaztiak edo ahate eta antzarak etxeko beste espezie batzuekin batera haztea. Halaber, hegaztiekin egiten diren azokak eta kontzentrazioak debekatu egin dituzte. Dena den, horrelako feriak azaroaren 30era arte debekatuta daude Hego Euskal Herrian behien dermatosi nodular kutsakorraren eraginez.