Berbintzanako agure ermitauaren istorioa

Berbintzanako agure ermitauaren istorioa

Ez ditu hegazti dotoreen edertasun kanonak errespetatzen. Itsusia ala polita begiratzen duenaren begiradan dago. Soilduak ditu burua eta lepoa, eta lumazko gandor luze bat dauka garondoan. Gorrixkak ditu burua eta mokoa —kakoa eta luzea—. Beltz kolorekoa dauka lumajea, metal distiraduna, eta berde eta purpura dirdiraduna. Izen zientifikoa: Geronticus eremita. Grezierazko geron hitzak agure esan nahi du euskaraz. Latinezko eremita hitzak, berriz, ermitau. Izan ere, zimurrez betea du azala, eta arroila arrokatsuetan egiten du habia. Joan den astean Berbintzanako (Nafarroa) urmael txiki batean agertu zenak Giselbert 916 du izena, eta istorio bitxi bat du atzean.

«Txorizaleen sarea geroz eta handiagoa da. Whatsappa dela, bestelako sare sozialak direla… Oso gutxi dira jada isilka mugitzen diren txoriak», azaldu du Juan Deanek, Gorosti natur zientzia elkarteko ornitologoak, umorez. Nafarroako elkarte hori izan zen begiztatzearen berri eman zuena, eta haien Whatsapp taldean dago guztiaren abiapuntua: «Norbaitek jarri zuen: ‘Ibis ermitauen ibilbideari begira aritu naiz, eta haietako bat Berbintzanan gelditu da’. Aplikazio bat dago halakoen berri ematen duena: Animal Tracker. Hegaztiaren izena jartzen duzu, eta non dagoen esaten dizu. Publikoa da».

Berbintzanako ibis ermitauari sakelakoarekin ateratako argazkia. GOROSTI ELKARTEA

Berbintzanan zegoela jakin zuenean, Deanek segituan ezagutu zuen tokia: «Nire emaztearen familiak etxe bat dauka han. Eta esan nion, txantxetan: ‘Aizu, piztia arraro batek lehen aldiz zapalduko du Nafarroa, eta guk ez dugu ikusi behar?’. Emazteak mezu bat bidali zion Berbintzanako familiari, hasi ziren herrian mugitzen, eta handik gutxira zera esan zidan: ‘Badaukat argazkia!’. Hor nonbait, basozain batek atera zuen sakelakoarekin, piztia oso arraroa iruditu zitzaiolako».

Bi ibis ermitau Cadizko arroila batean. EREMITA PROIEKTUA

Gorosti elkartea eBird plataformaren ordezkaria da Nafarroan. Mundu osoko hegaztien behaketak jasotzen dituen datu base erraldoi bat da eBird. «Erregistroan sartzeko, jakin behar genuen nork, noiz eta non ateratako argazkia zen. Baina dena gelditzen da etxean, nire semea baita Gorosti elkartearen izenean plataforma horretan erregistroak egiten dituena».

Horrela bihurtu zen ibis ermitaua Nafarroan ikusitako 363. hegazti espeziea. «Ez da erraza espezie berriak ikustea. Ez da egunero gertatzen. Ikusi zuen inork ez ziola kalterik egiten, tokia egokia zela, jatekoa bazuela, indarrak berreskuratu zitzakeela, eta hegazti migratzaileek egiten dituzten geldialdi horietako bat egin zuen».

Berrogei urte baino gehiago daramatzate Gorostin natur zientziak sustatzen. Hegaztiena alor bat baino ez da. «eBird plataformako kideak garenez, milioi bat eta erdi behaketa baino gehiago dauzkagu erregistratuta. Ikastaroak ematen ditugu, irteerak antolatzen ditugu elkarteekin eta ikastetxeekin, eta hegaztien erroldak ere egiten ditugu. Nafarroan badago ornitologiarekiko afizioa, eta halakoak motibazio bat dira: begiratzen ikasteko, eta begiratzen segitzeko».

Baina nor da Giselbert 916, eta zer egiten zuen Berbintzanan? Miguel Angel Quevedok daki hori, Jerez de la Fronterako (Cadiz, Espainia) zoo botanikoko albaitari eta Eremita proiektuko kideak. Istorio are harrigarriago bat du atzean. Galbidean dagoen espeziea baita ibis ermitaua, eta duela laurehun urte desagertu zen Europan. «Duela 30 urte, 250 ale baino ez zeuden munduan, Marokoko kostaldean», azaldu du Quevedok.

Orduan jo zuten alarma. Munduko espezialista guztiak bildu ziren triskantza hura gerarazteko. Bi neurri proposatu zituzten: Marokoko populazio horri eustea —«eta arrakasta handia izan du horrek: 250 ale haiek zazpiehun inguru dira orain»—, eta espezieen kontserbazioan aritzen diren zooetan zenbait programa garatzea: «Europako sare bateko kide gara. Arriskuan dauden espezieak babesteko programak dauzkagu, eta espezie horietako bat da ibis ermitaua. Duela 35 urte hasi ginen, eta orduan 1.500-1.600 ale zeuden gatibutasunean. Horixe zen paradoxa: gatibutasunean hazitako populazioa handiagoa zela aske zegoena baino».

Gaur egun, bi programa baino ez dira ari ibis ermitauarekin lanean munduan. Europakoak dira biak: Eremita proiektua Cadizen, Andaluziako Gobernuarekin elkarlanean, eta Waldrappteam proiektua Alemanian. Eremita proiektuaren helburua azaldu du Quevedok: «Ibis ermitauen populazio sedentario bat ezartzea, askatu ahal izateko. 2004an hasi ginen lehen aleak askatzen, eta, gaur egun, hirurehun ale inguruko populazio sedentarioa daukagu La Janda inguruan, urte guztian. Ez dute migratzen».

Ezagutzen du beste proiektua ere: «Austrian eta Alemanian ari dira haiek: Johannes Fritzen lantaldea da. Haiek ere espeziea berriro sartzen ari dira, baina populazio migratzaile bat sortzeko».

Quevedok dioenez, ibisak eskuz haztea da bi proiektuen oinarria. «Gure kasuan, beltzez jantzita aritzen gara, eta kasko berezi batzuk jarrita, ibis itxura hartzeko. Giza aztarna desagerrarazteko eta gizakiaren figura distortsionatzeko egiten dugu hori. Aske uzten ditugunean gizakiengana hurbil ez daitezen. Jarduteko modu hori, mozorro hori, oso eraginkorra izan da, eta beste hainbat programatan ari dira erabiltzen».

Ibis ermitau batzuk, haiek hazitako gizakiei segika, Alemaniatik Cadizera bidean, gidatutako migrazioan. EFE

Bitxia da jarduteko modu hori, baina are bitxiagoa da Europa erdialdekoena. Austrian eta Alemanian ere eskuz hazten dituzte ibisak, baina haiek ez dute giza aztarna hori ezkutatzen. Are gehiago, hazkuntza hori pertsonalizatu egiten dute. «Elenak eta Barbarak elastiko horiak janzten dituzte, eskuz hazten dituzte txita guztiak, eta entrenatu egiten dituzte, euren amak balira bezala». Zertarako? «Parapente motordunen zaratara ohitzeko. Izan ere, hegazti horien migrazioa gidatzen dute haiek». Eta zer lortu dute? «Han hazitako hegazti horiek, urri-azaro aldera, Alpeak zeharkatu eta Italiaraino iristea, zaintzaileen parapente motordunei segika. Azken hamabost urteetan migraziorako korridore bat ezarri dute tarte horretan. Lehen bidaia motordun parapenteei segika egiten dute, baina euren kabuz itzultzen dira».

Baina noiz gurutzatu ziren bi proiektuak? Eta nor da Giselbert 916? «Nik miraria esaten diodan hori gertatu zen: Italiara egindako bidaia horietako batean, haietako bat despistatu egin zen, taldetik erabat aldendu, eta Malagaraino etorri zen. Bai, bai, kontatzen ari natzaizun gisan: Malagaraino. Ohartu ginen han zegoela, eta ez zela handik mugitzen. Gugandik hirurehun kilometrora. Waldrappteam proiektukoekin harremanetan jarri ginen, eta amak etorri ziren. Hegaztiari deitu zioten, segituan etorri zen, eta hartu egin zuten. Gure hazitokira eraman genuen, eta gure ibis ermitauekin batera egon zen».

Orduan bururatu zitzaien ideia. «Ideia zoroa, benetan: Alemania-Austria-Italia hegaldia osatu beharrean, Alemania-Austria-Cadiz hegaldia osatzea. Horrek dakarren guztiarekin». Zer dakarren? 50 eguneko bidaia, hemezortzi etapa, eta sekulako esfortzua. «Izan ere, bi taldetan banatuta joaten dira: hegan doazenak, eta haiei segika lurretik doazenak. Hegan doazenak pilotu batekin doaz, eta hegaztien amak joaten dira megafono bat hartuta, hegaztiak estimulatuz. Behean, hemezortzi laguneko beste talde bat. Kanpamentuak muntatzen dituztenak, hegaztiekin batera gaua igarotzeko». Ez sinestekoa.

Waldrappteam proiektuko Elena eta Barbara, ibis ermitauez inguratuta. EFE

2023an egin zuten lehen bidaia elkarlanean, eta, hala, Europa erdialdeko populazio migratzailea eta Cadizko populazio sedentarioa komunikatu zituzten. «Eta bizikidetza bikaina da». Galderak Quevedok berak egin ditu: «Etorri zirenak itzuliko ote dira? Eta itzultzen direnean, gureetako bat eramango dute eurekin? Edo gureek erakarrita, haietakoren batzuk geldituko dira hemen?». Erantzunak ere bereak dira: «2023an egindako bidaia horretako bi hegazti ―600 eta 604 zenbakidunak―, aurten bertan, maiatzean bata eta irailean bestea, jaio ziren tokira bueltatu dira hegan, Europa erdialdera».

Beraz, duela laurehun urte existitzen zen korridore hori berriro sortu da. Baina nor da Giselbert 916? «Europa erdialdean hazitako ibis horietako batzuk horretan hasi dira: Alpeak zeharkatu eta Italiara joan beharrean, Pirinioak zeharkatu eta Mediterraneo aldera joaten, eta handik gurera etortzen. Eta horietakoren bat da Nafarroan agertu den hori». Berbintzanako ibisa.